Egoera Finantzarioak

1. AZTERKETA EKONOMIKO-FINANTZARIOAREN HASIERA

Logo Apnabi

Ikastaro honen helburua da gure enpresan edo negozioan erabakiak hartzeko beharrezkoak diren kontabilitate- eta finantza-kontzeptuak azaltzea, erraz ulertzeko moduan. Enpresa-ideia bat abian jartzeko hautatutako forma juridikoaren arabera, zenbait desberdintasun egon daitezke zerga edo merkataritza-mailan, baina hala ere, enpresaburu orok kontabilitatea eraman behar du, modu ordenatuan.

Dokumentu honetan lantzen dena kontabilitateko kontzeptuak dira, eta enpresak egiten dituen eragiketak ordenatuta izaten lagunduko dute. Kontabilitate deritzogun sistemak sarrerak eta gastuak kudeatzen eta kontrolatzen ditu, bai eta gure negozioa abian jartzeko eskuratzen ditugun elementu guztiak ere.

Hasteko, balantzeaz hitz egingo dugu, eta dokumentu hau une jakin batean gure dirua non eta nola inbertitu dugun islatzen duen mapa izango da. Horregatik, garrantzitsua da jakitea zer ataletan sartu dugun dirua. Esaterako, IKEAren biltegi handi baten adibidea jartzen badugu, altzari handiak, txikiak, logelakoak edo egongelakoak, sukaldekoak… eta osagarri guztiak izango ditugu. Nola antola dezakegu horrelako zerbait, erreferentziarik gabe?

Bada, gauza bera gertatzen da gure enpresarekin: kontabilitateak zenbakizko kodeak ditu, eta kode horiek ordena ematen diote gure biltegian sartu eta bertatik irteten den guztiari, edo gure negozioa abian jartzeko erosi eta une jakin batean gure enpresatik ateratzen den guztiari. Horretarako, kontabilitateko idazpenak erabiltzen ditugu eragiketa bat egiten dugun bakoitzean, eta idazpen guztiek liburu egunkaria osatzen dute, zeina enpresaburu orok nahitaez egin behar duen.

Horrez gain, idazpen batean ezkerreko eta eskuineko aldea bereiztea ere garrantzitsua dela ikusiko dugu; alde horietan “zorra” eta “hartzekoa” bereizten dira, hau da, partida bat zenbatean handitzen edo txikitzen den.

Lehenengo urrats gisa, negozioa abian jartzeko inbertsioa aztertu behar da. Horixe da jarduera bat hasteko lehen urratsa: negozioa martxan jartzeko zer behar dugun eta nola finantzatuko dugun aztertzea. Hasteko, balantzeaz mintzatuko gara.