Produktua eta Merkatua

4. LEKUA

4.1. Kokalekua

Negozio bat abiatzeko orduan, kokalekua aztertzea oso alderdi garrantzitsua da, are gehiago tokiko merkatuaren eskariari erantzun nahi badiogu, edo, zehatzago esanda, udalerri bateko auzo bateko eskariari erantzuteko.

Lokala aurkitzea lan nekeza izan daiteke; izan ere, lokalari eskatzen dizkiogun gutxieneko baldintzez gain (m2, kokalekua, keak ateratzeko bideak, hasierako inbertsioa, etab.), lokalak egokia izan beharko du gure jarduerarako.

Lokala dagoen kaleko jendearen joan–etorria ez ezik, etorkizun hurbileko potentziala ere kontuan hartu behar da. Horretarako, garrantzitsua da udaletxera joatea, inguru horretan hirigintza-planik baden ikertzea (adibidez, kalea oinezkoentzat jarriko ote den jakiteko), eta gainera, finkaren administratzailearekin hitz egin behar da, esate baterako jakiteko hurrengo hilabeteetan fatxadan obraren bat egiteko asmoa dagoen, izan ere, litekeena da horrelako lanen ondorioz lokala ezkutuan gelditzea edo terraza jarri ezin izatea.

Beste gomendio interesgarri bat inguruko higiezinen agentzietara joatea da, inguruan beste norbaitek enpresa-ideia bera martxan jartzeko asmoa duen ikertzeko. Nik aukera bat ikusi badut leku horretan, agian beste norbaitek ere bai?