Lan-kontratuen tipologia

3. IRAUPEN MUGATUKO KONTRATUAK

3.2. Ekoizpenaren gorabeherengatiko behin-behineko kontratua

3.2.1. FORMALIZAZIOA, IRAUPENA ETA LANALDIA

Merkatuaren unean uneko eskakizunei, zeregin-metaketari edo gehiegizko eskaerei erantzuteko egiten da, nahiz eta enpresaren ohiko jarduera izan. Lanaldi osokoa edo lanaldi partzialekoa izan daiteke.

  • Iraupena

Kontratu horren gehieneko iraupena sei hilabete izango da, hamabi hilabeteko aldi baten barruan.

Arestian aipatutako inguruabarrak gerta daitezkeen jarduera sasoikakoa dela kontuan hartuta, Estatuko sektoreko hitzarmen kolektiboen bitartez edo, halakorik ezean, beheragoko eremuko sektoreko hitzarmen kolektiboen bitartez honako hauek aldatu ahal izango dira:

  • Kontratuaren gehieneko iraupena.
  • Zein alditan egin daitekeen.
  • Bi gauzak.


Nolanahi ere, hitzarmen kolektiboetan ezin izango da ezarri hemezortzi hilabetetik gorako erreferentziako aldirik, eta kontratuaren gehieneko iraupenak ere ezin izango du gainditu aipatutako erreferentziako aldiaren hiru laurden, betiere gehienez hamabi hilabete izanik.

Behin-behineko kontratua legez edo hitzarmen bidez ezarritako gehieneko iraupena baino laburragoa den epe baterako egiten bada, behin bakarrik luzatu ahal izango da, aldeek hala adosten badute, eta kontratuaren guztizko iraupenak ezin izango du gehieneko iraupen hori gainditu.

  • Formalizazioa
Idatziz formalizatuko dira lau astetik gorako iraupena dutenean, eta lanaldi partzialekoak direnean. Hori justifikatzen duen arrazoia edo inguruabarra zehatz-mehatz eta argi eta garbi adierazi behar da, baita, iraupena eta egin beharreko lana ere, besteak beste.

Kontratua eta, hala badagokio, luzapena Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinaraziko zaizkio hitzartu eta segidako hamar egunen barruan.



3.2.2. IRAUNGITZEA

Ekoizpenaren gorabeherengatiko behin-behineko kontratua iraungi egingo da, aldeetako edozeinek aldez aurretik salatuta, hitzartutako denbora amaitzen denean.

Legez edo hitzarmen bidez gehieneko iraupena ezarrita duten kontratuen kasuan, epe hori baino denbora laburragorako hitzartu badira, isilbidez luzatutzat joko dira, dagokien gehieneko iraupenera arte, iraungi aurretik berariazko salaketarik edo luzapenik egin ez bada eta langileak lanean jarraitzen badu. Kontratua amaitzean, langileak kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango du. Kalte-ordain horren zenbatekoa zerbitzu-urte bakoitzeko zortzi soldata-egun ordainduz gero aterako litzatekeen zenbatekoaren zati proportzionalaren baliokidea izango da edo, bestela, aplikatu beharreko arau espezifikoetan ezarritakoa, hala badagokio.



3.2.3. BESTE EZAUGARRI BATZUK

Mugagabe bihurtuko da, prestazioa aldi baterakoa dela egiaztatzen duen kontrako frogarik ezean:

  • Idatzizko formarik ez izatea. Lanaldi partzialeko kontratuaren kasuan, idatzizko formarik ez badu, kontratua lanaldi osorako egindakotzat hartuko da, zerbitzuak aldi-baterakoak direla egiaztatzen duen kontrako frogarik ezean.
  • Gizarte Segurantzan alta ez ematea, probaldiaren iraupena gainditzen duen aldia igaro bada.
  • Amaiera-eguna iritsi, eta aldeetako edozeinek ez badu salaketarik egin eta lanean jarraitzen bada.
  • Lege-iruzurrez egindako kontratuak ere mugagabetzat joko dira.


2012ko abenduaren 30era arte etenaldian geratuko den kasua:

Hogeita hamar hilabeteko epean hogeita lau hilabetez baino gehiagoz, jarraian ala etenaldiekin, kontratatuta egon diren langileak langile finkotzat hartuko dira, betiere enpresa berarekin izan bada kontratua, lanpostu bererako, aldi baterako bi kontraturen edo gehiagoren bitartez, dela zuzenean, dela aldi baterako laneko enpresek kontratatuta, iraupen mugatuko kontratu-modalitate berdinekin edo desberdinekin.



3.2.4. ARAUDIA

  • Langileen Estatutuaren 15. artikulua; irailaren 17ko 35/2010 Legearen bitartez aldatu zen (irailaren 18ko BOE).
  • 2720/98 Errege Dekretua, abenduaren 18koa (1999ko urtarrilaren 8ko BOE).
  • 35/2010 Legea, irailaren 17koa (irailaren 18ko BOE).
  • 3/2012 Errege Lege Dekretua, otsailaren 10ekoa (2012ko otsailaren 11ko BOE).