Forma Juridikoak

8. AUTONOMO IZATEKO LEHEN URRATSAK

8.3. Tokiko administrazioan egin beharreko izapideak


Hurrengo urratsak derrigorrezkoak dira lokal bat ireki behar baduzu, lokalean obrak egin behar badituzu edo titularra nahiz jarduera aldatu behar baduzu. Ez bada kasu horietako bat, ez dira beharrezkoak. Hala eta guztiz ere, lokal bat ireki behar baduzu, aipatutako guztia egin aurretik, garrantzitsua da Udalean galdetzea zer aukera dauden zuk buruan duzun lokal horretan nahi duzun negozioa jartzeko.


LANTOKIA IREKITZEKO LIZENTZIA

Zer da?

Proiektatutako instalazioa indarrean dagoen hirigintza-araudiarekin eta aplikatu beharreko araudi teknikoarekin bat datorrela egiaztatzen duen udal-lizentzia da. Lokal bat ireki behar denean baino ez da eskatu behar.

Jarduerak honela banatzen dira:

Kaltegabeak: eragozpenik eta kalterik sortzen ez dutenak - errazago lortzen dira, eta merkeago.

Kalifikatuak: gogaikarriak, osasungaitzak, kaltegarriak eta arriskutsuak izan daitezkeenak, eta, beraz, lortzen zailagoak eta garestiagoak dira.

Dokumentuak

Inprimaki normalizatua, EJZko alta, lokalaren errentamendu-kontratua edo jabetza-eskritura, eskatzailearen IFZ edo sozietate-eskritura eta IFK, jardueraren eta lokalaren deskribapen-memoria, lokalaren oinplanoaren eta sekzioaren planoak, lokalaren kokapenaren planoa edo krokisa, instalazioen aurrekontua. Gainera, jarduera kalifikatua baldin bada, instalazioen proiektu bat egin beharko da, teknikari eskudunak sinatuta, dagokion lanbide-elkargoak ikus-onetsita eta zuzendaritza fakultatiboarekin; proiektuan honako hauek bildu behar dira: Planoak, Aurrekontua eta Memoria. Irekitzeko lizentzia eman ondoren, kalifikatutako jarduerek funtzionamendu-lizentzia eskatu behar dute.

Epea: lokala ireki baino lehen. Lizentzia emandakoan, jarduerak segidako 6 hilabeteen barruan hasi behar du.

Tokia: Udalean, Barrutiko Udal Batzarrean edo Hirigintzako Udal Kudeatzailetzan, egin beharreko instalazioen eta lokala edo establezimendua kokatuta dagoen eremuaren kalifikazioaren arabera.




OBRA-LIZENTZIA

Zer da?

Lokal, nabe edo establezimendu batean edozein obra egiteko beharrezkoa da. Beraz, lokalik irekiko ez bada edo obrarik egingo ez bada, ez da beharrezkoa izango.

Bi motatakoa izan daiteke:

  • Obra txikiko lizentzia
  • Obra handiko lizentzia

 

Dokumentuak

Obra txikiko lizentziaren kasuan: eredu normalizatua (lizentzia eskatzeko bete behar den agiri ofiziala), obraren egile materialak sinatutako aurrekontua, edo azalpen-memoria, balioetsia eta xehatua, eskatzaileak sinatua, eta tasa Udalaren Diruzaintzan ordaindu izanaren ordainagiria.

Obra handiko lizentzien kasuan: eredu normalizatua (lizentzia eskatzeko bete beharreko agiri ofiziala), Udalaren Diruzaintzan tasa ordaindu izanaren ordainagiriaren kopia, azalpen-memoria eta proiektu teknikoa, baimendutako fakultatibo batek sinatua eta ikus-onetsia.

Epea: obrak amaitu baino lehen. Lizentzia eman ondoren, obrak 6 hilabetera bitarte egin daitezke, lizentzia eman zen egunetik hasita.

Tokia: Udalean, Barrutiko Udal Batzarrean edo Hirigintzako Udal Kudeatzailetzan.



NEGOZIO BATEN TITULAR-ALDAKETA

Zer da? Irekitzeko lizentzia baduen negozio baten titularra aldatzeko, jakinarazitako egintza baten bitartez egin daiteke, baldin eta negozioa martxan badago edo aldaketa egin nahi den dataren aurreko sei hilabeteetan egon bada.

Dokumentuak

Indarrean dagoen irekiera-lizentzia edo exhortoen ziurtagiria, eskatzailearen IFZ edo eratze-eskritura eta IFK sozietateen kasuan, eskualdatze-dokumentua edo aurreko titularraren adostasuna.

Epea: titular berriak jarduerari ekin baino lehen. Titularra aldatu eta segidako sei hilabeteetan hasi behar du jarduerak.

Tokia: Udalean, Barrutiko Udal Batzarrean edo Hirigintzako Udal Kudeatzailetzan.



JARDUERA-ALDAKETA (JARDUERA KALTEGABEEN KASUAN SOILIK)

Zer da?

Jakinarazitako egintza baten bitartez jarduera-aldaketa (jarduera kaltegabe batetik beste batera) egiteko aukera udal bakoitzaren araudiaren araberakoa izango da.

Dokumentuak

Inprimaki normalizatua, indarrean dagoen irekitzeko lizentzia edo exhortoen ziurtagiria, eskatzailearen IFZ edo eraketa-eskritura eta IFK sozietateen kasuan, kokapenaren planoa edo krokisa, lokalaren oinplanoaren eta sekzioaren planoak, jarduera berriaren eta lokalaren deskribapen-memoria, instalazioen aurrekontua.

Epea: jarduera berriari ekin baino lehen. Jarduera aldatu eta segidako sei hilabeteetan hasi behar du.

Tokia: Udalean, Barrutiko Udal Batzarrean edo Hirigintzako Udal Kudeatzailetzan.




Enpresaburu indibidualaren kontabilitateko eta ondare-erantzukizuneko betebeharrak

  • Enpresaburuaren estatutu juridikoa

Enpresaburua, pertsona fisikoa nahiz juridikoa (merkataritza-sozietateak) izan, estatutu berezi bati atxikitzen zaio, eta estatutu hori ezin zaie aplikatu izaera hori ez dutenei.

  • Enpresaburuaren estatutu juridikoak bi betebehar nagusi biltzen ditu:

1. Kontabilitate antolatua eramatea, euren merkataritzako jarduerei egokitua (Merkataritza Kodearen 25.1 art.) Enpresaburuek kontabilitate antolatua eta euren merkataritzako jarduerei egokitua eraman behar dute, eragiketen jarraipen kronologikoa egin ahal izateko; orobat, balantze nahiz inbentarioak egin behar dituzte, aldian-aldian. Horretarako, nahitaezkoa da inbentarioen eta urteko kontuen liburua egitea, baita liburu-egunkaria ere, lege eta xedapen berezietan ezarritakoari kalterik egin gabe. Kontabilitate hori enpresaburuak eraman dezake zuzenean edota horretarako baimena duten pertsonen bitartez, baina enpresaburuak du horren gaineko erantzukizuna. Uste izango da harako baimena eman dela, horren kontrako frogarik izan ezean.

2. Enpresaburua bera eta egintza jakin batzuk Merkataritza Erregistroan erregistratzea .

Merkataritza Kodearen 16.1 art.: Merkataritzako Erregistroaren xedea da ondokoak inskribatzea:

1.- Banakako enpresaburuak.

2.- Merkataritzako sozietateak, nahiz eta aurreragoko artikulu batean banakako enpresaburua salbuespentzat jotzen den.

Merkataritza Kodearen 19.1 art.: Banakako enpresaburuei dagokienez, Erregistroko inskripzioa nahibadakoa da, ontzi-ustiatzailearen kasuan izan ezik. Banakako enpresaburua ez badago inskribatuta, ezin du eskatu Merkataritzako Erregistroan inolako agiririk inskribatzeko, eta, era berean, ezin ditu erabili Erregistro horren lege-ondoreak.



Kontabilitate-betebeharra

Merkataritza Kodearen arabera, enpresaburu oro kontabilitate antolatua eramatera behartuta dago, kronologikoa jardueraren arabera baina inbentarioen eta balantzeen liburua egiteko moduan. Horretarako, nahitaezkoa da inbentarioen eta urteko kontuen liburua egitea, baita liburu-egunkaria ere, lege eta xedapen berezietan ezarritakoari kalterik egin gabe.

Legez ezarritako betebehar horrek ez du salbuespenik: enpresaren tamaina edozein dela ere, eta jarduten den sektore ekonomikoa edozein dela ere.



Derrigorrezko liburuak

  • Merkataritza Kodearen 25. art.: Merkataritza Kodearen arabera, enpresaburua Inbentarioen eta Urteko Kontuen liburua eramatera behartuta dago, baita Liburu-egunkaria ere.
  • Merkataritza Kodearen 28.2 art.: Liburu-egunkariak enpresa jardueraren eragiketa guztiak erregistratu behar ditu egunero. Dena den, baliozkoa da eragiketen kopuruak batera idaztea, hilabetekoak edo epe laburragokoak badira; horretarako, beharrezkoa da eragiketa horien zehaztapenak liburu-egunkariari loturiko beste liburu osagarri batzuetan agertzea.
  • Inbentarioen eta Urteko Kontuen liburua (25.1 art.)

Inbentarioari dagokionez, sozietateen kasuan, pertsona juridikoaren jabetzako aktibo guztia sartzen da inbentarioan; enpresaburu indibidualen kasuan, berriz, pertsona fisiko horren aktiboaren zati bat baino ez da sartzen, enpresa-jarduerari atxikita dagoena, hain zuzen.



Ezkondutako pertsona batek merkataritza-jardueran jardutea

Ezkontzeak ez du murrizten bi ezkontideen jarduteko gaitasuna eta, horren ondorioz, biak izan daitezke enpresaburu, inolako murrizketarik gabe. Ezkontide enpresaburuaren merkataritza-zorren ondoriozko ondare-erantzukizunaren lege-araubidea. Ezaugarri orokorrak, Merkataritza Kodearen 6. artikulutik 11. artikulura bitarte.

6. art.: “Pertsona ezkonduak merkataritzan badihardu, merkataritzako jarduera horren ondorioei lotzen zaizkie ezkontide horren bakarreko ondasunak eta jarduera horren bidez lortutakoak, eta batzuk zein besteak besterendu nahiz hipotekatu egin daitezke. Gainerako ondasun erkideak jarduera horren ondorioei lotzeko, beharrezkoa da ezkontide biek horren gaineko adostasuna ematea.

7. art: Aurreko artikuluak aipatu adostasuna eman dela uste izango da, adostasuna eman behar duen ezkontideak merkataritzako jardueren berri izan, eta horien aurka esanbidez jotzen ez duenean.

8. art: Halaber, 6. artikuluak aipatu adostasuna dagoela uste izango da, ezkontza egiten den garaian, ezkontide bat merkataritzan aritu eta jarduera horri ekiten badio, beste ezkontidearen aurkajartzerik gabe.

9. art: Merkatariaren ezkontidearen bakarreko ondasunak lotzeko, azken horren esanbidezko adostasuna behar da, kasu bakoitzean.

10. art: Merkatariaren ezkontideak askatasunez ezezta dezake aurreko artikuluetan aipatu adostasun esanbidezkoa edo ustezkoa.

11. art: Hirugarrenei begira, 7., 9. eta 10. artikuluek aipatu adostasun-, aurkajartze- eta ezeztatze-egintzak agerrarazi behar dira Merkataritzako Erregistroan inskribatutako eskritura publikoan. Ezeztatze-egintzek ezin die, inola ere, kalterik eragin aurretiaz eskuratutako eskubideei.

12. art.: Aurreko artikuluetan xedatutakoa ulertu behar da, ezkontzako itunetan jasotako kontrako egintzei kalterik egin gabe; ezkontzako itunok behar bezala inskribatu behar dira Merkataritzako Erregistroan.

Beraz, ezkontideek ezkontza-itunak egin badituzte ezkondu aurretik edo ondoren, ezkontzaren araubide ekonomikoa ezkontza-itunetan jasotakoa izango da. Kasu horretan, enpresa-jarduera gauzatzeagatik lortutako ondasun propioen eta erkideen ondoriozko erantzukizuna salbuetsita dago, ezin baita indargabetu ezkontideen borondatez ezkontza-itunetan jasota egon arren.

Itundutakoa hirugarren onustedunak diren merkataritzako hartzekodunen aurka baliatzeko, itunak Merkataritzako Erregistroan erregistratu behar dira, eta ezkontzaren araubide ekonomikoa Merkataritzako Erregistroaren Aldizkari Ofizialean argitaratu.

Edonola ere, ezkon-bizitzan ezkontzaren araubide ekonomikoa aldatzeak ez die kalterik egiten, inolaz ere, hirugarrenek lehendik eskuratutako eskubideei. “Oso ohikoa da, ezkontideetako bat enpresaburua denean, irabazpidezko araubidearen ordez ondasun-banantze araubidea ezartzea ondarearen zati bat hartzekodunen ekintzatik salbatzeko. Ezkontzaren araubide ekonomikoaren aldaketa hori etorkizuneko merkataritza-hartzekodunen aurka balia daiteke Merkataritza Erregistroan erregistratu eta Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik; baina argitaratu aurreko hartzekodunei dagokienez, ezkontzaren araubide ekonomikoaren aldaketa, irabazpidezko sozietatearen desegitea eta likidazioa, eta ondasun erkideen esleipena garrantzirik gabekoak dira: hartzekoak aldaketa argitaratu baino lehen sortuak dituzten hartzekodunei ordaintzeari lotuta jarraituko dute irabazpidezko ondasunek –edo enpresa-jarduera gauzatzearen ondorioz lortutako irabazpidezkoak soilik–, baldin eta beste ezkontidea jardun horren aurka formalki agertu bada edo jardun horretarako emandako baimena ezeztatu bada (Merkataritza Kodearen 6. artikulutik 11. artikulura bitarte). (Iturria: Thomson/civitas argitaletxea).



Ondare-erantzukizunaren hedadura

“Ezkondutako enpresaburu batek enpresa-jardueraren jardunean egindako zorren ondoriozko ondare-erantzukizunaren hedadurari dagokionez, honako hauek ditugu:

-Ondarearen zati bat ezkondutako enpresaburuak hartutako betebeharrak betetzeari atxikita geratzen da beti eta kasu guztietan; hain zuzen ere, enpresaburu horren beraren ondasunak edo pribatiboak eta enpresa-jardueraren jardunean lortutako ondasun erkideak (Merkataritza Kodearen 6. art.).

Enpresaburuaren beraren ondasunen aipamenak ez du interpretazio-arazorik sortzen: ezkon-bizitza hastean enpresaburuarenak diren ondasun pribatiboak ez ezik, gerora doan eskuratu dituenak ere geratzen dira ondare-erantzukizunaren eraginpean.

Arazoa handiagoa da merkataritzaren eta, oro har, enpresa-jardueraren ondorioz lortutako ondasun ekonomikoak zer esan nahi duen interpretatzeko garaian.

Dena dela, arauan argi eta garbi aipatzen da honako hau –eta araua, gainera, aginduzkoa da–: araubide ekonomikoa ondasun-banantzea ez baldin bada, enpresaburuaren beraren ondasunen eta enpresa-jardueraren jardunean lortutako ondasun erkideen erantzukizuna ezin da indargabetu ezkontideek hala nahi dutelako, nahiz eta ezkontza-itunetan jasota egon. Gainerako ondasun erkideak enpresaren zorrei erantzuteko erabiltzera behartzeko, beharrezkoa da ezkontide biek horren gaineko adostasuna ematea.

Adostasun hori esanbidez eman daiteke, edo presuntzioz adierazi. Legeari jarraikiz, adostasuna eman dela ulertuko da bi kasu zehatzetan: ezkontza egiten den garaian, ezkontide bat merkataritzan aritu eta jarduera horri ekiten badio, beste ezkontidearen aurkajartzerik gabe (Merkataritza Kodearen 8. art.), eta, ezkontza egiteko unean merkataritzan aritu ez arren, gerora merkataritzan hasten bada eta adostasuna eman behar duen ezkontideak merkataritzako jardueren berri izan, eta horien aurka esanbidez jotzen ez duenean (Merkataritza Kodearen 7. art.). Presuntzio horien ondorioz, praktikan zera gertatzen da, kasu gehien-gehienetan, ondasun erkide guztiak eta irabazpidezko ondasun guztiak merkataritza-jardunaren ondare-erantzukizunari atxikita geratzen direla.

Enpresaburuaren ezkontidearen ondasun pribatiboei dagokienez, hartutako betebeharrei atxikita geratzeko ezkontide horrek adostasuna eman behar du esanbidez (Iturria: Thomson / civitas).