Egoera Finantzarioak

Site: Elearning Campus To Business
Course: Enpresa-kudeaketa
Book: Egoera Finantzarioak
Printed by: Guest user
Date: Sunday, 3 May 2026, 5:11 PM

Description

 

1. AZTERKETA EKONOMIKO-FINANTZARIOAREN HASIERA

Logo Apnabi

Ikastaro honen helburua da gure enpresan edo negozioan erabakiak hartzeko beharrezkoak diren kontabilitate- eta finantza-kontzeptuak azaltzea, erraz ulertzeko moduan. Enpresa-ideia bat abian jartzeko hautatutako forma juridikoaren arabera, zenbait desberdintasun egon daitezke zerga edo merkataritza-mailan, baina hala ere, enpresaburu orok kontabilitatea eraman behar du, modu ordenatuan.

Dokumentu honetan lantzen dena kontabilitateko kontzeptuak dira, eta enpresak egiten dituen eragiketak ordenatuta izaten lagunduko dute. Kontabilitate deritzogun sistemak sarrerak eta gastuak kudeatzen eta kontrolatzen ditu, bai eta gure negozioa abian jartzeko eskuratzen ditugun elementu guztiak ere.

Hasteko, balantzeaz hitz egingo dugu, eta dokumentu hau une jakin batean gure dirua non eta nola inbertitu dugun islatzen duen mapa izango da. Horregatik, garrantzitsua da jakitea zer ataletan sartu dugun dirua. Esaterako, IKEAren biltegi handi baten adibidea jartzen badugu, altzari handiak, txikiak, logelakoak edo egongelakoak, sukaldekoak… eta osagarri guztiak izango ditugu. Nola antola dezakegu horrelako zerbait, erreferentziarik gabe?

Bada, gauza bera gertatzen da gure enpresarekin: kontabilitateak zenbakizko kodeak ditu, eta kode horiek ordena ematen diote gure biltegian sartu eta bertatik irteten den guztiari, edo gure negozioa abian jartzeko erosi eta une jakin batean gure enpresatik ateratzen den guztiari. Horretarako, kontabilitateko idazpenak erabiltzen ditugu eragiketa bat egiten dugun bakoitzean, eta idazpen guztiek liburu egunkaria osatzen dute, zeina enpresaburu orok nahitaez egin behar duen.

Horrez gain, idazpen batean ezkerreko eta eskuineko aldea bereiztea ere garrantzitsua dela ikusiko dugu; alde horietan “zorra” eta “hartzekoa” bereizten dira, hau da, partida bat zenbatean handitzen edo txikitzen den.

Lehenengo urrats gisa, negozioa abian jartzeko inbertsioa aztertu behar da. Horixe da jarduera bat hasteko lehen urratsa: negozioa martxan jartzeko zer behar dugun eta nola finantzatuko dugun aztertzea. Hasteko, balantzeaz mintzatuko gara.


2. BALANTZEA: AKTIBOA ETA PASIBOA. NOLA DAGO OSATUTA NIRE ENPRESA?

Enpresa bat sortu nahi duen edonork, bere jarduera gauzatzeko behar duen edo beharko duen guztia aztertu eta idatzi beharko luke. Oso ohikoa da inbertsioaren aurreikuspena iritzira egitea, gutxi gorabehera; horrelakoetan, aurreikuspen baxuegia egin ohi da, eta finantzaketa-iturria zein izango den ebaluatzea falta izaten da.

Horregatik, garrantzitsua da jarduera hasteko ezinbestekotzat jotzen den guztiaren aurrekontua eskatzea. Aurrekontu hori ezinbestekoa izango da finantzaketa bilatzeko, bai eta finantzaketa beharrezkoa den ebaluatzeko ere, izan ere, litekeena da aurrezkia edo ekarpenak kontuan hartuta behar beste diru izatea, finantzaketarik eskatu gabe.

Hasteko, jarraian dagoen irudia aztertuko dugu. Balantzeak gure negozioaren egitura adierazten du, une jakin baterako. Negozio-planean, simulazio bat egingo dugu, gure negozioa jardueraren hasieran nola egongo den eta lehen eragiketen ondoren zer itxura izango duen aztertzeko. Hori hasierako balantzea eta ekitaldi-itxierako balantzea da.



Ikusten denez, balantzeak bi bloke handi ditu: aktiboarena eta pasiboarena. Jarraian, horietako bakoitza azalduko dugu, labur-labur.

Aktiboa – Kontabilitatean, enpresa edo negozio batek dituen ondasunak eta eskubideak dira aktiboak. Aktibo arruntaren edo ez-arruntaren kontzeptuak ulertzeko, agian intuitiboagoa da epe luzeko egitura eta epe laburreko egitura gisa aztertzea.


2.1. Aktibo ez-arrunta – epe luzeko egitura

Epe luzeko egiturak, edo aktibo ez-arruntak, enpresan luzaroan egongo diren ondasun guztiak adierazten ditu.

A.    Ibilgetua

  • Ibilgetu ukiezina: enpresaren elementu iraunkorrak eta ukiezinak dira, hala nola kudeaketa-softwarea, webgunea, irudi korporatiboa, patente bat edo administrazio-emakida bat. Enpresa batek fisikoa (auto, biltegia, etab.) ez den zerbaiti buruz dituen eskubideak dira. Elementu horiek balioa sortzen dute edo sortu dezakete enpresarentzat, eta horregatik, aktiboaren barruan kontabilizatzen dira.

  • Ibilgetu materiala: enpresaren ondasun materialak dira, ikus daitezkeenak, uki daitezkeenak eta trinkotasun fisikoa dutenak. Agian horiek errazago identifikatzen dira, nolabait ukigarritzat jotzen dugun guztia baitira (lursailak eta ondasun naturalak, eraikinak eta lokalak, makinak, altzariak, ordenagailuak, garraio-elementuak, etab.).

  • Amortizazio metatua: instalazioak, makinak, ibilgailuak eta abar ez dira ekitaldi ekonomiko bakarrean erabiltzen, baizik eta hainbat ekitalditan.

    Normalean, elementu horiek balioa galtzen joaten dira denborak aurrera egin ahala, hainbat arrazoirengatik:
  • Elementuak erabiltzean higatu eta narriatu egiten direlako.
  • Modelo berriak agertzean, aurrekoak zaharkituta gelditzen direlako edo jada ez direlako erabiltzen.

Aktiboan, galdu-irabazien kontuan urtez urte gastu gisa sartu diren balio-galeren batura hartu behar da kontuan. Galdu-irabazien atalean, xehetasun gehiago emango ditugu balio-galera kalkulatzeko metodoei buruz.

B.     Ibilgetu finantzarioa: enpresa batek egindako inbertsio finantzario guztiak dira, hala nola beste enpresa batzuei erositako akzioak, obligazioak, bonuak, errenta finkoko baloreak eta horien interesak, eta abar. Hala ere, inbertsio horiek guztiak ibilgetu gisa hartu ahal izateko, modu egonkorrean egin behar dira, hau da, ez dira egin behar arrazoi espekulatiboengatik, eta epe luzekoak izan behar dute.

Aurrekoaz gain, ordaindu beharreko fidantzak eta gordailuak ere sartzen dira, betiere urtebetetik gorako iraupena badute.

2.2. Aktibo zirkulatzailea – epe laburreko egitura

Izakinak: enpresak dituen aktiboak dira, eraldaketa-, txertatze-, ekoizpen- edo salmenta-prozesu baten parte izateko eskuratu direnak.

Kontabilitateko Plan Orokorraren arabera, izakinak kategoria hauetan sailkatzen dira:

  • Komertzialak
  • Lehengaiak
  • Bestelako hornidurak
  • Egiten ari diren produktuak
  • Produktu erdibukatuak
  • Produktu bukatuak
  • Azpiproduktuak, hondakinak eta material berreskuratuak

2.3. Pasiboa eta ondare garbia

Pasiboa: enpresa batek dituen obligazio eta zor guztiak dira. Atal honetan, gure jarduera gauzatzeko behar dugun guztia eskuratzeko erabilitako baliabideen jatorria aztertu behar da.

A.    Ondare garbia: erakundearen baliabide propioen zenbatekoa da, eta funts propioek eta dirulaguntza, dohaintza eta legatuek osatzen dute.

  • Funts propioak: jatorriaren arabera, jarraian adierazitako atalak bereizten dira.

  • Kapital harpidetua: enpresaren baliabide propioak dira, eta kapital harpidetuaren balio osoa adierazten da.

  • Erreserbak: enpresak bere irabazietatik hartu eta ondarea gehituz gordetzen duen dirua da. Merkataritza-enpresek jarduneko urte batzuetan nahitaez egin behar dituzte erreserbak, eta beraz, legezko edo borondatezko erreserbak daude.
    • Enpresaburua banakakoa edo sozietate zibila bada, ez du horrelako eragiketarik egin behar kontabilitatean.

  • Aurreko ekitaldietako emaitza negatiboak: aurreko ekitaldietan izandako emaitza negatiboen zenbatekoa da.
    • Noski, hasierako balantzean ezin da partida hori agertu.

  • Irabazi/galera garbia: itxitako azken ekitaldiko irabaziak edo galerak dira, oraindik aplikatzeke daudenak. Gainerako pasiboari gehitu behar zaizkio, eta galerak badira, berriz, kendu.

* Datu hau finantza-ikuspegitik lortzen da, EMAITZA-KONTUAN.

  • Dirulaguntzak: ondare garbiaren parte diren dirulaguntzak aktibo ez-arrunt baten erosketa finantzatzeko dira.

2.4. Pasiboa – epe luzeko zorrak

B.     Epe luzeko hartzekodunak

  • Kreditu-erakundeekiko zorrak: finantza-erakundeekin epe luzera hartutako zorrak dira.

  • Taldeko enpresekiko eta enpresa elkartuekiko zorrak: urtebetetik gorako epemuga duten zorrak dira, talde bereko enpresen, enpresa elkartuen edo talde anitzekoen aurrean sortuak.


2.5. Pasiboa - epe laburreko zorrak

A.     Bezeroak edo zordunak

  • Bezeroak: enpresa batek bere produktuak edo zerbitzuak erosi dituztenekiko dituen kobrantza-eskubideak dira, edo beste era batean esanda, kontabilitatean sortzen dugun kontua da, harik eta zerbitzua eman diegun edo produktu bat saldu diegun horiek ordaintzen diguten arte.

  • Zordunak: hirugarrenek gure enpresarekin dituzten zorrak jasotzen ditu, baina berezitasun gisa, zor horiek ez dira enpresaren jarduera normaletik sortzen. Ohiko adibide bat da Ogasunarekin dugun gure aldeko saldoa, jasanarazi duguna baino BEZ handiagoa jasan dugunean. Kasu horietan, Ogasunak ez du dirua itzultzen, baizik eta hurrengo hiruhilekoetan konpentsatzeko eskubidea sortu.

B.     Epe laburreko inbertsioak

Gureaz kanpoko beste erakunde batzuen akzioak edo baloreak (kotizatuak edo kotizatu gabeak) dira, urtebete baino gutxiagoko epemuga dutenak.

C.     Erabilgarria

  • Kutxa: atal honetan, enpresak bere kutxan duen diru-kantitatea idatziko dugu.

  • Bankuak: enpresak finantza-erakundeetan gordailututa duen dirua kontabilizatzen du, baina, betiere, diru hori berehala eskuratu badaiteke.

D.     Epe laburreko hartzekodunak

  • Hornitzaileak: lehengaiak, hornidurak, produktuak eta gure jarduerarako beharrezkoak diren beste gai batzuk erostearen ondoriozko zorrak dira.

  • Hartzekodunak: enpresaren martxa onerako beharrezkoak diren baina azken salmentarako ez diren ondasunak edo zerbitzuak (energia, telefonoa, aholkularitza, publizista, etab.) ematen dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak dira.

  • Administrazio publikoak: hemen sartzen dugu zerga-kontzeptuengatik hartzekodun den Ogasun Publikoa, hau da, Ogasunari zor dizkiogun baina ordaintzeke dauden tributuak. Baita jasanarazitako BEZa ere, hots, ondasunak edo zerbitzuak saltzen ditugunean prezioari gehitutako BEZa. Bezeroei kobratu zaien eta Ogasunean sartu ez den BEZ hori kontabilizatzeko, kontu hau sortzen da.  (Ikus FAQ Kontabilitatea)

  • Ordaintzeke dauden ordainsariak: enpresak langileekin dituen zorrak dira, langile-soldatak ez ordaintzeagatik sortzen direnak.

  • Epe laburreko beste zor batzuk: atal honetan hirugarrenekin epe laburrera ditugun betebeharrak sartzen dira, hala nola merkataritza-efektuak, ordaindu beharreko letrak eta abar.

Balantzea zuzen egin bada, aktiboko elementu guztien baturak pasiboko elementu guztien baturaren berdina izan behar du. Hau da, aktiboa = pasiboa.


2.6. Kasu praktikoa

Sarah Martínek oso gogoko du puntua egitea, eta hainbat urte daramatza patroiak egiten eta eskolak ematen bere YouTubeko kanalaren bidez; gero eta jarraitzaile eta eskaera gehiago ditu, eta ekintzailetzara jauzi egitea erabaki du.

Hasteko, dituen jarraitzaile guztien bidez dirua nola lortu dezakeen pentsatu behar izan du; ezagutzen ditu haien gustuak eta haietara iristeko bideak, baina, zaletasun horri etekina atera ahal izateko, konturatu da bere irudia profesionalizatu behar duela, eta online eskolak emateko gela birtual bat eta online denda bat sortu behar dituela.

Orain arte doako kanalak erabiltzen zituen, eta horiek erabiltzen jarraituko du jendea erakartzeko, baina gero, bere webgunera bideratuko ditu. Bertan, honako atal hauek izango ditu, gutxienez:

  • Online denda
  • Ordaintzeko pasabidea
  • Gela birtuala

Horrez gain, sareen bidez marka pertsonal bat sortu du, baina logotipo bat behar du, bidalketetarako packaginga, etab. Horretarako ere inbertsioa egin beharko du.

Azkenik, konturatu da bezeroei zerbitzu ona eman ahal izateko ordenagailu hobe bat eta bere irudi pertsonalarekin bat datozen altzariak eta dekorazioa behar dituela.

Aurrekontua eskatu du, eta emaitza hau da:



Hasierako gogoetaren ondoren, inbertsioaren zenbateko globala kalkulatu ahal izan du:


Horixe izango litzateke inbertsioaren hasierako eskema, baina, nola egingo dio aurre, 3.000 €-ko ekarpena egin badezake?

Ekipamendu informatikoa erosteko, “porte Francés”en eskaintza bat aprobetxatuko du, finantzaketa eskaintzen baitiote 24 hilabetetara interesik gabe. Hortaz, 1.028,5 € egotziko ditu pasiboaren epe luzeko partidan, eta gauza bera pasibo arruntean. Saltoki handi horien finantza-erakundeak mikro-kreditu moduko bat tramitatuko du bere biltegietan erosketak egiteko; 24 hilabete baino gehiago direnez, bitan zatituko da zenbateko osoa, eta pasiboaren barruan, bi lauki desberdinetara eramango da.

Eta altzariak erosteko, ordainketa geroratu egingo du, bi zatitan egiteko, hiru hilabetetara, eta horrela agertuko da pasibo arruntean.


Horixe izango litzateke enpresaren hasierako balantzea.

 

 


2.7. Oreka finantzarioa (maniobra-funtsa)

Behin balantzea eginda, maniobra-funtsaren analisia egin behar da. Hori da egin beharreko irakurketa garrantzitsuenetako bat.

  • Maniobra-funtsa= aktibo zirkulatzailea – epe laburreko pasibo galdagarria


Maniobra-funtsa > 0. Egoera egokia. Maniobra-funtsak positiboa izan behar du, enpresak segurtasun-marjina bat izateko adinakoa.

Baina maniobra-funtsa positiboa izateaz gain, aktibo zirkulatzailearen konposizioa ere aztertu behar da. Adibidez, gerta liteke enpresak maniobra-funts oso handia izatea biltegia produktuz beteta dagoelako, baina horiek saltzeko gai ez izatea.


Maniobra-funtsa = 0. Likidezia oso estua; bezero batek beranduago ordaintzea edo salmentak moteltzea nahikoa izan daiteke enpresak bere ordainketei aurre egin ezin izateko.




Maniobra-funtsa < 0. Likidezia-egoera larria; enpresak bere aktibo zirkulatzailearekin ezin ditu ordaindu epea datorren urtean amaitzen zaien zorrak.

Irudian ikusten denez, pasibo zirkulatzailearen zenbatekoa (urtebeteko epean ordaindu beharreko zorrak) aktibo zirkulatzailearen zenbatekoa (urtebeteko epean diru bihurtuko diren partiden zenbatekoa) baino handiagoa bada, ordainketa-etendura teknikoan egongo gara.

Kasu zehatz horretan, enpresaburuak neurriak hartu beharko ditu egoera erregularizatu ezin duela ikusten badu; enpresa kaudimengabezia-egoeran badago, hartzekodunen konkurtsoa edo ordainketa-etendura deklaratzea planteatu beharko du, eta era horretan, besteak beste, erantzukizun pertsonalak saihestuko ditu.


 


3. EMAITZA-KONTUAREN AZTERKETA

Behin balantzea aztertuta, hots, enpresaren egitura azaltzen digun atala, gure eragiketen emaitza aztertuko dugu. Emaitza-kontua edo galdu-irabazien kontua atalean, gure negozioan egin dugun kudeaketa eta lortu dugun emaitza aztertuko ditugu. Galdu-irabazien kontua, izenak berak adierazten duen moduan, sarreren edo salmenten eta epealdi horretan egin ditugun gastu guztien arteko kenketa da. Bistakoa denez, irabaziak ala galerak izan ditzakegu, kontuan hartuta gastatzen duguna baino diru gehiago lortu dugun ala alderantziz. Segidan landuko dugun eskemari jarraituz, gure gastuak zer ataletan antolatu behar ditugun ikusiko dugu.


3.1. Kostu finkoak eta aldakorrak

Lehenik eta behin, gure gastu finkoak eta aldakorrak zein diren ulertu behar dugu.

Gastu finkoak: lokala alokatzeko gastuak, telefonoko eta Interneteko gastuak, aholkularitza-gastuak, publizitate-gastuak, eta abar dira. Beste kontzeptu batzuetako gastu finkoak zehazteko, kontuan hartu behar da horiek zer maiztasunekin ordaintzen diren. Erantzukizun zibileko asegurua eta web-domeinuak mantentzea, adibidez, normalean urtean behin ordaintzen dira, baina maiztasuna urtean behingoa izan arren ez dugu deskuidatu behar gastua egoztean.

Gastu aldakorrak: salmenta bat gauzatuz gero egiten ditugunak dira. Esate baterako, etxebizitza baten jabeak ez badu onartzen pintoreak egindako aurrekontua, hark ez du pintura-poterik erosi beharko, jardueraren ondoriozko gastua baita. Askotan, gastu horiek ez dira detektatzen, eta ondorioz, jardueraren emaitza ez da benetakoa. Enpresak jarduera bat baino gehiago badu, gastu horiek jarduera bakoitzari egoztea izango da egokiena. Horrela, jarduera bakoitzean zer diru-sarrera izan ditugun ikusiko dugu, eta horrek erabakiak hartzen lagunduko digu. Izan ere, litekeena da gure enpresan uste bezain errentagarriak ez diren jarduerak edo negozio-lerroak egotea.

Saltokietan edo txikizkako salmentan, kostu aldakorrak aztertzea funtsezkoa izan daiteke gure negozioak ongi funtzionatzeko. Adibidez, gure jarduera oinetakoen txikizkako salmenta bada, kostu aldakorrak garrantzi handia izango du; kasu horretan, kostu aldakor handiena zapatak erostekoa izango da, eta bigarren mailako kostua izango da poltsak, etiketak eta abar erostekoa, izan ere, horiek ere garrantzitsuak dira, baina maila txikiagoan.




3.2. kasu praktikoa

“Biglearning SL” enpresak metodologia bat garatu du kontabilitatea azkar eta erraz ikasteko. Enpresa Bizkaian dago, baina ikastaroak Estatuko hiri nagusietan eskaintzen dituzte. Aurrez aurreko ikastaroen negozio-lerrorako, hainbat aukera aztertu dituzte, baina Bizkaiko egoitzako langileen joan-etorrien kostuak ebaluatu ondoren, zerbitzua tokiko profesionalei eskatzea erabaki dute. Horrela bada, adibidez Madrilen taldea osatzen bada, gaian aditua den norbait kontratatuko dute ikastaroa emateko, eta, horrez gain, gai-zerrenda bat (liburua, CDak, etab.) eta lokal alokatu bat beharko dituzte eskolak emateko. Jarraian dagoen taulan, proiektuari gastu horiek nola egotz dakizkiokeen ikusiko dugu, gastu bakoitzeko marjina baloratu ahal izateko.

Aurrez aurreko ikastaroa

Tokiko irakasleak

Material didaktikoa

Lokala alokatzea

Madril

500 €

200 €

350 €

Bartzelona

600 €

200 €

300 €


Madrilgo aurrez aurreko ikastaroaren kostu aldakorrak 1.010 € dira, eta Bartzelonako ikastaroenak, berriz, 1.100 €. Ikastaro bakoitzaren kostu aldakorrak jakinda, errazagoa izango da erabakiak hartzea: ikastaroen PSPa handitzea, gutxieneko ikasle-kopurua handitzea, beste lokal batzuk edo beste langile batzuk hartzeko aukera baloratzea, etab.

Marjina gordina:

Sarrerak

(-) Gastu aldakorrak

(=) Marjina gordina

(-) Gastu finnkoak

= IRABAZIAK


Negozio bateko salmentei kostu aldakorrak kentzen badizkiegu, emaitza negozioaren marjina gordina izango da. Hortik aurrera, jardueraren gastu finko guztiak deskontatu beharko ditugu, eta horrela, jardueraren emaitza jakingo dugu.

Garrantzitsua da azpimarratzea emaitza-kontuak egitura konplexuagoa duela, baina eskema hau lagungarria da datuak modu ulergarrian aztertzeko eta oinarrizko kontzeptuak ulertzeko. (Ikus emaitza-kontua edukiarekin, behean).

Emaitza-kontua zenbakitan aztertzeaz gain, oso garrantzitsua da ehunekotan ere baloratzea, horrela informazio orokorra lortuko baitugu.

Jarraian dagoen eskeman ikus dezakegu hori. Zer gastu finko izango ditugun aztertu badugu, eta kostu aldakorraren ehunekoa kalkulatu badugu, urtean oro har zenbat fakturatu beharko dugun kalkulatu ahal izango dugu.


Azaltzen saiatzen ari garen hau ikusi ahal izateko, eskeman informazioa jarriko dugu.


3.3. kasu praktikoa

“Mylittleboys” haurrentzako zapata-dendaren sustatzaileak, urtero zer diru-sarrera izan beharko dituen jakin nahi du, negozioa martxan jartzea erabaki aurretik.

Hainbat hornitzailerekin harremanetan jarri ondoren, oinetako-salmentaren batez besteko marjina % 55 dela ikusi du. Halaber, kontuan hartu behar du, saltoki guztietan bezala, salgaien zati bat merkealdian edo eskaintzan salduko dela, eta stockaren beste zati bat saldu gabe gelditu. Beraz, bi datu horiek pentsaraz diezagukete negozioaren batez besteko marjina % 55 baino txikiagoa izango dela. Stock gehiena beherapenik gabe saltzea lortzen badugu, negozioaren marjina portzentual globala handiagoa izango da, baina stock handia geratzen bazaigu, edo gehiena merkealdian saltzen badugu, marjina portzentuala nabarmen murriztuko da.

Jarraian, urteko gastu finko guztiak jarriko ditugu; kasu honetan, 30.000 € dira.

Irabazia zero izango dela jarriko dugu, eta hortaz, gastu finkoen eta irabaziaren batura marjina gordinaren berdina izango da, eurotan.

Gastu finkoak + irabaziak = marjina gordina

Ikusten denez, eragiketa behetik gora egiten da.

Grafikoan, marjina gordinaren emaitza 30.000 € da.

Kontuan hartzen badugu gorago merkealdiari eta abarri buruz esandakoa, errealistagoa izango da % 33ko marjina portzentuala hartzea. Marjina gordin unitarioa marjina portzentualaz zatitzen badugu, automatikoki kalkulatuko dugu gure diru-sarreren zenbatekoa eurotan: 90.909.09 €.



Sarrerak kalkulatu ondoren, gainerako eragiketak erraz egin ditzakegu. Kontuan hartu behar dugun lehenengo gauza da diru-sarrerak beti % 100a izango direla ehunekoen zutabea kalkulatzeko orduan.

Kalkulu erraz honi esker, sustatzaileak modu arrazionalagoan hartu ahal izango ditu erabakiak. Saldu ahal izango dut kopuru hori? Nire denda fisikoan ez ezik, Interneten ere saldu beharko dut? Zenbakizko kalkuluaz gain, hausnarketa horiek ere egin behar dira.


3.4. Itopuntua, errentagarritasun-muga eta oreka-puntua

 

Aurreko definizio guztiak sinonimoak dira, eta enpresa batek une jakin batean irabazia zero izateko saldu behar duen gutxieneko unitate-kopurua deskribatzen dute.

Aurreko ariketek termino ekonomiko hau azaltzen lagunduko digute; izan ere, oinarrizko kontzeptuak aztertu ondoren (diru-sarrerak, gastu aldakorrak eta gastu finkoak), errazagoa izango da itopuntua zer den azaltzea.

Aurreko terminoek, guztizko kostuak eta diru-sarrerak berdintzen diren unea adierazten dute. Baina, zer dira guztizko kostuak?

Guztizko kostuak gastu finkoen eta gastu aldakorren batura dira.

Diru-sarrerak = guztizko gastuak = gastu finkoak + gastu aldakorrak

Itopuntuaren kontzeptua grafiko baten bidez adieraz daiteke; bertan, diru-sarreren zuzena eta guztizko gastuen zuzena elkartzen diren puntua da. Puntu horretatik gora dagoen guztia, gure negozioaren irabaziak izango dira.


Aurreko atalean adierazi diren kontzeptu guztiak enpresaren emaitza operatiboaren parte dira. Emaitza operatiboa aztertu ondoren, hau da, enpresa batean epe jakin batean egin diren eragiketa (ekintza) guztiak.


3.5. Ustiapenaren emaitza (EBIT edo Zerga Aurreko Irabazia)

Jarraian, amortizazioei buruz hitz egingo dugu. Termino horren bidez, ibilgetuaren urtez urteko balio-galerak enpresarentzat duen kostu ekonomikoa kuantifikatzen da. Kontabilitateko partida hori emaitza-kontuan adierazten da ekitaldi-itxiera guztietan, eta emaitza murrizten du.

Eta zein da emaitza-kontuan adierazten dugun amortizazioaren eta aktiboan adierazten dugun amortizazio metatuaren arteko aldea?

Bada, amortizazio metatua urtez urte emaitza-kontuan adierazi diren amortizazioen batura da.

Behin amortizazioak kenduta, ustiapenaren emaitza lortuko dugu. Garrantzitsua da amortizazioen terminoa eta emaitza-kontuan duten garrantzia ulertzea, izan ere, diruzaintza txikitzen ez duen kontabilitate-gastua da.

3.6. Zerga aurreko emaitza (EBT)

Gure hiztegian gero eta termino anglosaxoi gehiago daude, eta horregatik, parentesi artean ingelesezko siglak aipatu dira: Earns Before Taxes, hau da, zerga aurreko emaitza.

Emaitza hori aurreko ataleko ustiapenaren emaitza da, +/- sarrera/gastu finantzarioak. Enpresa-jarduera orotan egon daitezke kreditu-erakundeekin erlazionatutako gastuak, hala nola mailegu baten interesak, edo enpresak egindako finantza-inbertsioen ondoriozko sarrerak, hala nola gordailu edo inbertsio-funts baten etekinak.


3.7. Zerga aurreko emaitza

Enpresaren forma juridikoaren arabera, ehuneko jakin batez biderkatuko dugu. Merkataritza-sozietate bat eratu duten enpresetan, oro har, tasa orokorra % 24 da, eta mikroenpresetan eta enpresa txikietan, berriz, % 20.

Esteka honetan, kasu horietan aplika daitezkeen tasak, murrizketak eta kenkariak laburbiltzen dira.

https://web.bizkaia.eus/es/web/educacion-tributaria/impuesto-sobre-sociedades-is- 

Ehuneko horretan zenbait doikuntza txiki egin daitezke kenkari fiskalak lortzeko, halakorik balego.

Ohiko eskeman oinarrituta (ikus beheko grafikoa), errazagoa da enpresak merkataritza-sozietateetan ordaindu beharreko zenbatekoa azaltzea, kasu horretan ehunekoa finkoa edo estatikoa baita. Banakako enpresaburuen eta Sozietate Zibil/Ondasun Erkidegoen kasuan, berriz, zerga progresiboa da eta ohiko eskemarekin kalkulatzea konplexuagoa da. Azpiko estekan, aldeak errazago uler ditzakegu.

https://web.bizkaia.eus/es/web/educacion-tributaria/impuesto-sobre-la-renta-de-las-personas-fisicas-irpf

3.8. Emaitza-kontua


3.9. Kasu praktikoa

Lola eta Maria marraztea maite duten bi lagun dira, eta hormetarako papera diseinatzen hasi dira; izan ere, dekorazioko profesionalek gero eta gehiagotan eskatzen dizkiete ideia sortzaileak, eta enpresa bat sortzea erabaki dute. Dagoeneko badute izen komertziala, WallpaperLOMA, eta bi pertsona izanik, ahalik eta forma juridiko errazenarekin sortuko dute enpresa: sozietate zibila izango dira.

Orain arte ez zuten soldatarik aurreikusten, dena hobby gisa hasi baitzen, baina orain modu profesionalean jardun nahi dute, eta hori izango dute lehen zeregina: produktuen prezioa kalkulatzea, kostu guztiak kontuan hartuta.

Jauzi hori emateak eragingo dizkien gastu guztiak aztertu dituzte, eta soldataz gain, kontuan hartu dute biltegia duen lokal txiki bat alokatu beharko dutela beren produktuak gordetzeko. Gainera, webgunea mantentzeko gastuak ere aintzat hartu behar dituzte, izan ere, webgunearen bidez egingo dizkiete salmentak azken bezeroari edo dekorazio- eta eraberritze-lanak egiten dituztenei.

Gainera, aholkularitza bat eta erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatu beharko dituzte, eta finantza-erakundeak besteak beste online dendarako ordainketa-pasabide bat izateagatik kobratuko diena kontuan hartu beharko dute.

Aurreko gastu guztiak jardueraren kostu finkoetan sartuko ditugu:


Lehen analisia egin ondoren, merkaturatu zituzten lehen produktuen PSParen inguruan hausnartu dute: agian baxuegia izan zen? Eta hau pentsatu dute: behin jendeak beren produktuak prezio jakin batean ezagutzen dituenean, ezin dutela prezio hori bikoiztu. Beraz, irtenbide posibleetako bat izan daiteke diseinuak paperean inprimatzeko kostu aldakorrak murriztea. Orain arte, inprimategi txiki batekin lan egiten zuten, baina bezero gehiago izango badituzte, ekoizpena eta epeak ziurtatu beharko dituzte, eta merkeago ekoitzi beharko dute marjina gordina handiagoa izan dadin.


Aurreko taulan oinarrituta, % 33ko batez besteko kostu aldakorra aukeratuko dugu, diseinu geometrikoak baitira gehien saltzen direnak.

Gainera, lehen urtean 70.000 € inguruko sarrerak izan ditzaketela kalkulatu dute, eta finantza-erakundeak diru-sarreren bolumenaren % 1eko komisioa eskaini die. Ekipamendu informatikoaren, softwarearen eta webgunearen amortizazioa 200 euro izatea ere aurreikusi dute. Hori guztia honela irudikatuko genuke emaitza-kontuan:


Oso garrantzitsua da kontabilitateko informazioa zenbakitan eta ehunekotan adierazita egotea, gasturik adierazgarriena zein den jakiteko, izan ere, funtsezkoa izan liteke enpresak irauteko.


4. KONTABILITATEARI BURUZKO FAQ

Behin kontabilitateko kontzeptu batzuk ezagutzen ditugunean, sarritan zalantzak sortzen dira, gastu bat zer den eta ordainketa bat zer den, eta normalean uste izaten dugu bankuan kentzen duen guztia gastua dela edo emaitza-kontuan gastu gisa jartzen dugun guztiak bankuko kontuan dugun diru-kopurua txikitzen duela.

Lehen azaldu dugun moduan, amortizazioak kontabilitate-gastu bat dira, eta diruzaintza ez dute aldatzen, baina emaitza bai.

  • Nola kalkulatzen dira amortizazioak?

Ohikoena da gure negozioko ibilgetuaren elementu bakoitzari balio-bizitza bat ematea. Kasu honetan, gure inbertsioak zer elementu dituen aztertu beharko dugu, hau da, ikusi beharko dugu gure negozioko elementuren baten balio-bizitza teknologiaren bilakaera azkarraren mende ote dagoen: ekipo informatikoak, makinak, softwarea, eta abar; edo erabileraren ondorioz higatzen diren elementuak ote dauzkagun, hala nola furgoneta bat edo kamioi bat salgaiak garraiatzen dituen enpresa batean. Bi kasuetan garrantzitsua da balio-bizitza hori zehaztea, kasu batzuetan urte-kopuruaren arabera, edo, garraio-elementuen kasuan, urtebetean egiten den kilometro-kopuruaren arabera.

Jarraian, pare bat adibide jarriko ditugu:

Ordenagailu bat erosi dugu 2.420 €-an, eta 4 urteko balio-bizitza izango duela jotzen dugu.



Ikusten denez, lehenengo atalean, ikusi behar da erosketaren zer zati den BEZa, eta zer zati zerga-oinarria. Zerga-oinarriaren zenbatekoa kalkulatutako balio-bizitzaz zatituko dugu. Eta ekitaldi bakoitza ixtean, amortizazioa adieraziko dugu emaitza-kontuan.

Maiz, galdera hau egiten da: balio-bizitza igaro ondoren, kasu honetan 4 urte, elementua baztertu behar dugu?

Eta erantzuna ezezkoa da: ordenagailuak funtzionatzen badu, gure negozioan erabiltzen jarraitu dezakegu, baina aurrerantzean ez da egongo elementu horri lotutako kontabilitate-mugimendurik. Ezingo dugu jarraitu kontabilitateko gastu gisa adierazten.

  • Eta BEZa, gastua da?

Bankuko kontuen saldoa ikustean, ohiko beste akats bat da une horretan bankuan dugun diru guztia gure diru-sarrerak direla pentsatzea.

Garrantzitsua da gogoratzea enpresak hiruhileko batean BEZetik jaso duen dirua ez dela inoiz haren diru-sarreren parte izango.

Subjektu pasiboak dira enpresaburu edo profesional diren pertsona fisikoak edo juridikoak, zergak ordaindu behar dituzten ondasunak edo zerbitzuak ematen dituztenak.

Enpresaburuek, zerbitzuak ematen dituztenean, BEZa jasanarazten dute, eta hori bezeroak ordaindu behar du; hortaz, enpresaburuak zerga-bilketa bakarrik egiten du, nahiz eta subjektu pasiboa ere baden (hau da, erantzukizuna enpresaburuarena da). Hala, Ogasunak enpresaburuari zenbateko hori eskatzen dio, baina bezeroak ordaindu izango du faktura baten bidez.

Hirugarrenei zerbitzuak ematen dizkieten negozio gehienetan, BEZaren kalkulua honela adierazten da.








Horrela irudikatuta, ikus dezakegu Ogasunarekin sortutako kontuek ez dutela zerikusirik gure diru-sarrerekin edo salmentekin, hots, emaitza-kontuan islatzen diren datuekin.

Gogoratu behar da eredu honek BEZa sortzen duten jarduera profesionalak dituzten banakako enpresaburu eta merkataritza-sozietate guztietarako balio duela; baina badaude BEZik sortzen ez duten jarduerak ere, hala nola hezkuntzarekin edo osasunarekin lotutakoak.

Epeei eta obligazioei dagokienez, arestian aipatutako arauak aplikatzen zaizkien enpresek BEZaren aitorpena egin behar dute hiru hilean behin, beren kontabilitate-erregistroarekin, eta BFAk ezarritako eredua aurkeztu behar dute adierazitako epean.

Beste alde batetik, banakako enpresaburu batek edo Sozietate Zibil/Ondasun Erkidego batek zuzentzen dituen txikizkako saltokiak daude; horiei ez dagokie adibideotan adierazitakoa, eta baliokidetasun-errekarguaren erregimena aplikatzen zaie.

Prozedura honela laburbil daiteke:

Hornitzaileek dagokion BEZa gehi baliokidetasun-errekargua jasanarazten diote merkatariari fakturan, bereizita eta honako tasa hauetan:

  • % 21eko tasa orokorreko artikuluak: % 5,2ko errekargua
  • % 10eko tasa murriztuko artikuluak: % 1,4ko errekargua
  • % 4ko tasa super-murriztuko artikuluak: % 0,5eko errekargua

Baliokidetasun-errekarguaren erregimenean, merkatariak ez du inolako sarrerarik egin behar jarduerarengatik, baina bai Europar Batasunaren barruko eskurapenengatik, subjektu pasiboa denean inbertsio eta higiezinen salmenta zergapetu eta salbuetsi gabeengatik, non eta ez diren egiten bermea exekutatzeko.

Kalkulatutako BEZaren beste salbuespen bat erregimen sinplifikatua da, hau da, moduluen erregimena.

BEZaren erregimen sinplifikatuaren ezaugarri nagusia da urteko gutxieneko kuota bat kalkulatzen dela, eta horren arabera, diru-sarrera finkoak egiten dira hiru hilean behin. Horrela, askoz errazagoa da BEZaren aitorpena egitea. Izan ere, kopuru finko bat likidatzen da, salmentak eta fakturazioa edozein direla ere. Hala ere, ekitaldiaren amaieran azken kopurua erregularizatzen da, ekitaldian izandako benetako negozio-bolumenaren arabera doituz.

Baina azken kasu horretan, hitzartutako kuota ordaindu behar du enpresaburuak.

  • Sortzapen-printzipioa. Noiz kontabilizatu behar da gastu edo diru-sarrera bat, oraindik ordaindu edo kobratu ez bada?

Sortzapen-printzipioa kontabilitateko arau bat da, eta ezartzen du transakzioak edo egitate ekonomikoak horiek gertatzen diren unean erregistratu behar direla, kontuan hartu gabe noiz ordaindu edo kobratu diren.

Sortzapen-printzipioaren helburua da enpresa baten urteko kontuek argi eta garbi adieraztea enpresaren epealdi horretako ondarea, finantza-egoera eta emaitza ekonomikoak, eta gastuak eta sarrerak urteko kontuei dagokien aldiari egozten zaizkio, kontuan hartu gabe noiz ordaindu edo kobratu diren.

Noiz gertatzen den sortzapena fiskalitatean? Ikusi jarraian:

https://www.bizkaia.eus/ogasuna/guregida/fitxabisorea.asp?Tem_Codigo=7884&dpto_biz=5&codpath_biz=5|3405|7884&IdPublicoMostrar=1326&IdPublicoMostrarAnterior=1322

  • Kutxa-irizpidearen erregimen berezia

Erregimen hau 2014an sartu zen indarrean, eta Ekintzaileei Laguntzeko Legearen bidez aplikatutako neurrietako bat izan zen.

Beren borondatez erregimen horri atxikitzen zaizkion ETEek eta autonomoek ez diote Ogasunari aurreratu behar kobratu gabeko fakturen BEZa. Era berean, erosketetan jasandako BEZaren kenkariari dagokionez, hornitzaileei ordainketa egin arte geroratzen da.

  • Banakako enpresaburua banaiz, kontabilitatea eraman behar dut, era ordenatuan?

Kontabilitateak erabakiak hartzen laguntzen dio edozein enpresari (haren egitura eta tamaina edozein izanda ere), eta gainera, kudeaketa fiskala errazten du, aurreko adibidean BEZaren kasuan ikusi den bezala. Pentsa daiteke jarduera batean oso eragiketa gutxi egiten badira ez dela beharrezko kontabilitatea eramatea. Baina azpimarratu behar da kasu horietan ere komenigarria dela, eta beharrezkoa ere izan daitekeela, duela urte batzuetatik derrigorrezkoa baita Bizkaiko Foru Aldundiari eragiketa ekonomikoen liburua aurkeztea.

  • Merkataritza-sozietateek obligazio bereziak dituzte:

MERKATARITZA-SOZIETATEEN NAHITAEZKO LIBURUAK

  • Liburu Egunkaria: enpresak ekitaldian egunez egun egindako eragiketa guztiak erregistratzen dira bertan.
  • Inbentario Liburua eta Urteko Kontuak.



Urteko kontuak hamabi hilean behin egiten dira, salbu eta sozietatea eratzen denean, ekitaldia ixteko data aldatzen denean edo hura desegiten denean.

Enpresaburuak edo administratzaileek egin behar dituzte, eta horien ardura da kontuak egiazkoak izatea; gehienez ere hiru hilabeteko epea dago, ekitaldia ixten denetik zenbatzen hasita, eta Batzar Nagusian onartu behar dira, ekitaldia ixten denetik sei hilabeteko epean gehienera jota.


5. FINANTZAKETA

Atal honek lotura estua du balantzeko pasiboarekin. Hasieran azaldu den moduan, proiektu bati ekiten zaionean, materiala, ekipo informatikoa eta abar erosi behar dira, hau da, inbertsioa egin behar da, eta horretarako dirua behar da.

Nola finantzatu dezakegu gure proiektua?

5.1. Epe luzeko finantzaketa: kreditu-erakundeen maileguak

Finantza-erakundeek, hau da, kutxa edo banku deritzenek, hainbat eratako maileguak ematen dizkiete enpresei. Alde batetik, epe laburreko finantzaketa eta epe luzeko finantzaketa daude. Maileguaren izaeraren eta finantzatuko duenaren arabera, era batekoa ala bestekoa izango da finantzaketa.

  • Epe luzeko maileguak:

Epe luzeko maileguak urtebetetik gorakoak dira, eta gure aktiboak epe luzera finantzatzea dute helburu, oreka egon dadin.

Hauek dira kontuan hartu behar ditugun oinarrizko kontzeptuak:

  • Interes-tasa nominala (ITN): bankuek gordailu, ezarpen, mailegu, kreditu eta hipoteken kontratuetan erabiltzen eta jakinarazten diguten tasa da, eta epe jakin batean diruaren balio-aldaketagatik ordaindu beharreko interesak islatzen ditu.

Mailegatutako diruagatik ordaindu beharreko ehuneko finkoa da interes-tasa nominala. Bankuak dirua lagatzeagatik jasoko duen ehunekoa adierazten du.

Produktu finantzario baten benetako kostua adierazten duen interes-tasa da, hau da, ez du kontuan hartzen eragiketari lotutako inolako gasturik, baizik eta soilik finantza-erakundearekin eragiketarako adostu den interesa. UTBak ez bezala, ITNak ez du zertan urtebetekoa izan, eta hilean, hiru hilean edo sei hilean behingoa izan daiteke, edo finantza-erakundearekin hitzartutako maiztasunekoa.

  • Urteko tasa baliokidea (UTB): mailegu bat negoziatzeko garaian, beste datu garrantzitsu bat da. Izan ere, tasa horren bidez kalkulatzen da kostu erreala, kontuan hartuta epeak, komisioak, gastuak eta ordainketen maiztasuna. UTBa kalkulatzeko, formula matematiko bat erabiltzen da, eta bertan sartzen dira ITNa, banku-komisioak, ordainketen maiztasuna eta eragiketaren gastuak. Banku- eta finantza-erakundeek, legez, maileguen baldintzen berri eman behar diete bezeroei, eta kontratatu aurreko informazioan, kontratuetan eta produktuen publizitatean UTBa zehaztu behar dute.

Aurreko guztiagatik, UTBa erabiltzen da merkatuko eskaintzak alderatzeko eta abantailatsuena hautatzeko, tasa horren bidez jakiten baita kredituaren benetako kostua.

  • Gabealdia: batzuetan, finantza-erakundeek gabealdi bat eskain dezakete jardueraren hasieran, bereziki proiektua martxan jartzeko denbora apur bat behar duten enpresei edo profesionalei. Normalean, bi gabealdi-mota eskaintzen dira:
  • Amortizazio-gabealdia: epe jakin batean, maileguaren interesak soilik ordainduko dira, baina mailegatutako kapitala amortizatu gabe; beraz, epe horretan, gure hileko kuota txikiagoa izango da (nahiz eta maileguan ez dugun ezer amortizatuko).
  • Erabateko gabealdia: epe jakin batean, kuota ordaintzeari utziko diogu erabat, hau da, ez dugu ordainduko ez interesik, ezta kapitalaren amortizaziorik ere.

Gabealdia eskatzea tentagarria izan daitekeen arren, horrek esan nahi du maileguaren muga-eguna atzeratu egingo dela ondasuna erabiltzen dugun bitartean, eta beraz, amortizazio-aldia luzeagoa izango da, eta interesak handiagoak.

Hasierako finantza-egoeraren arabera, gabealdia eskatzea komeni izango da, ala ez.

  • Ordaindu beharreko kuota: zorraren amortizazioa gehi ordura arte sortutako interesak dira.

Kreditu bereziak daude enpresetarako, eta horiek abian jartzeko. Esteka honetan, ikusi ICO (Kreditu Ofizialeko Institutua) lerroen ezaugarri nagusiak eta horiek kudeatzen dituzten erakundeak:

https://www.ico.es/web/ico/ico-empresas-y-emprendedores/-/lineasICO/view?tab=general


5.2. Epe luzeko finantzaketa: rentinga eta leasinga

Kreditu-erakundeetan eska ditzakegun maileguez gain, beste bi formula daude gure ibilgetua finantzatzeko: rentinga eta leasinga. Normalean, bi kontzeptu horiek garraio-elementuak edo makinak finantzatzeko erabiltzen dira, eta enpresan emango zaion erabileraren arabera, bata ala bestea aukeratzen da.

Leasinga finantza-kontratu bat da, eta haren bidez, enpresa batek ondasun baten erabilera beste bati lagatzen dio denboraldi jakin baterako, maiztasun jakin bateko kuoten truke. Kontratua amaitzean, errentariak (ondasuna erabiltzen ari denak) ondasuna erosteko aukera du.

Rentinga leasingaren antzekoa da, hau da, enpresa batek ondasun baten erabilera beste enpresa edo partikular bati lagatzen dio denboraldi jakin baterako, kuota batzuen truke, baina rentingean, errentatzaileak (ondasunaren erabilera lagatzen duenak) ondasunaren gastu guztiak ordaintzeko konpromisoa hartu behar du, eta gainera, kontratua amaitzean, ez dago hura erosteko aukerarik.

Abantailak eta aldeak:

Hauek dira rentingaren edo leasingaren arteko alde nagusiak, abantaila edo desabantaila izan daitezkeenak:

1.      Mantentze-zerbitzua: leasingeko kontratuan, beste konpainia batekin kontratatu behar da mantentze-zerbitzua, errentariak ordaindu behar baititu gastu horiek; rentingean, berriz, errentatzaileak bere gain hartu behar ditu gastu guztiak, ondasuna egoera onean egon dadin, eta hori abantaila bat da errentariarentzat.

2.      Xedea: leasingean, ondasuna enpresaren jarduera ekonomikorako erabili behar da; rentingean, berriz, ez dago betebehar hori. Zentzu horretan, leasinga enpresarientzat da soilik, eta rentinga, berriz, edozein pertsonak kontratatu dezake.

3.      Kontabilitate- eta zerga-mailako aldeak: leasingean, kontratua amaitzean ondasuna erosi egiten da normalean, eta, kasu horretan, salerosketa bat bailitzan kontabilizatzen da; hau da, aktiboan ondasunaren balioa jasotzen da, eta pasiboan, epe laburreko eta luzeko zorra. Kasu horretan, eragiketaren interesek galdu-irabazien kontuari eragiten diote, baina gainerako eragiketek ez.

Rentinga alokairutzat hartzen da, beraz, kuota osoa gastutzat hartzen da eta galdu-irabazien kontuari eragiten dio.

4.      Erosteko aukera: leasingeko kontratua amaitzean, errentariak ondasuna erosteko aukera du, baina rentingean ez.

5.      Kontratuaren iraupena: indarrean dagoen araudiaren arabera, ondasun higigarrien leasingeko kontratuek gutxienez 2 urteko iraupena dute, eta denbora horretan ezin dira indargabetu. Gutxieneko epea igarotzean, aldeek indargabetze aurreraturako baldintzak aurreikus ditzakete.

Rentinga, ordea, askoz malguagoa da. Normalean, kontratuek 1–5 urteko iraupena izaten dute. Hala ere, ez dago horri buruzko lege-mugarik.

Horregatik guztiagatik, ondoriozta dezakegu abantailatsuagoa izango dela zaharkitze-epe handia duten ondasunak leasing bidez eskuratzea. Aitzitik, bilakaera teknologiko azkarreko ondasunak rentingaren bidez eskuratzea komeni zaigu; adibidez, ekipamendu informatikoa.



5.3. Epe laburreko finantzaketa

Epe laburreko finantzaketa ulertzeko, beti izan behar dugu kontuan gure negozioaren epe laburra finantzatzea izango duela helburu. Gure negozioa ixtea eragin dezaketen desorekak saihesteko.

Hau da, epe laburreko finantzaketaren helburua izango da gure negozioaren zirkulatzailea finantzatzea, batez ere gure negozioan ditugun izakinak edo bezeroei kobratzeko eskubideak.

Kreditu-erakundeek eman diezazkiguketen kreditu-erraztasunak ulertu ahal izateko, lehenik eta behin, garrantzitsua da bi kontzepturen definizioa ezagutzea.

Zer dira kanbio-letrak eta ordaindukoak?

Bai kanbio-letrak, bai ordaindukoak, kreditu- eta balore-tituluak dira, ordaintzeko edo kobratzeko eskubidea dakartenak, eta pertsonen artean eskualda daitezke. Tituluak berekin dakarren eskubidea erabili ahal izateko, beharrezkoa da tituluaren jabe eta onuradun izatea. Legeak ondasun higigarri gisa tratatzen ditu, eta araudi bera aplikatzen zaie.

Aspaldidanik, kanbio-letrak eta ordaindukoak erabiltzen dira dirua eskualdatzeko eta epe ertaineko edo laburrerako ordainketak geroratzeko tresna gisa. Hala ere, 2008ko finantza-krisiaz geroztik, enpresek nahiago dute zuzenean kobratu, berankortasun-indizea murrizteko.

Hauek dira kanbio-letren eta ordaindukoen ezaugarriak:

  • Ordaindukoa

Izenak berak (gaztelaniaz, pagaré) argi eta garbi adierazten du zer den: ordaintzeko promesa.

Beraz, dirua zor duen pertsonak edo enpresak idazten eta sinatzen du, dagokion zenbatekoa ordaintzeko borondate irmoa adieraziz. Onuradunak jasotzen du, promes sinatu batek ematen dituen legezko berme guztiekin, baina kanbio-letraren betearazpen-indarrik gabe.

  • Kanbio-letra

Letra ordaintzeko agindu bat da, eta agintzen duenak igortzen du. Hirugarren baten alde igortzen da, beraz, tresna triangeluar bat da, hiru partaiderekin: igorlea (ordainketa-agindua igortzen duena), igorpen-hartzailea (eragiketaren zorduna, bere erantzukizuna berariaz onartu behar duena) eta onuraduna edo edukitzailea (kanbio-letra duena, kobratzeko eskubidearen titular legitimo gisa agertuko dena). Hau da, enpresa batek kobratzeko eskubidea du salgai bat saldu duelako, eta aldi berean, enpresa berak dirua zor dio beste bati, egindako erosketagatik. Kanbio-letraren bidez, salgaia erosi dion bezeroaren aurrean duen kreditua (kobratzeko eskubidea) zuzenean lagata, hornitzaileari ordainduko dio egindako erosketagatik; enpresa bezeroak ez badu dagokiona ordaintzen, enpresa hornitzaileak, kanbio-letra daukanez, titulua zuzenean exekuta dezake enpresa bezeroaren aurka.

Zer gertatzen da kobratzeko eskubidea badugu baina une horretan likidezia behar badugu?

Kasu horretan, finantza-erakundeek mekanismo arinak dituzte bi tituluetako bat duen enpresari likidezia emateko.

  • Agindurako kanbio-letren eta ordaindukoen deskontu komertziala.
Kreditu-erakundeak enpresaren kobratze-eskubidearen zenbatekoa ordaintzen du, baina diruzaintzako aurrerakin horren komisioa garrantzitsua da. Kreditu-erakundeek interesak kobratzen dituzte eragiketa horiengatik.

Beste kontzeptu interesgarri bat, enpresentzat oso erabilgarria dena, kreditu-kontuarena da, eta orain, beste bereizketa bat egingo dugu. Alde batetik, gure bankuari kreditu-lerro bat edo kreditu berriztagarri bat eska diezaiokegu:

  • Kreditu-lerroa

Enpresek gehien ezagutzen eta erabiltzen duten kreditu-kontua da, eta notario aurrean formalizatu ohi da. Finantza-erakundeak enpresa bakoitzari kreditu-lerro batean ematen dion zenbatekoa enpresak ordaintzeko duen ahalmenaren araberakoa da. Tresna garrantzitsua da edozein enpresarentzat; izan ere, gastu arruntetarako erabiltzen da, hala nola nominak ordaintzeko, hornitzaileei ordaintzeko, ustekabean makinak konpontzeko, etab.

Gerta daiteke enpresa batek diruzaintzako desorekak izatea bere ordainketa-konpromisoei aurre egiten dienean, oraindik bezero batek ordaintzeko zain dagoelako. Horrelako egoeretan, enpresak kreditu-lerro bat badu, eragiketak normaltasunez egin ahal izango ditu (adibidez, langileei ordaindu), eta ondoren, zain zegoen likidezia jasotzen duenean, hots, bezeroek zor zioten dirua kobratzean, kreditu-lerroan sartuko du, erabilgarria erregularizatzeko.

Kreditu-lerroaren denbora amaitzen denean, oso-osorik estali behar da, bai enpresaren funts propioekin, bai finantza-erakundeak isilbidez berrituta. Gastuak eta komisioak ditu, eta horiek polizan ezartzen dira.

Oro har, kreditu-lerro batek likidezia-fluxu aldakorrak dituzten negozioak abiatzeko edo garatzeko balio du.

  • Kreditu berriztagarria

Kreditu berriztagarri (revolving) bat kuota-kopuru finkaturik ez duen kreditu-eragiketa da. Adibide argiena finantza-erakundeek partikularrei zein enpresei notario aurrean sinatu gabe ematen dizkieten kreditu-txartelak dira.

Bankuak diru-kantitate jakin bat jartzen du erabiltzailearen esku, eta erabiltzen ez badu, ez du ezer ordaindu behar harengatik. Baina erabiltzen hasi orduko, interesak hasten dira, erabilitako kopuruaren arabera.

Kredituok ustekabeko gastuei edo ordainketei aurre egiteko erabili ohi dira. Hauek dira revolving kredituen abantaila nagusiak:

  • Erabiltzen denagatik bakarrik ordaintzen dira tasak.
  • Dirua berehala dago eskuragarri.
  • Kreditua berriz tramiterik egin gabe berrerabil daiteke.
  • Dirua birtualki erabil daiteke, online erosketak egiteko.