Egoera Finantzarioak
3. EMAITZA-KONTUAREN AZTERKETA
3.1. Kostu finkoak eta aldakorrak
Lehenik eta behin, gure gastu finkoak eta aldakorrak zein diren ulertu behar dugu.
Gastu finkoak: lokala alokatzeko gastuak, telefonoko eta Interneteko gastuak, aholkularitza-gastuak, publizitate-gastuak, eta abar dira. Beste kontzeptu batzuetako gastu finkoak zehazteko, kontuan hartu behar da horiek zer maiztasunekin ordaintzen diren. Erantzukizun zibileko asegurua eta web-domeinuak mantentzea, adibidez, normalean urtean behin ordaintzen dira, baina maiztasuna urtean behingoa izan arren ez dugu deskuidatu behar gastua egoztean.
Gastu aldakorrak: salmenta bat gauzatuz gero egiten ditugunak dira. Esate baterako, etxebizitza baten jabeak ez badu onartzen pintoreak egindako aurrekontua, hark ez du pintura-poterik erosi beharko, jardueraren ondoriozko gastua baita. Askotan, gastu horiek ez dira detektatzen, eta ondorioz, jardueraren emaitza ez da benetakoa. Enpresak jarduera bat baino gehiago badu, gastu horiek jarduera bakoitzari egoztea izango da egokiena. Horrela, jarduera bakoitzean zer diru-sarrera izan ditugun ikusiko dugu, eta horrek erabakiak hartzen lagunduko digu. Izan ere, litekeena da gure enpresan uste bezain errentagarriak ez diren jarduerak edo negozio-lerroak egotea.
Saltokietan edo txikizkako salmentan, kostu aldakorrak aztertzea funtsezkoa izan daiteke gure negozioak ongi funtzionatzeko. Adibidez, gure jarduera oinetakoen txikizkako salmenta bada, kostu aldakorrak garrantzi handia izango du; kasu horretan, kostu aldakor handiena zapatak erostekoa izango da, eta bigarren mailako kostua izango da poltsak, etiketak eta abar erostekoa, izan ere, horiek ere garrantzitsuak dira, baina maila txikiagoan.