Lan-kontratuen tipologia

3. IRAUPEN MUGATUKO KONTRATUAK

3.8. Lanaldi partzialeko kontratua

3.8.1. FORMALIZAZIOA, IRAUPENA ETA LANALDIA

Lan-kontratua lanaldi partzialekoa dela ulertuko da, baldin eta lanaldi osoan ari den langile konparagarri batek baino ordu gutxiagoko lansaioa (egunean, astean, hilean edo urtean) egitea adostu bada. Lanaldi osoko langile konparagarritzat hartuko da enpresa eta lantoki berean lanaldi osoan ari den langilea, lan-kontratu mota bera duena eta lan berdina edo antzekoa egiten duena. Enpresan ez badago lanaldi osoko langile konparagarririk, aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan aurreikusitako lanaldi osoa hartuko da kontuan edo, bestela, legezko gehieneko lanaldia.

 

Iraupena

Kontratu mugagabeak edo iraupen mugatukoak egin daitezke; azken kasu horretan, edozein kontratu-modalitate baliatu ahal izango da, prestakuntza-kontratua eta erretiro aurreratuagatik ordezteko kontratua izan ezik.

Horretaz gain, lanaldi partzialeko kontratutzat hartzen dira honako hauek:

  • Mugagabeak: enpresaren jardueraren bolumen arruntaren barruan lan finkoak eta aldizkakoak egiteko egiten denean.
  • Iraupen mugatukoak: enpresak eta langileak lanaldia eta soldata gutxienez % 25 eta gehienez % 75 edo % 85 murriztea hitzartzen dutenean, langile erreserbista lanaldi osorako kontratatzen bada iraupen mugagabeko kontratu baten bitartez, Gizarte Segurantzako erretiro-pentsio kontributiborako eskubidea izateko eskatzen diren baldintza orokorrak betetzen dituenean, adina izan ezik –izan ere, abenduaren 4ko 40/2007 Legearen 4. artikuluan ezarritakoaren arabera eskatzen dena baino urte gutxiago izan beharko ditu–; edo, baldintza orokor horiek berdin-berdin betez gero ere, adin hori beteta duenean. Lanaldi partzialeko kontratu hori eta dagokion ordainsaria bateragarriak izango dira Gizarte Segurantzak langileari erretiro partzialagatik aitortzen dion pentsioarekin, eta erretiro osoa hartzean lan-harremana iraungi egingo da.

Erretiroa hartzeko adinera iritsi ez diren langileen kasuan, kontratu hori egin ahal izateko, enpresak lan-kontratu bat egin beharko du, aldi berean, langabezian dagoen langile batekin edo enpresarekin iraupen mugatuko kontratu bat sinatuta duen langile batekin, erretiro partziala hartu duen langileak hutsik utzitako lanaldia ordezteko. Lan-kontratu hori erretiro-adina bete ondoren erretiro partziala hartu duten langileak ordezteko ere egin ahal izango da, eta txanda-kontratua deituko zaio.

Formalizazioa

Kontratua idatziz formalizatu beharko da, nahitaez, erabakitzen den ereduan, eta egunean, astean, hilean edo urtean zenbat lanordu arrunt egingo diren eta nola banatzen diren adierazi beharko da. Hala egin ezean, kontratua lanaldi osorako egin dela ulertuko da, zerbitzuak partzialak direla eta kontratatutako orduen kopurua eta banaketa egiaztatzen duen kontrako frogarik aurkeztu ezean. Gainera, Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinaraziko zaio, hitzartu eta segidako hamar egunen barruan.


Lanaldia

Eguneko lanaldia jarraitua edo zatitua izan daiteke. Lanaldi partzialeko kontratuak eguneko lanaldi osoa baino lanaldi laburragoa eskatzen duenean eta lanaldi hori zatituta egiten denean, eguneko lanaldi horretan etenaldi bakarra egin ahal izango da, hitzarmen kolektiboan besterik xedatzen ez bada. Otsailaren 10eko 3/2012 Errege Lege Dekretua indarrean jartzen denetik aurrera, lanaldi partzialean kontratatutako langileek aparteko orduak sartu ahal izango dituzte.

Legez aurreikusitako aparteko orduak egin ahal izango dituzte, itundutako lanaldiarekiko proportzioan. Aparteko orduak kontuan izango dira kotizazio-oinarrietarako eta prestazioen oinarri arautzaileetarako. Nolanahi ere, ordu arrunten, aparteko orduen eta ordu osagarrien baturak ezin izango du gainditu lanaldi partzialeko lanaren legezko muga.


3.8.2. PIZGARRIAK

Lanaldi partzialeko kontratu mugagabearen hobariak kalkulatzeko, 43/2006 Legeko kolektiboetarako aurreikusitako hobariei kontratuan itundutako lanaldiaren ehuneko bera aplikatuko zaie, portzentajezko 30 puntu gehituta, baina inola ere ezin izango da gainditu aurreikusitako zenbatekoaren % 100a.


3.8.3. IRAUNGITZEA

Lanaldi partzialeko kontratu mugagabeak Langileen Estatutuaren Legearen 49. artikuluan ezarritako legezko arrazoiengatik iraungiko dira.

Iraupen mugatuko lanaldi partzialeko kontratuak Langileen Estatutuaren 49. artikuluaren 1. apartatuaren c) letran ezarritakoaren arabera iraungiko dira; artikulu hori uztailaren 9ko 12/2001 Legearen 3.1 artikuluaren bitartez aldatu zen.

Bitarte-kontratuen eta praktikaldiko kontratuen kasuetan izan ezik, kontratua amaitzean, langileak kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango du. Kalte-ordain horren zenbatekoa zerbitzu-urte bakoitzeko zortzi soldata-egun ordainduz gero aterako litzatekeen zenbatekoaren zati proportzionalaren baliokidea izango da edo, bestela, aplikatu beharreko arau espezifikoetan ezarritakoa, hala badagokio.




3.8.4. BESTE EZAUGARRI BATZUK

Ordu osagarriak

Ordu osagarritzat hartuko dira lanaldi partzialeko kontratuan itundutako ordu arruntei gehitzeko sartu daitezkeela adostu diren orduak. Ordu osagarriak sartzeko, horiei buruzko itun espezifiko bat egin beharko da kontratuan. Iraupen mugagabeko lanaldi partzialeko kontratuen kasuan baino ezin izango dira formalizatu, eta kontratuaren xede diren lanordu arrunten % 15 izango dira, gehienez ere (informazio gehiago, Langileen Estatutuaren 12. artikuluko 5. apartatuan, 12/2001 Legearen 1. artikuluko 6. apartatuan emandako idazkeraren arabera). Sektoreko hitzarmen kolektiboetan ehuneko desberdinak ezarri ahal izango dira, baina ez da izango, inolaz ere, kontratatutako ordu arrunten % 60 baino gehiago. Nolanahi ere, ordu arrunten eta ordu osagarrien baturak ezin izango du gainditu lanaldi partzialeko lanaren legezko muga.

Ordu osagarrien ituna indarrik gabe gera daiteke langileak uko egiten badio, hamabost egun lehenago jakinarazten badu, ituna egin zenetik urtebete igaro ondoren.

 

Ordainsaria

Egunean, astean, hilean edo urtean lan egindako orduen proportzionala izango da, kasuan kasuko jardueraren ohiko lanaldiari dagokionez.

Erretiro partzialaren kasuan, erretiroa hartu duen langilearen ordainsaria bateragarria izango da Gizarte Segurantzak aitortzen dion pentsioarekin.

 

Gizarte Segurantzako kotizazioa

Lanaldi partzialeko kontratuen ondoriozko gizarte-babesa lanaldi partzialeko langilea lanaldi osoko langilearekin parekatzeko printzipioaren arabera arautuko da eta, zehazki, azaroaren 27ko 15/1998 Errege Lege Dekretuaren (azaroaren 28ko BOE) 2. artikuluan azaldutako arauen arabera.

Gizarte Segurantzako kotizazio-oinarria honako hau izango da: lan egindako orduen –arruntak zein osagarriak– arabera benetan jasotako ordainsariak.


3.8.5. ARAUDIA

  • Langileen Estatutuaren 12. artikulua, azaroaren 27ko 15/1998 Errege Lege Dekretuan (azaroaren 28ko BOE) emandako idazkeraren arabera; artikulu hori uztailaren 9ko 12/2001 Legearen 1. artikuluaren (uztailaren 10eko BOE) eta abenduaren 4ko 40/2007 Legearen hogeita bederatzigarren xedapen gehigarriaren (abenduaren 5eko BOE) bitartez aldatu zen.
  • 12/2001 Legea, uztailaren 9koa (uztailaren 10eko BOE).
  • 3/2012 Errege Lege Dekretua, otsailaren 10ekoa (2012ko otsailaren 11ko BOE)
  • 8/2010 Errege Dekretua, maiatzaren 20koa (maiatzaren 24ko BOE).