Lan-kontratuen tipologia

3. IRAUPEN MUGATUKO KONTRATUAK

3.5. Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratua


3.5.1. LANGILEEN BETEKIZUNAK

Hamasei urtetik gorako eta hogeita bost urtetik beherako langileekin egin ahal izango da (salbuespenez, hogeita hamar urtetik beherakoekin, harik eta langabezia-tasa % 15etik beherakoa izan arte), baldin eta enplegurako lanbide-heziketaren sistemak edo praktikaldiko kontratu bat egiteko eskatzen den hezkuntza-sistemak aitortutako lanbide-prestakuntzarik ez badute.

Gehieneko adin-muga ez da aplikatuko kontratua desgaitasuna duten pertsonekin egiten denean eta enplegu- eta prestakuntza-proiektuetan parte hartzen duten ikasleekin egindako kontratuen kasuan.



3.5.2. FORMALIZAZIOA, IRAUPENA ETA LANALDIA

Formalizazioa

Idatziz formalizatu beharko da, eta berariaz adierazi beharko da kontratuaren edukia, bai eta prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuko prestakuntza-jarduerarako akordioa ere.

Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinarazi beharko zaio, kontratua hitzartu eta segidako hamar egunen barruan, bai eta kontratuaren luzapenak ere.


  • Iraupena

Kontratuak gutxienez urtebete iraungo du, eta gehienez, berriz, hiru urte. Hala ere, hitzarmen kolektiboaren bitartez kontratuaren bestelako iraupenak ezarri ahal izango dira, eta gutxieneko iraupena ezin izango da sei hilabetetik beherakoa izan, ez eta gehieneko iraupena hiru urtetik gorakoa ere. Kontratuaren iraupen-muga ez da aplikatuko enplegu-prestakuntzako proiektuetan parte hartzen duten ikasleekin egindako kontratuen kasuan.

 

  • Lanaldia

Benetako lan-denbora prestakuntza-jardueretan emandako denborarekin bateragarria izan daiteke, eta ezin izango du gainditu hitzarmen kolektiboan aurreikusitako gehieneko lanaldiaren % 75a, lehen urtean edo % 85a bigarren eta hirugarren urteetan; edo, hitzarmen kolektiborik ezean, legezko gehieneko lanaldiarena. Langileek ezin izango dute aparteko ordurik sartu, Langileen Estatutuaren 35.3 artikuluan aurreikusitako kasuan izan ezik. Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuaren gehieneko iraupena amaituta, enpresa berak edo beste batek ezin izango du langilea modalitate berean kontratatu kontratuari lotutako lanbide-kualifikazioaren xede den okupazio edo lan-jarduera bererako, baina bai beste baterako.

Ezin izango da prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontraturik egin, langile bera kontratuari dagokion lanpostuan lehenago ere aritu bada enpresa berean, hamabi hilabetez baino gehiagoz.


3.5.3. PRESTAKUNTZA-JARDUERA

Langileak prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuari dagokion prestakuntza zuzenean jaso beharko du Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren bosgarren xedapen gehigarrian aipatzen den sareko prestakuntza-zentro batean; Enplegu Sistema Nazionalak aldez aurretik onartu behar du zentroa. Dena den, enpresan bertan ere jaso ahal izango du prestakuntza hori, baldin eta lanbide-gaitasuna edo -kualifikazioa egiaztatzeko instalazio eta langile egokiak baditu; nolanahi ere, horrek ez du esan nahi aipatutako sareko zentroetan prestakuntzaldi osagarriak egin behar ez direnik.

Langileak enpresan egiten duen lana prestakuntza-jarduerekin lotuta egon beharko da. Prestakuntza-jardueretan Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari ez dagokion prestakuntza osagarria jaso ahal izango da, langileen eta enpresen beharretara egokitze aldera.

Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuaren bitartez eskuratutako lanbide-kualifikazioa edo lanbide-gaitasuna Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoan eta hura garatzeko araudian aurreikusitako moduan egiaztatuko da. Araudi horretan ezarritakoaren arabera, langileak dagokion profesionaltasun-ziurtagiria, lanbide-heziketako titulua edo, hala badagokio, egiaztapen partzial metagarria eskatu ahal izango dio administrazio publiko eskudunari.

Erregelamendu bidez garatuko dira langileei prestakuntza-zentroetan eta enpresetan prestakuntza emateko sistema eta prestakuntzaren ezaugarriak, bai eta prestakuntza horren errekonozimendua ere, benetan egindako lanarekin txandakatuta, lanak lotura handiagoa izan dezan langilearen prestakuntzarekin eta ikaskuntzarekin.



3.5.4. PRESTAKUNTZA-JARDUERAREN ARAUBIDE IRAGANKORRA

A)  Egin beharreko benetako lana lanbide-heziketako titulu edo profesionaltasun-ziurtagiri batekin lotuta badago, eta horiek emateko prestakuntza-zentroak badaude, 2011ko abuztuaren 31tik 2012ko otsailaren 12ra bitartean sinatuta.

Prestakuntza-jarduera hasteko:

  • Enpresak eskaera egin behar du, aldez aurretik, Enplegu Bulegoan.
  • Autonomia-erkidegoetako enplegu-zerbitzu publikoek baimena eman behar dute. 
  • Autonomia-erkidegoetako enplegu-zerbitzu publikoek Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren Probintzia Zuzendaritzan eman behar dute baimenaren berri, hobarien aplikazioa kontrolatzeko.

Nork ematen du prestakuntza? Prestakuntza hori emateko moduan dauden prestakuntza-zentroek.

Edukiak: profesionaltasun-ziurtagiriari edo lanbide-heziketako tituluari dagozkionak.

Iraupena: ziurtagirian edo lanbide-heziketako tituluan zehazten dena.

Akreditazioa: Administrazio publiko eskudunari eskatuko zaio profesionaltasun-ziurtagiria, lanbide-heziketako titulua edo egiaztapen partzial metagarria egiteko.

B)  Egin beharreko benetako lana lanbide-heziketako titulu edo profesionaltasun-ziurtagiri batekin lotuta ez badago, eta ez badago prestakuntza-zentrorik horiek emateko moduan, 2011ko abuztuaren 31tik hasi eta 3/2012 Errege Lege Dekretua indarrean sartu (2013ko otsailaren 12a) ondoko hamabi hilabeteetara bitarte sinatuta.

Nork ematen du prestakuntza?

  • Enpresak, zuzenean.
  • Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak baimendutako zentroek.

Gutxieneko edukiak: espezialitateen fitxategian bildutakoak, edo, halakorik ezean, enpresek zehazten dituztenak edo enpresek Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinarazten dizkiotenak, Enplegu Sistema Nazionalaren esparruan balidatzeko. 

Iraupena: Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak lan-jarduerara egokitutako espezialitateetarako ezarritako ordu kopurua errespetatu behar da.

Akreditazioa: bertaratze-ziurtagiria edo ebaluazio positiboa egiaztatzen duen diploma, martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuaren 11.2 artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

Finantzaketa: (erregelamendu bidezko garapena indarrean sartu arte) Gizarte Segurantzako enpresa-kuotetan hobariak emanez. Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioaren 1998ko uztailaren 14ko Aginduaren 9., 10. eta 11. artikuluak aplikatu beharko dira.

 

3.5.5. PIZGARRIAK

Kontratuaren indarraldi osoan –luzapena barne–, Gizarte Segurantzari kontingentzia arruntengatik ordaindu beharreko enpresa-kuotak % 100 murrizteko eskubidea izango dute enpresek, bai eta lan-istripuei eta lanbide-gaixotasunei, langabeziari, soldatak bermatzeko funtsari eta lanbide-heziketari dagozkienak ere, betiere kontratu horiei dagokienez, baldin eta kontratua 250 langile baino gutxiagoko enpresek egiten badute; aldiz, murrizketa % 75ekoa izango da enpresak langile kopuru hori edo handiagoa badu.

Halaber, aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera egindako edo luzatutako prestakuntzarako kontratuetan, % 100eko hobaria izango dute langileek Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuotek, kontratuaren indarraldi osoan –luzapenak barne–.



3.5.6. MUGAGABE BIHURTZEA

Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuen kasuan, kontratu mugagabe bihurtzen badira, edozein egunetan bihurtzen direla ere, eskubidea izango dute Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko enpresa-kuotan urtean 1.500 euroko murrizketa izateko, hiru urtez. Emakumeen kasuan, murrizketa hori urtean 1.800 eurokoa izango da.

Pizgarri horietaz baliatu ahal izateko, baldintzak betetzeaz gain, ez da 43/2006 Legearen I. kapituluaren 1. atalean aurreikusitako salbuespen-kausaren batean egon behar.

 

3.5.7. BESTE EZAUGARRI BATZUK

Langilearen ordainsaria benetan lan egindako denboraren arabera finkatuko da, proportzioan, hitzarmen kolektiboan ezarritakoari jarraikiz, eta inola ere ez da izango lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoa, lan egindako denboraren proportzioan.

Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratatutako langilearen Gizarte Segurantzaren babes-ekintzak kontingentzia, egoera babesgarri eta prestazio guztiak hartuko ditu eraginpean, langabezia barne. Halaber, Soldatak Bermatzeko Funtsaren babesa jasotzeko eskubidea izango da.

Aldi baterako ezintasunak, haurdunaldiko arriskuak, amatasunak, adopzioak edo harrerak, edoskitzaroko arriskuak eta aitatasunak eten egingo dute kontratuaren iraupena, eta martxoaren 27ko 488/98 Errege Dekretuaren 15. artikuluan adierazitako berezitasunekin emango da.

Kontratua amaitzean langileak enpresan jarraitzen badu, ezin izango da beste probaldi bat hitzartu, eta kontratuaren iraupena kontuan hartuko da enpresako antzinatasuna zenbatze aldera.


3.5.8. ARAUDIA

  • Langileen Estatutuaren 11. artikulua, abuztuaren 26ko 3/2012 Errege Lege Dekretuan duen idazkeraren arabera (abuztuaren 30eko BOE).
  • 488/98 Errege Dekretua, martxoaren 27koa (apirilaren 9ko BOE); horren bitartez, Langileen Estatutuaren 11. artikulua garatu zen, prestakuntza-kontratuei dagokienez.
  • Agindua, 1998ko uztailaren 14koa (uztailaren 28ko BOE).
  • Ebazpena, 1998ko urriaren 26koa (abenduaren 8ko BOE).