Lan-kontratuen tipologia

3. IRAUPEN MUGATUKO KONTRATUAK

3.1. Lan edo zerbitzu jakin baterako kontratua

3.1.1. FORMALIZAZIOA, IRAUPENA ETA LANALDIA

Kontratu honen xedea da enpresaren jardueraren barruan autonomia eta ezaugarri berezkoak dituzten lan edo zerbitzuak egitea. Lan edo zerbitzu horiek, denboran mugatuta badaude ere, hasiera batean ez dute iraupen zehatzik izango, eta ezin izango dute hiru urtetik gorako iraupena izan.

Hitzarmen kolektiboetan, enpresaren ohiko jardueraren barruan berezko ezaugarriak dituzten lanak edo zereginak zeintzuk diren identifikatu ahal izango dira, horrelako kontratuekin bete daitezkeenak.


Lanaldia eta iraupena:

Lanaldi osokoa edo lanaldi partzialekoa izan daiteke. Lana edo zerbitzua egiteko eskatzen den denbora iraungo du. Kontratuan iraupen edo epe-muga bat ezartzen bada, orientagarritzat hartu beharko dira, aurretik ezarritakoaren arabera, eta ezingo dira hiru urtetik gorakoak izan. Epe hori beste hamabi hilabetez luzatu ahal izango da, Estatuko sektoreko hitzarmen kolektiboari edo, halakorik ezean, eremu txikiagoko hitzarmen sektorial bati jarraikiz.

Formalizazioa:

Kontratua eta, hala badagokio, luzapenak Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinaraziko zaizkio hitzartu eta segidako hamar egunen barruan.

Kontratua idatziz formalizatu beharko da beti, eta kontratazioaren izaera zehatz-mehatz eta argi eta garbi zehazteaz gain, honako datu hauek behar bezala identifikatu beharko dira: kontratuaren xede den lana edo zerbitzua, kontratuaren iraupena eta egin beharreko lana.


3.1.2. IRAUNGITZEA

Kontratuaren xede den lana edo zerbitzua amaitzen denean iraungiko da kontratua, aldeetako edozeinek aldez aurretik salatuta.

Kontratuaren iraupena urtebetetik gorakoa bada, salaketa egin duen aldeak gutxienez hamabost egun lehenago jakinarazi beharko dio besteari kontratuaren amaiera. Enpresaburuak ez badu epe hori betetzen, kalte-ordaina eman beharko dio, epe hori bete ez den egunei dagokien soldataren baliokidea.

Lana edo zerbitzua burutu ondoren, berariazko salaketarik ez badago eta langileak lanean jarraitzen badu, kontratua isilbidez luzatutzat joko da denbora mugagabez, prestazioa aldi baterakoa dela egiaztatzen duen kontrako frogarik ezean.

Kontratua amaitzean, langileak kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango du, 2012ko abenduaren 31ra arte. Kalte-ordain horren zenbatekoa zerbitzu-urte bakoitzeko bederatzi soldata-egun ordainduz gero aterako litzatekeen zenbatekoaren zati proportzionalaren baliokidea izango da. Zenbateko horri urtero egun bat gehituko zaio, 2015eko urtarrilaren 1era arte eta, azkenean, kalte-ordaina hamabi soldata-egunekoa izango da edo, hala badagokio, aplikatu beharreko araudi espezifikoan ezarritakoa.



3.1.3. BESTE EZAUGARRI BATZUK

Mugagabe bihurtuko da, prestazioa aldi-baterakoa dela egiaztatzen duen kontrako frogarik ezean:

  • Idatzizko formarik ez izatea. Lanaldi partzialeko kontratuaren kasuan, idatzizko formarik ez badu, kontratua lanaldi osorako egindakotzat hartuko da, zerbitzuak aldi-baterakoak direla egiaztatzen duen kontrako frogarik ezean.
  • Gizarte Segurantzan alta ez ematea, probaldiaren iraupena gainditzen duen aldia igaro bada.
  • Amaiera-eguna iritsi, eta aldeetako edozeinek ez badu salaketarik egin eta lanean jarraitzen bada.
  • Lege-iruzurrez egindako kontratuak ere mugagabetzat joko dira.


2012ko abenduaren 30era arte etenaldian geratuko den kasua:

Hogeita hamar hilabeteko epean hogeita lau hilabetez baino gehiagoz, jarraian ala etenaldiekin, kontratatuta egon diren langileak langile finkotzat hartuko dira, betiere enpresa berarekin edo enpresa-talde berarekin izan bada kontratua, lanpostu bererako edo beste baterako, aldi baterako bi kontraturen edo gehiagoren bitartez, dela zuzenean, dela aldi baterako laneko enpresek kontratatuta, iraupen mugatuko kontratu-modalitate berdinekin edo desberdinekin. Hori aplikatuko da, halaber, enpresa-ondorengotza edo -subrogazioa gertatzen denean, legez edo hitzarmen bidez xedatutakoaren arabera.


3.1.4. ARAUDIA

  • Langileen Estatutuaren 15. artikulua; irailaren 17ko 35/2010 Legearen bitartez aldatu zen (irailaren 18ko BOE).
  • 35/2010 Legea, irailaren 17koa (irailaren 18ko BOE).
  • 2720/98 Errege Dekretua, abenduaren 18koa (1999ko urtarrilaren 8ko BOE).
  • 3/2012 Errege Lege Dekretua, otsailaren 10ekoa (2012ko otsailaren 11ko BOE).