Lan-kontratuen tipologia
3. IRAUPEN MUGATUKO KONTRATUAK
3.7. Txanda-kontratua
3.7.1. FORMALIZAZIOA, IRAUPENA ETA LANALDIA
Kontratu mota hori dagokion enplegu-bulegoan langabe gisa erregistratuta dagoen edo enpresarekin iraupen jakineko kontratu bat sinatua duen langile batekin hitzartzen da, erretiro partziala hartu duen enpresako langilea ordezteko. Azken horrekin hitzartutako lanaldi partzialeko kontratuarekin batera egingo da, aldi berean.
Idatziz formalizatuko da beti, eredu ofizialean, eta, bertan, ordeztutako langilearen izena, adina eta inguruabar profesionalak jaso beharko dira, nahitaez.
Kontratua Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinaraziko zaio, hitzartu eta segidako hamar egunen barruan.
Iraupena
Kontratuaren iraupena mugagabea izango da, edo ordeztutako langileari erretiro-adinera iristeko falta zaion denboraren adinakoa. Adin hori betetzean, erretiro partziala hartu duen langileak enpresan jarraitzen badu, iraupen mugatuko txanda-kontratua luzatu ahal izango da, aldeek hala adosten badute, urtebeteko aldietarako. Nolanahi ere, ordeztutako langileak erretiro osoa hartzen duen urteari dagokion aldia amaitzean kontratua iraungi egingo da.
Erretiro partziala erretiro-adinera iritsi ondoren hartu duen langilearen kasuan, langile horrek hutsik utzitako lanaldiaren zatia ordezteko enpresak egin dezakeen txanda-kontratuaren iraupena mugagabea edo urtekoa izan daiteke. Bigarren kasu horretan, kontratua automatikoki luzatuko da urtez urte.
Lanaldia
Txanda-kontratua lanaldi osokoa edo lanaldi partzialekoa izan daiteke. Nolanahi ere, lanaldiaren iraupena ordeztutako langileak adostutako lanaldi-murrizketaren berdina izango da, gutxienez. Txanda hartzen duen langilearen lan-ordutegia ordeztutako langilearen ordutegiaren osagarri izan daiteke, edo aldi berean lan egin ahal izango dute.
Txanda hartzen duen langilearen lanpostua ordeztutako langilearen lanpostu bera izan daiteke, edo horren antzeko lanpostu bat, hau da, lanbide-talde berari edo kategoria baliokide bati dagozkion zereginak egin beharko ditu.

3.7.2. PIZGARRIAK
Lanaldi osoko edo partzialeko hasierako kontratuak mugagabeak izanez gero, abenduaren 29ko 43/2006 Legean (abenduaren 30eko BOE) aurreikusitako Gizarte Segurantzako enpresa-kuotaren hobariak lortzeko eskubidea izango da, betiere arau horretan eta 2.7 artikuluan adierazitako kolektiboen kasuan, abenduaren 30eko 27/2009 Legearen 6.Bi artikuluan (abenduaren 31ko BOE) lanaldi partzialeko kontratu mugagabeetarako emandako idazkeraren arabera. Halaber, otsailaren 10eko 3/2012 Errege Lege Dekretuko (2012ko otsailaren 11ko BOE) pizgarriak jasotzeko eskubidea ere izango dute, ezarritako baldintzak betetzen badira.

3.7.3. IRAUNGITZEA
Kontratua iraungi egingo da ordeztutako langileak erretiroa hartzeko adina betetzen duenean.
Txanda-kontratua indarrean dagoen bitartean langilea kargutik kentzen bada, enpresaburuak beste langabe batekin ordeztu beharko du hamabost eguneko epean.
Txanda-kontratuaren titularrarekin lana partekatzen duen langilea bidegabe kaleratzen bada erretiro-adina bete baino lehen, eta berriz hartzen ez bada, enpresak beste langabe batekin ordeztu beharko du, edo txanda-kontratua duen langilearen lanaldia luzatu.
Aurreko zenbakietan aurreikusitako betebeharrak betetzen ez badira, enpresaburuak bidegabeko kargugabetzearen edo kaleratzearen unetik sortutako erretiro partzialeko prestazioaren zenbatekoa ordaindu beharko dio dagokion erakunde kudeatzaileari.
Aldi baterako kontratuaren kasuan, kontratua amaitzean langileak kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango du. Kalte-ordain horren zenbatekoa zerbitzu-urte bakoitzeko –2011ko abenduaren 31ra arte– bederatzi soldata-egun ordainduz gero aterako litzatekeen zenbatekoaren zati proportzionalaren baliokidea izango da, eta 2015eko urtarrilaren 1a arte urte bakoitzeko egun bat gehituko zaio, hau da, hamabi egun; bestela, aplikatu beharreko arau espezifikoetan ezarritakoa izango da, hala badagokio.

3.7.4. BESTE EZAUGARRI BATZUK
Gizarte Segurantzako kotizazio-oinarria eta harekin batera biltzen diren gainerako ekarpenena lan egindako orduen edo egunen arabera benetan jasotako ordainsariek osatuko dute.

3.7.5. ARAUDIA
- 1132/2002 Errege Dekretua, urriaren 31koa (azaroaren 27ko BOE); horren bitartez, Erretiro mailakaturako eta malgurako sistema ezartzeko neurriei buruzko uztailaren 12ko 35/2002 Legearen hainbat mandatu garatzen dira.
- 43/2006 Legea, abenduaren 29koa (abenduaren 30eko BOE).
- 3/2012 Errege Lege Dekretua, otsailaren 10ekoa (otsailaren 11ko BOE)
