Lan-kontratuen tipologia

3. IRAUPEN MUGATUKO KONTRATUAK

3.6. Praktikaldiko kontratua

3.6.1. BETEKIZUNAK

Praktikaldiko lan-kontratua unibertsitateko titulua, erdi- edo goi-mailako lanbide-heziketako titulua edo ofizialki baliokidetzat onartutako tituluak dituztenekin egin ahal izango da, indarrean dagoen hezkuntza-sistema arautzen duten legeen arabera; edo lanbidean jarduteko gaitzen duen profesionaltasun-ziurtagiria dutenekin, Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoan aurreikusitakoaren arabera.

Ikasketak amaitu zirenetik bost urte baino gehiago igaro ez izana, edo zazpi urte baino gehiago, kontratua desgaitasuna duen langile batekin egiten denean.



3.6.2. FORMALIZAZIOA, IRAUPENA ETA LANALDIA

  • Formalizazioa

Idatziz formalizatu beharko da, eta berariaz adierazi beharko dira langilearen titulua, kontratuaren iraupena eta praktikaldian bete beharreko lanpostua.

Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinarazi beharko zaio, kontratua hitzartu eta segidako hamar egunen barruan, bai eta kontratuaren luzapenak ere.

                                                                                          


  • Iraupena

Ezin izango da sei hilabetetik beherakoa izan, ezta bi urtetik gorakoa ere; muga horien barruan, sektoreko hitzarmen kolektiboen bitartez kontratuaren iraupena zehaztu ahal izango da.
Praktikaldiko kontratua bi urtetik beherakoa bada, bi luzapen adostu ahal izango dira, gutxienez sei hilabetekoak.

Probaldia gehienez ere hilabetekoa izango da erdi-mailako titulua edo 1. edo 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiria duten langileekin egindako praktikaldiko kontratuen kasuan, eta gehienez ere bi hilabeteko probaldia ezarriko da goi-mailako titulua edo 3. mailako profesionaltasun-ziurtagiria duten langileekin egindako praktikaldiko kontratuen kasuan, hitzarmen kolektiboan xedatutakoa salbu.


Kontratua amaitzean, ezin izango da beste probaldirik hitzartu, eta praktikaldiaren iraupena kontuan hartuko da enpresako antzinatasuna zenbatzeko.


Lanaldi osoko edo lanaldi partzialeko kontratu mugagabe bihurtuz gero, 3/2012 Errege Lege Dekretuan araututako hobariak baliatu ahal izango dira.



3.6.3. BESTE EZAUGARRI BATZUK

Langilearen ordainsaria hitzarmen kolektiboan praktikaldiko langileentzat ezarritakoa izango da eta, halakorik ezean, ezingo da izan lanpostu bera edo baliokidea betetzen duen langile batentzat hitzarmenean finkatutako soldataren % 60 edo % 75 baino txikiagoa, kontratuaren indarraldiko lehen edo bigarren urteetan, hurrenez hurren.

Soldata ez da izango, inolaz ere, lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoa. Lanaldi partzialeko kontratua duten langileen kasuan, hitzartutako lanaldiaren arabera murriztuko da soldata.

Kontratua amaitzean, enpresaburuak ziurtagiri bat eman beharko dio langileari eta, bertan, praktikaldiaren iraupena, betetako lanpostua edo lanpostuak eta horietako bakoitzean egindako zeregin nagusiak adierazi beharko ditu.

Titulazio bera dela eta, ezin izango du enpresa berean edo beste enpresa batean praktikaldiko kontratuarekin egon bi urtez baino gehiagoz.

Kontratua amaitzean langileak enpresan jarraitzen badu, ezin izango da beste probaldi bat hitzartu, eta praktikaldiko kontratuaren iraupena kontuan hartuko da enpresako antzinatasuna zenbatze aldera.

Praktikaldiko kontratua urtarrilaren 27ko 63/2006 Errege Dekretuan (otsailaren 3ko BOE) jasotako prestakuntza bidean dauden ikertzaileekin egiten bada, kontingentzia arruntengatik enpresak Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuotaren % 30eko hobaria emango da urtebetez, aipatutako Errege Dekretuan ezarritako baldintzak betetzen badira.

Ezin izango da praktikaldiko kontraturik egin profesionaltasun-ziurtagiri bat dela-eta, baldin eta enpresa berarekin lehendik egindako prestakuntzarako kontratu baten ondorioz lortu bada profesionaltasun-ziurtagiria.


3.6.4. ARAUDIA

  • Langileen Estatutuaren 11. artikulua, abenduaren 26ko 63/97 Legean duen idazkeraren arabera (abenduaren 30eko BOE); ekainaren 6ko 10/2010 Errege Lege Dekretuaren aldatu zen (ekainaren 17ko BOE).
  • 488/98 Errege Dekretua, martxoaren 27koa (apirilaren 9ko BOE); horren bitartez, Langileen Estatutuaren 11. artikulua garatu zen, prestakuntza-kontratuei dagokienez.
  • 63/2006 Errege Dekretua, urtarrilaren 27koa (otsailaren 3ko BOE).
  • 35/2010 Legea, irailaren 17koa (irailaren 18ko BOE).