Lan-kontratuen tipologia
3. IRAUPEN MUGATUKO KONTRATUAK
3.4. Erretiro-adina aurreratzeagatik ordezteko lan-kontratua
3.4.1. FORMALIZAZIOA, IRAUPENA ETA LANALDIA
Kontratu honen xedea langabezian dauden langileak kontratatzea da, erretiroa hartzeko ohiko adina hirurogeita bost urtetik hirurogeita lau urtera aurreratzen duten langileak ordezteko.
- Iraupena
Gutxienez urtebete, hau da, erretiroa hartzen duen langileari gehienez urtebete falta izan behar zaio erretiroa hartzeko ohiko adinera iristeko.

- Formalizazioa
Kontratua hitzartu eta hurrengo hamar eguneko epean jakinaraziko zaio dagokion Enplegu Zerbitzu Publikoari, eta bertan ale bat gordailutuko da; kontratuaren beste kopia bat erretiroa hartzen duen langileari emango zaio, erretiro-pentsiorako eskubidea aitortu behar dion erakunde kudeatzailean aurkez dezan.
Ordezte-kontratua edozein kontratazio-modalitatetan egin ahal izango da, lanaldi partzialeko kontratazioa eta Langileen Estatutuaren 15.1.b) artikuluan aurreikusitako modalitatea izan ezik (produkzioaren gorabeherengatiko behin-behinekoa).

3.4.2. BESTE EZAUGARRI BATZUK
Hirurogeita bost urteko gutxieneko adina murrizteko koefizienteak aplikatzea aurreikusita dagoen kasuetan, hirurogeita lau urteko adinean aplikatuko dira koefiziente horiek.
Kontratua indarrean dagoen bitartean langilea kargutik kentzen bada, enpresak beste langabe batekin ordeztu beharko du, hamabost eguneko epean, kontratuaren gutxieneko iraupenera iristeko geratzen den denborarako, ezinbesteko kasuetan izan ezik.
Hori ez bada betetzen, kontratatutako langileak kargua utzi arte sortutako erretiro-prestazioaren zenbatekoa ordaindu beharko dio enpresak erakunde kudeatzaileari.

3.4.3. MUGAGABE BIHURTZEKO PIZGARRIAK
Erretiro-adina aurreratzeagatik ordezteko kontratuak mugagabe bihurtzen badira, edozein egunetan egiten direla ere, otsailaren 10eko 3/2012 Errege Lege Dekretuan (otsailaren 11ko BOE) ezarritako hobariak baliatu daitezke.
3.4.4. ARAUDIA
- 1194/85 Errege Dekretua, uztailaren 17koa. Enplegua sustatzeko neurri gisa erretiroa hartzeko adina aurreratzeari buruzko arauak (uztailaren 20ko BOE).
- 3/2012 Errege Lege Dekretua, otsailaren 10ekoa (otsailaren 11ko BOE).

