Lan-kontratuen tipologia

3. IRAUPEN MUGATUKO KONTRATUAK

3.9. Aldizkako kontratu finkoa

3.9.1. FORMALIZAZIOA ETA IRAUPENA

Aldizkako langile finkoen kontratu mugagabea enpresaren ohiko jarduera-bolumenaren barruan aldizka sortzen diren eta data jakinetan errepikatzen ez diren lan finkoak egiteko hitzartzen da.

Aldizkako langile finkoei dagozkien hitzarmen kolektiboetan zehaztutako hurrenkeran eta moduan deituko zaie, eta prozedura hori bete ezean, langileak erreklamazioa egin dezake kaleratze-prozeduran, eskumena duen jurisdikzioan. Horretarako epea deialdirik egin ez diotela jakiten duten unetik aurrera hasiko da.

 

Formalizazioa eta komunikazioa

Kontratu hori idatziz formalizatu beharko da nahitaez, ezartzen den ereduan, eta bertan adierazi beharko da jardueraren gutxi gorabeherako iraupena, bai eta aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboan ezartzen den deialdia egiteko modua eta hurrenkera  ere. Era berean, gutxi gorabehera adierazi beharko dira bai zenbatetsitako lanaldia, bai ordu-banaketa.

Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinaraziko zaio, hitzartu eta segidako hamar egunen barruan.


3.9.2. PIZGARRIAK

Enpresak zein langileak abenduaren 29ko 43/2006 Legean eta otsailaren 10eko 3/2012 Errege Dekretuaren (otsailaren 11ko BOE) 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte, aipatutako arauetan ezarritako pizgarriak jasotzeko eskubidea izango dute.


3.9.3. IRAUNGITZEA

Aldizkako kontratu finkoak Langileen Estatutuaren Legearen 49. artikuluan ezarritako legezko arrazoiengatik iraungiko dira.


3.9.4. BESTE EZAUGARRI BATZUK

Sektoreko jardueraren berezitasunak direla-eta justifikatuta dagoenean, aldizkako kontratu finkoetan lanaldi partzialeko modalitatea erabiltzea erabaki ahal izango da sektoreko hitzarmen kolektiboetan, bai eta aldi baterako kontratuak aldizkako kontratu finko bihurtzeko betekizunak eta berezitasunak ere.