Egoera Finantzarioak

5. FINANTZAKETA

5.3. Epe laburreko finantzaketa

Epe laburreko finantzaketa ulertzeko, beti izan behar dugu kontuan gure negozioaren epe laburra finantzatzea izango duela helburu. Gure negozioa ixtea eragin dezaketen desorekak saihesteko.

Hau da, epe laburreko finantzaketaren helburua izango da gure negozioaren zirkulatzailea finantzatzea, batez ere gure negozioan ditugun izakinak edo bezeroei kobratzeko eskubideak.

Kreditu-erakundeek eman diezazkiguketen kreditu-erraztasunak ulertu ahal izateko, lehenik eta behin, garrantzitsua da bi kontzepturen definizioa ezagutzea.

Zer dira kanbio-letrak eta ordaindukoak?

Bai kanbio-letrak, bai ordaindukoak, kreditu- eta balore-tituluak dira, ordaintzeko edo kobratzeko eskubidea dakartenak, eta pertsonen artean eskualda daitezke. Tituluak berekin dakarren eskubidea erabili ahal izateko, beharrezkoa da tituluaren jabe eta onuradun izatea. Legeak ondasun higigarri gisa tratatzen ditu, eta araudi bera aplikatzen zaie.

Aspaldidanik, kanbio-letrak eta ordaindukoak erabiltzen dira dirua eskualdatzeko eta epe ertaineko edo laburrerako ordainketak geroratzeko tresna gisa. Hala ere, 2008ko finantza-krisiaz geroztik, enpresek nahiago dute zuzenean kobratu, berankortasun-indizea murrizteko.

Hauek dira kanbio-letren eta ordaindukoen ezaugarriak:

  • Ordaindukoa

Izenak berak (gaztelaniaz, pagaré) argi eta garbi adierazten du zer den: ordaintzeko promesa.

Beraz, dirua zor duen pertsonak edo enpresak idazten eta sinatzen du, dagokion zenbatekoa ordaintzeko borondate irmoa adieraziz. Onuradunak jasotzen du, promes sinatu batek ematen dituen legezko berme guztiekin, baina kanbio-letraren betearazpen-indarrik gabe.

  • Kanbio-letra

Letra ordaintzeko agindu bat da, eta agintzen duenak igortzen du. Hirugarren baten alde igortzen da, beraz, tresna triangeluar bat da, hiru partaiderekin: igorlea (ordainketa-agindua igortzen duena), igorpen-hartzailea (eragiketaren zorduna, bere erantzukizuna berariaz onartu behar duena) eta onuraduna edo edukitzailea (kanbio-letra duena, kobratzeko eskubidearen titular legitimo gisa agertuko dena). Hau da, enpresa batek kobratzeko eskubidea du salgai bat saldu duelako, eta aldi berean, enpresa berak dirua zor dio beste bati, egindako erosketagatik. Kanbio-letraren bidez, salgaia erosi dion bezeroaren aurrean duen kreditua (kobratzeko eskubidea) zuzenean lagata, hornitzaileari ordainduko dio egindako erosketagatik; enpresa bezeroak ez badu dagokiona ordaintzen, enpresa hornitzaileak, kanbio-letra daukanez, titulua zuzenean exekuta dezake enpresa bezeroaren aurka.

Zer gertatzen da kobratzeko eskubidea badugu baina une horretan likidezia behar badugu?

Kasu horretan, finantza-erakundeek mekanismo arinak dituzte bi tituluetako bat duen enpresari likidezia emateko.

  • Agindurako kanbio-letren eta ordaindukoen deskontu komertziala.
Kreditu-erakundeak enpresaren kobratze-eskubidearen zenbatekoa ordaintzen du, baina diruzaintzako aurrerakin horren komisioa garrantzitsua da. Kreditu-erakundeek interesak kobratzen dituzte eragiketa horiengatik.

Beste kontzeptu interesgarri bat, enpresentzat oso erabilgarria dena, kreditu-kontuarena da, eta orain, beste bereizketa bat egingo dugu. Alde batetik, gure bankuari kreditu-lerro bat edo kreditu berriztagarri bat eska diezaiokegu:

  • Kreditu-lerroa

Enpresek gehien ezagutzen eta erabiltzen duten kreditu-kontua da, eta notario aurrean formalizatu ohi da. Finantza-erakundeak enpresa bakoitzari kreditu-lerro batean ematen dion zenbatekoa enpresak ordaintzeko duen ahalmenaren araberakoa da. Tresna garrantzitsua da edozein enpresarentzat; izan ere, gastu arruntetarako erabiltzen da, hala nola nominak ordaintzeko, hornitzaileei ordaintzeko, ustekabean makinak konpontzeko, etab.

Gerta daiteke enpresa batek diruzaintzako desorekak izatea bere ordainketa-konpromisoei aurre egiten dienean, oraindik bezero batek ordaintzeko zain dagoelako. Horrelako egoeretan, enpresak kreditu-lerro bat badu, eragiketak normaltasunez egin ahal izango ditu (adibidez, langileei ordaindu), eta ondoren, zain zegoen likidezia jasotzen duenean, hots, bezeroek zor zioten dirua kobratzean, kreditu-lerroan sartuko du, erabilgarria erregularizatzeko.

Kreditu-lerroaren denbora amaitzen denean, oso-osorik estali behar da, bai enpresaren funts propioekin, bai finantza-erakundeak isilbidez berrituta. Gastuak eta komisioak ditu, eta horiek polizan ezartzen dira.

Oro har, kreditu-lerro batek likidezia-fluxu aldakorrak dituzten negozioak abiatzeko edo garatzeko balio du.

  • Kreditu berriztagarria

Kreditu berriztagarri (revolving) bat kuota-kopuru finkaturik ez duen kreditu-eragiketa da. Adibide argiena finantza-erakundeek partikularrei zein enpresei notario aurrean sinatu gabe ematen dizkieten kreditu-txartelak dira.

Bankuak diru-kantitate jakin bat jartzen du erabiltzailearen esku, eta erabiltzen ez badu, ez du ezer ordaindu behar harengatik. Baina erabiltzen hasi orduko, interesak hasten dira, erabilitako kopuruaren arabera.

Kredituok ustekabeko gastuei edo ordainketei aurre egiteko erabili ohi dira. Hauek dira revolving kredituen abantaila nagusiak:

  • Erabiltzen denagatik bakarrik ordaintzen dira tasak.
  • Dirua berehala dago eskuragarri.
  • Kreditua berriz tramiterik egin gabe berrerabil daiteke.
  • Dirua birtualki erabil daiteke, online erosketak egiteko.