Produktua eta Merkatua
7. BEREZIA: SALMENTA-PUNTUA
7.5. MERKATU-AZTERKETA
Merkatu-azterketa bat egitean, oinarrizko elementu hauek hartu behar dira kontuan:
1) Merkatu-azterketa batean, garrantzitsuena galdetegi
on bat prestatzea eta galderak egiteko lagin on bat hautatzea da,
adierazgarria izan dadin eta informazio horrekin erabaki onak hartu
ditzagun.
Hona hemen inkestan kontuan hartu beharreko elementu batzuk:
- Zure ideia ebaluatzeko esplorazio-saio bat egitea: ezer baino lehen, zure ideia zer iruditzen zaien galdetu behar diezu 8-12 pertsonari. Horrela, beste ikuspuntu batzuk ezagutuko dituzu, eta kontuan hartu ez zenituen alderdiez jabetuko zara inkesta egin aurretik.
- Landa-lana ongi prestatzea: helburua eta xede-bezeroak. Beraz, ongi zehaztu behar duzu nori bidaliko diozun merkatu-azterketa egiteko galdetegia. Ez da gauza bera 65 urteko andre bati edo 14 urteko gazte bati bideo-jokoei buruz galdetzea.
- Zenbat pertsona elkarrizketatuko dituzun erabakitzea: gutxienez 40 erantzun behar dituzu inkesta fidagarritzat hartu ahal izateko.
- Galdetegia nola egingo duzun erabakitzea: informazioa jasotzeko, beste teknika batzuen artean, telefono bidezko elkarrizketa, elkarrizketa pertsonala, online galdetegia, focus group, zundaketa, edo merkatu-proba erabiltzea komeni da.
- Galdetegia behar bezala diseinatzea: funtsezkoa da galdetegi on bat diseinatzea, neurri handi batean haren araberakoa izango baita merkatu-azterketaren kalitatea.
- Galdetegiaren bidez lortutako emaitzak aztertzea: erantzunak lortu ondoren, ezinbestekoa da emaitzak estatistika-tresna baten bidez aztertzea.

2) Garrantzitsuena galdera egokiak egitea da. Hona hemen jarraibide erraz batzuk, galderak idazteko:
- Lehenik, adierazi inkestaren helburua, elkarrizketatuak argi izan dezan.
- Erabili hizkuntza erraza eta sinplea beti.
- Antolatu galderak hainbat bloketan. Egokiena galdetegiak 3 edo 4 bloke izatea da.
- Egin galderarik errazenak hasieran.
- Ez egin 5 galdera baino gehiago bloke bakoitzeko.
- Galdera ireki bakoitzeko, egin 5 itxi, elkarrizketatuak ahalegin handiegia egin behar ez izateko.
- Ez izan anbiguoa.
3) Zer galdera-mota egin behar dira? Bi galdera-mota daude: irekiak eta itxiak. Lehenengoen helburua da inkestatuari buruzko informazio kualitatiboa lortzea, eta bigarrenena, berriz, informazio kuantitatiboa lortzea.
Galdera itxiak izan daitezke:
- Dikotomikoak: bi erantzun bakarrik daude, bai eta ez.
- Hainbat erantzunekoak: hainbat erantzun daude, aukeratzeko. Baztertzaileak izan daitezke, erantzun bakar batek balio badu, edo hainbat erantzunekoak.
- Ponderatiboak: balio-judizioak lortzeko erabiltzen dira, elkarrizketatuari 1etik 5era bitarte puntuatzeko eskatuz.
- Iragazki-galderak: beste galdera baten aurretik egiten dira, inkestatuak hurrengo galderari erantzun behar dion ala ez jakiteko.

Galdetegiaren blokeak lortu nahi dugun informazioaren araberakoak izango dira:
- Produktua edo zerbitzua erabiltzeko asmoa
- Prezioa
- Erosteko asmoa
- Ezaugarrien deskribapena
- Lehiakideak
- Sustapena eta banaketa
Onena da jakin nahi dugun horretara joatea zuzenean, hasieran galdera itxiak eginez, eta amaieran galdera irekiren bat egitea, erabiltzaileen iritzia sakonago ezagutzeko. Gehien interesatzen zaizuna prezioak edo zure produktua sustatzeko modua ezagutzea bada, egin galderen % 80 gai horiei buruz. Eta gainerakoak, erabili bestelako informazioa lortzeko: lehiakideak, erosteko asmoa, ezaugarrien deskribapena, produktua erabiltzeko asmoa…
Galdera-kopuruari dagokionez, kontuan hartu behar dugu zenbat eta galdera gehiago egin, orduan eta aukera handiagoa dagoela inkesta bertan behera uzteko.
Aurreko urratsak zehaztu ondoren, zabalkundea egiteko modua pentsatu besterik ez dugu egin beharko. Gure asmoa bada auzo jakin batean negozio txiki bat jartzea, bezero potentzialak ziurrenik ingurunean biziko dira, eta laginik errazena erreferentzia gisa erabil daitezkeen inguruko beste saltoki batzuetako bezeroak izango dira.
Gaur egun, emaitzak lortzeko tresna errazak eta eraginkorrak daude Interneten.
- Google Docs: ezin hobea da, baldin eta galdetegia bidaltzeko datu-base bat badaukazu. Doakoa eta erabilera errazekoa da. Galdetegia diseinatzeko eta emaitzak interfaze berean jasotzeko aukera ematen du.
- Feebbo: aukera ona da inkesta bidaltzeko datu-baserik ez dutenentzat. Inkesta bidaltzeko kontaktu-base bat erabiltzeko eta segmentatzeko aukera ematen du. Baina lortutako erantzun bakoitzeko ordaindu behar da.
- Survey Monkey: tresna honek galdera-banku bat du, zer galdetu ez dakizunean erabiltzeko.
- Encuesta fácil: Survey Monkeyren antzeko zerbitzua da.
- Typeform: galdetegi-sortzaile hau ezin hobea da mugikorretarako eta tabletetarako. Oso praktikoa da, eta emaitza bisual harrigarria du.
- Limesurvey: doako aplikazio bat da, zerbitzarian instala daitekeena. Maneiatzeko nahiko konplexua da, baina emaitzen analisia asko errazten du. Onena da doakoa dela, eta okerrena da datu-base bat eduki behar dela eta konfiguratzeko nahiko konplexua dela.
Tresna hauek denak merkatu-azterketa bat egiteko inkesta prestatzeko eta haren emaitzak aztertzeko aukera ona dira.
