Forma Juridikoak
| Sitio: | Elearning Campus To Business |
| Curso: | Enpresa-kudeaketa |
| Libro: | Forma Juridikoak |
| Imprimido por: | Invitado |
| Día: | domingo, 3 de mayo de 2026, 17:11 |
1. ENPRESABURU AUTONOMOA
Definizioa
Enpresaburu indibidualtzat hartzen da enpresa-jarduera bat egiten duen pertsona fisikoa, betiere, eskuarki eta zuzenean, beste pertsona baten antolakuntzako eta zuzendaritzako eremutik kanpo jarduten badu, irabazi-asmoz, eta besteren konturako langileei okupazioa eman ala ez.
Langile autonomoa ekimen ekonomiko bat martxan jartzeko gai den pertsona da, bakarrik edo beste pertsona batzuekin batera. Azken batean, autonomoak hartzen ditu bere gain enpresa-abentura batek dakartzan arriskuak; horixe da negozio bat sortzeko modurik ohikoenetako bat.

Jarduera
Edozein jarduera ekonomiko, dela komertziala, dela industriala, dela profesionala, baliabideen erabateko autonomia izanik eta kudeaketa kontrolatuta.
- Nor izan daiteke autonomo?
Langile autonomo indibiduala izateko, adinez nagusia izan behar da eta nork bere ondasunak libreki baliatzeko moduan izan behar ditu. Halaber, bigarren mailako ahaidetasuna duten eta familiaren etxean bizi diren senideak kontratatzen badira, egungo araudiaren arabera, horrek esan nahi du ezin direla araubide orokorrean egon, baizik eta autonomo gisa alta eman behar dutela.
Alde onak
- Negozio txikietarako enpresa mota egokia da.
- Gestio eta izapide gutxiago eskatzen dira jarduerari ekiteko.
- Jarduerari ekitea merkeagoa izan daiteke.

Alde txarrak
- Enpresa-jardueraren lanbide-jardunean, jabeak edo pertsona fisikoak
kontrolatzen du, erabat, enpresa-jarduera, enpresaren gestioak pertsonalki
zuzentzen ditu eta enpresak hirugarrenen aurrean hartutako zorren erantzule da
bere oraingo eta etorkizuneko ondasun guztiekin.
- Arrisku
pertsonal handia zorren erantzukizunari dagokionez.
- Ez dago alderik enpresa-ondarearen eta ondare zibilaren artean.

Ondorioak
Enpresa-jarduera bati ekiteko modu guztien artetik errazena eta merkeena da, eta zure aukera izango da honako kasu hauetan:
- Edozein jarduera egitean,
negozioa zuzenean kontrolatu nahi baduzu.
- Gestioak maila pertsonalean egin nahi badituzu.
- Proiektua abian jartzeko gaitasun ekonomiko nahikoa baldin baduzu.
- Erantzukizuna zuk zeuk bakarrik hartuko duzunean zeure gain.

2. ONDASUN-ERKIDEGOA
Ondasun-erkidegoa eratzeko enpresa-formula erraz eta azkarrenetako bat da. Pertsona bat baino gehiago elkartzen direnean eta ondasunak edo eskubideak elkarrekin partekatzen dituztenean, ondasun-erkidego bat da hori.
Ondasun-erkidegoak Kode Zibilaren 392. artikulutik 406. artikulura bitarte arautzen dira.
Sozietate mugatuak ez bezala, ondasun-erkidegoak ez du berezko nortasun juridikorik; ondasun-erkidegoaren nortasun juridikoa erkideena da. Eratu ahal izateko, gutxienez bi bazkide behar dira eta, kasu horretan, erkide esaten zaie.
Erkideek ez dute gutxieneko eta/edo gehieneko ekarpenik egiteko betebeharrik. Dena den, bakoitzaren ekarpena zehazten ez badugu, erkide guztiek zati berdinetan parte hartzen dutela ulertuko da.
Ondasun-erkidegoa eratzeko, dokumentu pribatu bat egin dezakegu, ekarpena ondasun higiezinak izan ezean; kasu horretan, eskritura publikoa egin beharko dugu.
Ondasun-erkidegoaren eragozpenik handiena zera da, erkidegoak hirugarrenen aurrean erantzuten duenean, erkidegoaren beraren ondasunekin ez ezik, erkideen ondare pertsonalarekin ere erantzuten duela, ondasun erkideak nahikoak ez badira. Hau da, erkide bakoitzak erantzukizun mugagabea du. Erantzukizuna solidarioa da: erkide guztiak dira erantzule zor guztien aurrean.
Erkideek beren kuotekiko proportzioan parte hartzen dute erkidegoaren irabazietan.

Fiskalitatea
Berezko nortasun juridikorik ez duenez, irabaziengatik zer zerga ordaindu behar ditugun zehaztuko dugu eta, halaber, erkidego eta erkide garen aldetik, zer betebehar ditugun ere aztertuko dugu.
Ondasun-erkidegoa Zergei buruzko Lege Orokorraren (abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorra: BOE, 2003-12-18) 35.4 artikuluan jasotako erakundeetako bat da, eta errentak eratxikitzeko araubidearen mende daude.
Araubide horren arabera, eta erakunde horiek ez direnez ez Sozietateen gaineko Zergaren, ez PFEZren (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga) subjektu pasibo, lortzen diren errentak erkideei egozten zaizkie, parte hartzen duten proportzio berean. Alegia, ondasun-erkidegoaren emaitzak erkideen errentari egozten zaizkio, eta erkideek partaidetza-kuotatik lortutako errendimenduak gehituko dizkiete beren gainerako errendimenduei.
Bazkideei errendimenduak egozteko kontrol gisa, ondasun-erkidegoa adierazpen informatibo bat aurkeztera behartuta dago (184 eredua). Adierazpen horretan, erkideak nor diren identifikatuko da, erkidegoak zenbateko errenta lortu duen eta erkide bakoitzari zenbat egozten zaion zehaztuko dira, besteak beste. Adierazpen informatibo hori ekitaldi bakoitzeko martxoan aurkeztu beharko dugu Zerga Agentzian.
Errentak PFEZren arauen arabera zehazten dira. Beraz, erkide guztiak pertsona fisikoak badira, zuzeneko zenbatespenaren, zuzeneko zenbatespen erraztuaren edo zenbatespen objektiboaren araubidean ordainduko ditugu zergak.
BEZari (Balio Erantsiaren gaineko Zerga) dagokionez, erkidegoa zerga horren subjektu pasiboa da, hau da, erkidegoak egin beharko ditu fakturak. Jasotzen ditugun fakturak erkidegoaren izenean egon beharko dute, zergaren kenkarirako eskubidea baliatu nahi badugu, eta fakturen erregistro-liburua eraman beharko dugu.

Gizarte Segurantza
Ondasun-erkidegoan lan egiten duten eta zerbitzuak ematen dituzten erkideak Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAAB) alta hartzera behartuta daude.
Kontratatzen ditugun langileak araubide orokorraren barruan sartuko dira, eta ondasun-erkidegoari dagokio kotizatzeko betebeharra.
3. SOZIETATE MUGATUA
1/2010 ERREGE DEKRETUA, UZTAILAREN 2koa, KAPITAL-SOZIETATEEI BURUZKO LEGEA.
Izendapen soziala
Egin beharreko lehenengotariko gestioetako bat izendapen soziala edo enpresak izango duen izena zehaztea da. Horretarako, izena eskatu beharko dugu, eta bazkide sortzaileetako batek egingo du eskaera hori Merkataritza Erregistro Nagusian. Inork ez gaitu behartzen sozietatearen izena jarduerarekin identifikatzera, baina hala egiten badugu, jarduera hori sozietatearen helburuan sartu beharko da. Gure izena ere ez diogu jarri behar sozietateari; izan ere, orain eratu dugun sozietate horretatik ateratzen bagara, sozietateak gure izena izaten jarraituko baitu, baldin eta eskubide hori estatutuetan erreserbatu ez badugu.
Izenaren ondoren, Erantzukizun Mugatuko Sozietatea edo EMS laburdura adierazi beharko da edo, bestela, Sozietate Mugatua edo dagokion SM laburdura.
Gomendio gisa –izen ugari erregistratuta daudenez–, izenak bi hitz baino gehiago izango ditu, ezin izango ditu erakunde ofizialak aipatu, ezta legearen aurkako adierazpen edo hitzik erabili ere.

Kapital Soziala
Gure proiektuak badu izena; hurrengo urratsa: zenbateko kapitalarekin hasiko garen pentsatzea. Ados; kapital soziala bazkide bakoitzak egiten dituen ekarpenen batura da, eurotan adierazten da eta erabat ordainduta egon behar du; gutxienekoa 3.005,06 euro da, eta ez dago gehieneko mugarik.
Kontuan izan behar dugu hori izango dela gure hasierako kapitala, kanpo-finantzaketa lortzeko aukera izan ezean; beraz, logikoena litzateke gure proiektuari beregain izan arte eusteko behar den kapitalarekin egitea eraketa.
Kapital sozialari erreparatuko diogu une batez; izan ere, dirua ez diren beste ondasun edo eskubide batzuen ekarpena ere egin baitaiteke, hala nola lokal bat, ibilgailu bat, ekipo informatikoak, altzariak etab. Kasu horretan, balorazio bat egin beharko dugu, bazkide sortzaile guztiek onartu beharko dute eta horiek izango dira kapital horren erantzuleak.

Egoitza soziala
Gure enpresa kokatuko den lekua da egoitza soziala. Egoitza soziala Espainian duten eta jarduera-zentro nagusia Espainian duten sozietate guztiak jotzen dira espainiartzat.
Gure egoitza udalerri bereko beste leku batera aldatzea erabakitzen badugu, aldaketa hori sozietatearen administrazio-organoaren bitartez egin daiteke, horretarako batzarrik deitu gabe. Batzarra deitu beharko dugu, baldin eta gure helbidea beste udalerri batera aldatzea erabakitzen badugu. Bi kasuetan, akordio hori notarioaren aurreko eskritura publikoan formalizatuko da, eta probintziako Merkataritza Erregistroan erregistratu.
Gure enpresak sukurtsalak izan ditzake, lurralde nazionalaren barruan edo kanpoan.

Helburu Soziala
Helburu soziala edo sozietatearen xedea zera da, egingo d(it)ugun jardue(ra)ren xehetasuna eta/edo zerrenda. Helburuak ezin da orokorregia izan: zehaztua, mugatua eta argiro idatzitakoa izan behar du. Ezin da legez kanpoko jarduera bat bera ere sartu; horrelako jarduerek sozietatea baliorik gabe utziko lukete.
Helburu sozialean hainbat jarduera deskriba ditzakegu, baina horrek ez du esan nahi guztiak gauzatzera behartuta gaudenik; hartara, ez dugu gastu gehigarririk izango aurreikusi gabeko negozio-lerro berriei ekiteagatik.

Bazkideak
Sozietatearen kapital osoa osatzen duten pertsona fisiko edo juridikoak dira. Horien erantzukizuna jarritako kapitalera mugatzen da.
Gutxieneko kopurua pertsona bat izango litzateke eta, kasu horretan, pertsona bakarreko sozietate mugatua eratuko litzateke.
Ez dago gehieneko bazkide kopururik eta, aurreko paragrafoa kontuan hartuta, gutxieneko kopurua bi lagun izango litzateke.

Administrazio Organoa
Sozietatea kudeatzeaz arduratzen da, eta hirugarrenen aurrean ordezkatzen du. Administratzaile bakarra izenda dezakegu; administratzaile bat baino gehiago ere izenda ditzakegu modu solidarioan, hau da, bakoitzak bere kabuz jardun dezake gainerakoak kontuan hartu gabe, edo ordezkaritza-ahalmena mugatu dezakegu denen adostasunez; kasu horretan, bi administratzailek edo gehiagok jardun beharko lukete elkarrekin.
Beste aukera bat administrazio-kontseilu bat izendatzea da baina, Sozietate Mugatua pertsonalagoa eta itxiagoa izaki, figura hori ez da ohikoena.
Aukeretako edozein estatutuetan zehaztu beharko dugu, baita karguaren iraupena eta, halakorik balego, ordainsaria ere. Kasu horretan, ohikoena izaera mugagabea ematea da, berritu behar ez izateko eta, hartara, notariotzako, erregistroko eta gestioen gastuak aurrezteko.
Argi izan beharko dugu administratzaileak direla sozietatearen kudeaketaren arduradunak, eta bazkideek inola ere ez duten erantzukizun-plusa izango dutela.
Amaitzeko, eratze-izapidea nola egin behar dugun azalduko dugu; hain zuzen ere, notario aurreko eskritura publikoaren bitartez egin behar da eta, bertan, honako hauek adierazi beharko ditugu: bazkideak nor diren eta sozietatea eratu nahi dutela, bakoitzak egiten dituen ekarpenak, horiei esleitzen dizkiegun partaidetzak eta estatutuak. Estatutuetan zehaztu beharko dira, gutxienez, izendapen soziala, egoitza soziala, kapital soziala, helburu soziala, administrazio-organo mota eta sozietatearen ekitaldiaren itxiera-data.

Aldea Sozietate Anonimoarekin
A.- Kapital soziala: SMan 3.000 da, eta SAn, berriz, 60.000 euro. SMan erabat harpidetuta eta ordainduta egon behar du, eta
SAn, berriz, erabat harpidetuta bai, baina ez erabat ordainduta: Harpidetutako kapitala: bazkideek ordaintzeko konpromisoa
hartu duten kapitala. Ordaindutako kapitala: benetan jarri duten kapitala (dirutan, aktibo fisikoetan edo immaterialetan)
B.- Partaidetzen/akzioen eskualdaketa: Sozietate mugatua itxia da, eta sozietateko partaidetzen eskualdaketa mugatuta dago, sozietate anonimoetan ez bezala; sozietate anonimoen bereizgarri da akzioen eskualdagarritasun librea. Akzioak libreki eskualdatzen dira eta sozietate mugatuan ez dira libreki eskualdatzen; bazkideek lehentasunez erosteko eta lehenespenez eskuratzeko aukera izaten dute.
4. SOZIETATE ANONIMOA
1/2010 ERREGE DEKRETUA, UZTAILAREN 2koa, KAPITAL-SOZIETATEEI BURUZKO LEGEA
Sozietate anonimo bat eratu beharko dugu nahitaez baldin eta gure jarduera honako hauetako bat bada: Aseguru-etxeak, leasing sozietateak, arrisku-kapitaleko sozietateak, kirol-sozietate anonimoak, banku-jarduerak, telebista, balore- eta/edo birmoldaketa-agentzia.
Izendapen soziala
Sozietatearen izena bakarra da, eta ezin da izen ber-bera duen beste izendapenik izan. Horretarako, sortzaileetako batek ziurtagiria eskatuko du Merkataritza Erregistro Nagusian.
Izenaren ondoren, Sozietate Anonimoa hitzak edo horien laburdura (SA) agertuko dira.

Kapital Soziala
Kapital soziala bazkideen ekarpenen baturak osatzen du, eta akziotan eratzen da; balioa eurotan adierazten da.
Sozietate anonimo baten gutxieneko kapitala 60.101,21 euro da. Eta sozietate mugatuarekin alderatuta, desberdintasun nagusia zera da, kapital sozialaren % 25ak, gutxienez, ordainduta egon behar duela, eta ez erabat SM (sozietate mugatu) batean bezala. Kontuan izan behar dugu kasu berezi batzuk daudela gutxieneko kapital sozialaren zenbatekoari dagokionez, jardueraren arabera (lehen aipatu ditugun aseguru-etxeak, bankuak eta abar). Sozietate mugatuan partaidetzak dira, eta sozietate anonimoan akzioak (burtsan kotizagarriak edo ez).
Sozietatearen egoitzari dagokion Merkataritza Erregistroak izendatutako aditu independente batek baloratu behar ditu diruzkoak ez diren ekarpenak, eta txosten hori eratze-eskriturarekin batera aurkeztu behar da.

Egoitza soziala
Gure jarduera edo administrazio-zentroa egoitza horretan egongo da. Estatutu sozialetan jasota egon behar du. Lurralde nazionalean edo hortik kanpoan nahi beste sukurtsal sortzeko aukera dago.
Helburu Soziala
Gure enpresak garatuko duen jardueraren xehetasuna da helburu soziala. Ez da nahitaez bat bakarra izan behar, baizik eta hainbat identifika ditzakegu, hasiera batean hura osatzen duten jarduera guztiak garatzen ez badira ere. Hartara, etorkizunean ez dugu balizko aldaketarik egin beharko estatutu sozialetan.
Logikoa denez, gure jarduerak eta, beraz, gure helburu sozialak legezkoa izan behar du, eta ez indarrean dauden legeen aurkakoa. Merkataritza Erregistroak uste badu helbururen bat ez dela zuzenbidearen araberakoa, helburu horiek ez inskribatzeko ahalmena du.
Gogoan izan hainbat jarduerak helburu sozial esklusiboa eskatzen dutela.

Bazkideak
Sozietatearen akzioen titularrak dira, eta pertsona fisikoak edo juridikoak izan daitezke.
Ez dago gutxieneko kopururik eraketarako eta, beraz, sozietate anonimo bat sor dezakegu pertsona bakar batekin. Kasu horretan, pertsona bakarreko sozietate anonimoa izango da.
Akzioak eskualdatu daitezke, eta ez daude lehenespenez eskuratzeko eskubidearen mende, sozietate mugatuaren kasuan bezala.

Administrazio Organoa
Administrazio-organoa modu hauetakoren batean konfiguratuta egon daiteke::
- Administratzaile bakarra
- Administratzaile mankomunatuak
- Administratzaile solidarioak
- Administrazio Kontseilua
Sozietatea kudeatzeko hautatzen den aukera estatutu sozialetan jaso beharko da.
Administratzaileek ezin izango dute beren kargua denbora-mugarik gabe bete; agintaldia, gehienez ere, bost urte izango da.
Administrazio-kontseilua gutxienez hiru kidek osatuko dute, eta erabakiak gehiengoz hartuko dira.
Labur-labur zehaztu ditugun atal horiek nahitaez sartu behar dira sozietatearen estatutuetan.
Sozietate anonimo baten eraketa notario-eskritura publikoan jaso behar da, eta sozietatea eratzeko prozesuari buruz hurrengo artikulu batean hitz egingo dugu. Artikulu horretan, sozietatearen fundazioa burutzeko zer urrats egin behar diren zehaztuko dugu.

5. SOZIETATE KOOPERATIBOA
Definizioa
Enpresa bat eta pertsonen sozietate bat da –gutxienez 3 pertsona lehen mailako kooperatibetan eta 2 pertsona kooperatiba-sozietate txikietan–; organo sozialen erabakiak demokratikoki hartzen dira –bazkide bat, boto bat–, kapital sozialak –3.000 € gutxienez– bigarren mailako balioa du –bazkide bakoitzari ez zaio kapitalaren arabera esleitzen botoa–, eta edozein jarduera ekonomiko edo sozial egin daiteke, legez debekatuta ez badago edo sozietatearen printzipio eta balioekin bateraezina ez bada.

Bazkideak
Elkarlaneko Kooperatiba batean, pertsona fisikoak eta juridikoak izan daitezke bazkide, eta eratzeko unean, bazkide langileak gutxienez hiru izan beharko dira, dela lanaldi osoan, dela lanaldi partzialean, kooperatiba txikietan izan ezik; azken kasu horretan, bi bazkide langile izango dira, gutxienez.
Elkarlaneko Kooperatiba batean egon daitezkeen bazkide motak:
- Bazkide langileak: lana eta kapitala jartzen dituztenak.
- Bazkide laguntzaileak: helburu soziala erabat gauzatu ez arren, helburu hori betetzen laguntzen dutenak.
- Bazkide ez-aktiboak edo ez-erabiltzaileak: Sozio aktibo izateari utzi eta bazkide izaten jarraitu nahi dutenak.

Organo Sozialak
Kooperatibek honako organo hauek izan behar dituzte:
a. Batzar Nagusia
b. Administrazio-organoa, modalitate hauen arteko bat:
- Administratzaile bakarra
- Kontseilu Errektorea.

Araubide Ekonomikoa
- Erantzukizuna: bazkideek ez dute erantzukizun pertsonalik sozietatearen zorrengatik, kooperatibarekin harpidetutako ekarpenak soilik.
- Kapital Soziala: bazkideen nahitaezko eta borondatezko ondare-ekarpenek osatzen dute. Titulu izendunen bidez edo partaidetza-libreta edo -kartilla izendunen bidez egiaztatuko dira.
Gutxienez 3.000 euroko ekarpenak egin behar dira, hori baita kooperatiba bat eratzeko kapital sozialaren gutxieneko kopurua. Ekarpenak itzultzeko eskubidearekin egin daitezke, edo Batzar Nagusiak edo administrazio-organoak uko egin diezaioke horiek itzultzeari, betiere Estatutu Sozialetan zehazten denaren arabera.
- Nahitaezko ekarpenak:
- Hasierako nahitaezko ekarpena: bazkide izateko beharrezkoa da. % 25, gutxienez, eratzeko unean ordaindu behar da eta gainerako %-a gehienez ere 4 urteko epean.
- Gutxieneko
nahitaezko ekarpena: bazkide orok uneoro mantendu behar du.
- Borondatezko ekarpenak: Batzar Nagusiak erabaki dezake horiek egin behar
direla. Gainera, administrazio-organoak onartu egin ditzake bazkide batek libreki
eta borondatez egin nahi dituenean.
- Soberakinak banatzea: zergak ordaindu ondoren eta, hala badagokio,
aurreko ekitaldietako galerak konpentsatu ondoren, geratzen den zenbatekoa
honela banatuko da:
- % 20 edo % 25 Nahitaezko Erreserba Funtsera (gutxieneko %-ak)
- % 10 edo % 5 Heziketarako eta sustapen kooperatiborako eta interes publikoa duten beste helburu batzuetarako nahitaezko kontribuziora (gutxieneko %-ak)
- Gainerakoa: Batzar Nagusiak nahi duen moduan, Kooperatiben Legean zehaztutako xedeen barruan

Eratze-prozesua
Aurretiazko urratsa: izena bat ez datorrela dioten ziurtagiri negatiboak eskatu behar dira Euskadiko Kooperatiben Erregistroan eta Lan eta Immigrazio Ministerioko Kooperatiba Sozietateen Erregistroan. Euskadiko Kooperatiben Erregistroaren antolaketa eta funtzionamenduaren Erregelamendua onartzen duen martxoaren 29ko 59/2005 Dekretuaren bitartez garatzen da Euskadiko Kooperatiben Erregistroa (2005/06/09ko EHAA)
Kooperatiba bat eratzeko, sustatzaileek Batzar Konstituziogilea egingo dute. Batzar horretan sustatzaile guztiak bilduko dira, eta estatutu sozialak eta kooperatiba eratzeko beharrezkoak diren erabakiak hartuko dituzte.
Sozietate Kooperatibo Txikietarako, Estatutu Sozialen gutxi gorabeherako eredu bat onartu zen Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2010eko otsailaren 27ko Aginduaren bitartez (2010eko martxoaren 30eko EHAA).
Kooperatiba eskritura publiko bidez eratuko da, Batzar Konstituziogilea biltzen denetik edo Estatutu Sozialen aurretiazko kalifikaziotik zenbatzen hasi eta 2 hilabeteko epean.
Eskritura publikoa foru-ogasun eskudunari helaraziko zaio IFK lortzeko eta egintza inskribagarriari dagozkion zergak likidatzeko, eta, horren ondoren, Euskadiko Kooperatiben Erregistrora eramango da, inskribatzeko.
Kooperatibaren nortasun juridikoa Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatzen den unean sortzen da.
Kooperatiba Txikiaren eratze-eskritura eta estatutu sozialak kalifikatzeko eta inskribatzeko epea 30 egun da, inskribatzeko eskabidea aurkezten denetik hasita.

Gizarte Segurantza Kooperatiban
Sozietate Kooperatibo batek, bazkide langileei dagokienez, Gizarte Segurantzako araubidea zehaztu behar du bere estatutu sozialetan. Honako hauen artean nahi duena izan daiteke:
- Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorra.
- Langile Autonomoen Araubide Berezia.
Araubide bat ala bestea aukeratzeak badu garrantzia, bai estaldurei dagokienez, bai kostuei dagokienez; bistakoa da hori, baina, aldi berean, kontuan izan behar da Kooperatiba eratzeko garaian.
Kooperatibaren iraunaldian araubidea aldatzeko aukera badago ere, aurreko aukera egin zenetik gutxienez 5 urteko epea igaro izana eskatzen da aldatu ahal izateko. Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrari dagokionez, gaur egun, bazkide langile edo lan-bazkideen eta besteren konturako langileen artean alde bakarra dago, sozietate-harremana dutelako eta ez lan-harremana: ez dituzte Soldatak Bermatzeko Funtsaren (FOGASA) prestazioak, kooperatibak ez baitu estaldura horrengatik kotizatu behar bazkide langileei edo lan-bazkideei dagokienez.
Autonomoen Araubide Berezian kotizazio-oinarri bat aukeratu behar da gutxieneko eta gehieneko oinarrien artean, adinaren arabera; oinarri horiek Estatuko Aurrekontu Orokorretan ezartzen dira urtero. Gaur egun ez dute jardunari uzteagatiko prestaziorik, baina gida hau prestatzen ari ginela izapidetzen ari den legegintza-proiektu batean aurreikusten ziren prestazio horiek kasu jakin batzuetan; beraz, aplikatu beharreko xedapen bihurtzen denean, emango diegu horren berri Kooperatibetako bazkide langileei edo lan-bazkideei, gure webgunearen bitartez: www.elkarlan.coop
Kooperatibetarako berariazko laguntzak
Kooperatibak eratzeko dauden laguntzen artean, agian estimatuena eta ezagunena langabeziagatiko prestazioa da, ordainketa bakarreko modalitatean (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorra, 228-3 artikulua), prestazio horiek jasotzeko eskubidea sortu duten pertsonentzat. Gainera, urtero, Administrazio Publikoek eta, batez ere, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, Gizarte Ekonomiaren, Enpresaren Erantzukizun Sozialaren eta Lan Autonomoaren Zuzendaritzaren bitartez, gizarte-ekonomiako sozietateak sortzen laguntzeko berariazko programak diseinatu ohi dituzte, besteak beste, kooperatibetarako eta haien bazkideentzako zuzeneko laguntzak, asistentzia teknikorako laguntzak, kooperatiba jakin batzuetako inbertsio jakin batzuen interesen kostu partzialetarako laguntzak.
Onuradun izateko, langabezia-prestazioen titular izan behar da, kontribuzio-modalitatean, gutxienez hiru hilabeteko zenbatekoak jasotzeko geratu behar zaizkie eta kooperatiban sartu behar dute edo kooperatiba eratu behar dute, bazkide langile edo lan-bazkide gisa, denbora-mugarik gabe, dela lanaldi osoan, dela lanaldi partzialean. Ezin izango da aldez aurretik hamabi hilabete baino gehiagoko kontratu bidezko loturarik –dela lanekoa, dela sozietarioa– izan Kooperatibarekin.

6. LAN-SOZIETATEAK
- Definizioa
Lan-sozietatea honako hau da: sozietate anonimoaren edo mugatuaren forma juridikoa izanik, kapital sozialaren gehiengoa lanaldi osoko edo partzialeko langile mugagabeen esku duen sozietatea.

Oinarrizko ezaugarriak
Oinarrizko ezaugarriei dagokienez, honako hauek azpimarra ditzakegu:
Irabazi-asmoa duen Merkataritza Sozietate bat da, eta erantzukizuna egindako ekarpenetara mugatzen da.
Kapital
Sozietatea da.
Kapital Soziala
Lan-sozietate anonimo baten kapital sozialak ezin du 60.101,21 € baino txikiagoa izan, eta erabat harpidetuta eta gutxienez % 25 ordainduta egon behar du. Gainerakoa estatutuetan aurreikusitako moduan eta epeetan ordaindu beharko da.
Lan-sozietate mugatu batean, gutxieneko kapitala 3.005 € da, eta erabat harpidetuta eta ordainduta egon behar du.
Bazkide bakoitzak izan dezakeen kapital sozialaren gehieneko muga bat dago: kapital sozialaren heren bat, honako salbuespen hauekin:
- Administrazio Publikoa (Estatua, Autonomia Erkidegoak, Tokiko Erakundeak).
- Erakunderen batek partaidetza duen sozietate publikoa.
- Irabazi-asmorik gabeko elkarte edo erakundeak.

Bazkide motak
- Laneko bazkideak.
- Bazkide orokorrak.
Legeak muga bat ezartzen du bazkide ez diren langile mugagabeak kontratatzeko:
- 25 bazkide langile baino gutxiago dituen lan-sozietatea: bazkide langileek urtean egindako ordu guztien % 25, gehienez.
- 25 bazkide langile baino gehiago dituen lan-sozietatea: bazkide langileek urtean lan egindako ordu guztien % 15, gehienez.
Lan-bazkideen akzioak eta sozietate-partaidetzak eskualdatzeko araubide berezia dago:
- Librea langile mugagabeentzat eta bazkide langileentzat.
- Gainerako kasuetan, lehentasun-ordena honi jarraitu behar zaio:
- Bazkide ez diren langile mugagabeak.
- Bazkide langileak.
- Bazkide ez-langileak.
- Aldi baterako langileak.
- Sozietatea bera.
- Sozietatetik kanpoko hirugarrena.
- Nahitaezko eskualdaketa: bazkide langilearen lan-harremana azkentzen denean, akzioak edo sozietate-partaidetzak salmentan eskaintzera behartuta dago, lehentasunez eskuratzeko eskubidearen arabera.
Lan-sozietateak, aplikatu beharreko lege orokorretan ezarritako gainerako lege-erreserbez gain, Erreserba Funts Berezi bat ere izan behar du; hona hemen erreserba horren baldintzak:
- Ekitaldi bakoitzeko irabazi likidoaren % 10az hornitu behar da.
- Zerga-onurak izanez gero, % 25a aplikatu behar da.
- Galerak konpentsatzea, eskura dauden bestelako erreserbak nahikoak ez direnean soilik.

Zerga-araubidea
Lan-sozietatearen kasuan, honako zerga-araubide hau aplikatzen da:
- Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan (OEZ/EJDZ) salbuetsita arrazoi hauengatik:
- Sozietatea eratzeagatik.
- Kapitala handitzeagatik.
- Lan-sozietate anonimoak lan-sozietate mugatu bihurtzeagatik.
- Lehendik
dauden lan-sozietate anonimoak egungo legera egokitzeagatik.
- % 99ko hobaria OEZ/EJDZn:
- Lan-sozietateko bazkide langileen gehiengoaren jatorri den aurreko enpresaren ondasunak eta eskubideak eskuratzeagatik.
- Beste
sozietate bat lan-sozietate anonimo edo lan-sozietate mugatu bihurtzeagatik.
- % 90eko
hobaria OEZ/EJDZn: jarduera ekonomikorako beharrezkoak diren aktibo finkoetan
inbertitzeko maileguak eratzeagatik.
- Araubide Orokorra prestazio guztiekin:
- Administrazio-organoko
kide diren bazkide langileak, kargua betetzeagatik ordainsaririk jasotzen ez
dutenak.
- Araubide Orokor parekatua (langabeziarik eta FOGASArik gabe)
- Administrazio-organoko kide diren bazkide langileak, kontseilari izateagatik kobratzen dutenak.
- Bazkide
langile administratzaileak eta goi-zuzendaritzako harreman berezia dutenak.
- Langile Autonomoen Araubide Berezia:
- Honako elementu hauek betetzen dituzten bazkide langileak:
- Beste bazkide batzuekin bigarren mailara arteko ahaidetasun-harremana izatea odolkidetasunagatik, ezkontza-ahaidetasunagatik edo adopzioagatik, edo ezkontza-harremana izatea.
- Kapital sozialean gutxienez % 50eko partaidetza izatea.
- Familia-unitate berean elkarrekin bizitzea.

7. ENPRESABURU INDIBIDUALAREN/AUTONOMOAREN AZTERKETA BEREZIA
Definizioa eta ezaugarri orokorrak
Enpresaburua da enpresa-jarduera bat bere izenean egiten duena (merkataritza, industria, zerbitzuak...), jarduera ohikoa izanik eta ez noizbehinkakoa. Horrek ez du esan nahi jarduera zikliko edo noizbehinkakoak enpresa-jarduera izan ez daitezkeenik: Gabonetako saskiak egitea eta saltzea, adibidez.
Merkataritza Kodearen 1. art.: “Merkataritzan ohikotasunez dihardutenak, horretarako lege-gaitasuna izanda.”
Jarduera garatzean, enpresaburu izateko, ez da beharrezkoa besteren konturako langileak kontratatzea. Zentzu horretan, enpresaburu da norberaren lana soilik baliatzen duena.

Enpresaburu
bihurtzea eta izaera hori frogatzea
Oro har, edozein pertsona izan daiteke enpresaburu, adin nagusikoa bada eta bere ondasunak askatasunez erabil baditzake. Enpresaburu izateko ez da beharrezkoa titulazio akademiko edo profesional jakin bat izatea. Salbuespenezko kasu batzuetan baino ez da eskatzen da, legez, gaitutako titulu bat izatea. Adibidez, farmaziak.
Pertsona enpresaburu bihurtzen da, eta normalean jarduera jakin batean aritzen da, merkataritzan, industrian edo zerbitzuetan.
Enpresaburu norbera bihurtzen da, ezin da oinordekotza bidez eskuratu enpresaburu izaera. Enpresaburuaren izaera profesionala ezin da eskualdatu: subjektu berean hasi eta amaitzen da. Merkataritza-establezimendu bat intervivos edo mortis causa eskura daiteke; baina ondasun eta eskubide horiek eskuratzeak ez dio eskuratzaileari merkataritzako enpresaburu izaera ematen. Pertsona horrek merkataritza-jarduera bat benetan gauzatu behar du.
Jarduera
Edozein
jarduera ekonomiko, dela komertziala, dela industriala, dela profesionala,
baliabideen erabateko autonomia izanik eta kudeaketa kontrolatuta.
Nor izan daiteke autonomo?
Langile autonomo indibiduala izateko, adinez nagusia izan behar da eta
nork bere ondasunak libreki baliatzeko moduan izan behar ditu. Halaber,
bigarren mailako ahaidetasuna duten eta familiaren etxean bizi diren senideak
kontratatzen badira, egungo araudiaren arabera, horrek esan nahi du ezin direla
araubide orokorrean egon, baizik eta autonomo gisa alta eman behar dutela.
Alde onak
- Negozio txikietarako enpresa mota egokia da.
- Gestio eta izapide gutxiago eskatzen dira jarduerari ekiteko.
- Jarduerari ekitea merkeagoa izan daiteke.

Alde txarrak
- Jardueraren lanbide-jardunean, jabeak edo pertsona fisikoak kontrolatzen du, erabat, enpresa-jarduera, enpresaren gestioak pertsonalki zuzentzen ditu eta enpresak hirugarrenen aurrean hartutako zorren erantzule da bere ondasun guztiekin.
- Arrisku pertsonal handia zorren erantzukizunari dagokionez.
- Ez dago alderik enpresa-ondarearen eta ondare zibilaren artean.

Ondorioak
Enpresa-jarduera bati ekiteko modu guztien artetik errazena eta merkeena da, eta zure aukera izango da honako kasu hauetan:
- Edozein jarduera egitean, negozioa zuzenean kontrolatu nahi baduzu. • Gestioak maila pertsonalean egin nahi badituzu.
- Proiektua abian jartzeko gaitasun ekonomiko nahikoa baldin baduzu.
- Erantzukizuna zuk zeuk bakarrik hartuko duzunean zeure gain.
Aplikatu beharreko legeria
20/2007 Legea, Lan autonomoaren Estatuari buruzkoa: lege hori onartu zen arte, langile autonomoari aplikatu beharreko arau guztiak sakabanatuta zeuden. Hobekuntza nabarmena da, eta langile autonomoen eta gainerako langileen arteko aldeak murrizteko balio du. Antolamendu berrian, kolektibo horren hainbat aldarrikapen historiko aintzat hartzen dira eta, neurri batean, babesgabetasun-arazoak konpondu ere bai. Oro har, argi eta garbi zehazten dira autonomoaren figura eta haren eskubideak eta zereginak. Alderdi aipagarrienen artean, lan-arriskuen prebentzioa arautzen da eta langile horientzako berme ekonomikoak ezartzen dira. Alegia, autonomoen bajen prestazioak hobetzen dira eta, gainera, langabezia kobratu ahal izango dute jarduera uzten dutenean; halaber, jarduera toxiko edo arriskutsuekin lotutako langileei aurretiko erretiroa hartzeko aukera emango zaie. Era berean, kontratazioaren arloa ere zabaldu da, eta autonomoek 30 urtetik beherako seme-alabak kontratatu ahal izango dituzte. Aldi berean, azkenik, mendeko autonomoen egoera arautu da (gerora, otsailaren 23ko 197/2009 Errege Dekretuaren bitartez garatu zen).

Definizioa
Lan Autonomoaren Estatutua pertsona fisikoei zuzenduta dago, baldin eta pertsona horiek modu pertsonalean, zuzenean, beren kontura eta beste pertsona baten antolakuntzako eta zuzendaritzako eremutik kanpo jarduera ekonomiko edo profesional bat irabazi-asmoz egiten badute Era berean, senitartekoek egin ohi dituzten lanak ere sartzen dira, besteren kontura kontratatuta ez badaude. Halaber, ez da beharrezkoa autonomoak besteren konturako langileak kontratatuta izatea.
Aplikazio-eremua
1. Sozietate erregular kolektiboetako eta sozietate komanditarioetako bazkide industrialak.
2. Ondasun-erkidegoetako erkideak eta sozietate zibil irregularretako bazkideak, salbu eta haien jarduera elkarrekin jarritako ondasunak administratzera mugatzen bada.
3. Kontseilari edo administratzaile kargua betetzeak dakartzan zuzendaritzako eta gerentziako eginkizunak betetzen dituztenak, edo merkataritza-sozietate kapitalista baterako beste zerbitzu batzuk ematen dituztenak, irabazi-asmoz eta ohikotasunez, pertsonalki eta zuzenean, betiere sozietatearen kontrol eraginkorra, zuzena edo zeharkakoa dutenean.
4. Ekonomikoki mendekoak diren langile autonomoak.
5. 4/2000 Lege Organikoan aurreikusitako betekizunak betetzen dituzten langile autonomo atzerritarrak.
Araudi berrian jasotako puntu garrantzitsuenak
1. Langile autonomoaren figura definitu da.
2. Langile autonomoen eskubideen eta betebeharren katalogoa osatu da.
3. Laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak arautu dira.
4. Berme ekonomikoak ezarri dira langile autonomoarentzat.
5. Ekonomikoki mendekoa den langile autonomoaren lanbide-araubidea arautu da.
6. Langile autonomoarekin bizi diren 30 urtetik beherako seme-alabak kontratatzeko aukera ezarri da.
7. Autonomo gisa lanean hasten diren 30 urtera arteko gazteen eta 35 urtera arteko emakumeen Gizarte Segurantzako kotizazioaren hobariak handitu egin dira, egungo % 25etik % 30era, eta 24 hilabetetik 30era.
Araudi azpimarragarria (aipatutako 20/2007 Legeaz gain)
32/2010 Legea, abuztuaren 5ekoa, langile autonomoak jarduera utzi ostean babestekoa:
Aplikazio-eremu subjektiboa (2. artikulua).
- LAABaren eraginpeko langile autonomoak, lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen ondoriozko kontingentziei emandako babesa estalita dutenak. Zer prestazio barne hartzen dituen (3. artikulua)
- Jarduera uzteagatiko prestazio ekonomikoa
- Langile autonomoaren kontingentzia arruntengatiko Gizarte Segurantzako kotizazioa ordaintzea.
- Lanbide-prestakuntzako eta -orientaziorako neurriak
Prestazioak jasotzeko baldintzak (4. artikulua)
- Alta egoeran afiliatuta egotea eta lanbide-kontingentziak estalita izatea.
- Jarduera uzteagatiko gutxieneko kotizazioaldia beteta izatea (12 hilabete).
- Jarduera uztearen legezko egoeran egotea (5. artikulua).
7.1. Mendeko autonomoa
Definizioa
Lan Autonomoaren Estatutuari buruzko Legean eta Langile Autonomoaren
Estatutua garatzen duen otsailaren 23ko 197/2009 Errege Dekretuan, ekonomikoki
mendekoa den langile autonomoaren kontratuari dagokionez, oso kontuan izan da
ekonomikoki mendekoa den langile autonomoaren (TRADE) egoera; diru-sarreren
% 75, gutxienez, bezero berarengandik jasotzen duena da TRADE autonomoa.
TRADEtzat hartuko badira, autonomoek honako baldintza hauek bete behar dituzte:
1. Ez dute besteren konturako langilerik izango, ez eta jarduera osoa edo zati bat hirugarrenekin kontratatu edo azpikontratatuko ere, ez ekonomikoki bera mendean duen bezeroarekin kontratatutako jarduerari dagokionez, ez beste bezero batzuekin kontrata ditzakeen jarduerei dagokienez.
2. Ezin izango du bere jarduera garatu bezeroaren konturako lan-kontratazioko edozein modalitatetan zerbitzuak ematen dituzten langileekin bereizi gabe.
3. Jarduera gauzatzeko beharrezkoak diren produkziorako azpiegitura eta material propioak izango dituzte, bezeroaren azpiegitura eta materialekiko independenteak, jarduera horretan ekonomikoki garrantzitsuak direnean.
4. Beren irizpide profesionalekin egingo dute lana, betiere bezeroak proposatutako jarraibideak alde batera utzi gabe.
5. Kontraprestazio ekonomiko bat jasoko du bere jardueraren emaitzaren arabera eta bezeroarekin hitzartutakoaren arabera
Beren jarduera merkataritza- eta industria-establezimendu edo -lokaletan eta publikoari irekitako bulegoetan garatzen duten langile autonomoak eta beste batzuekin batera sozietate-araubidean edo zuzenbidean onartutako beste edozein forma juridikoren pean lan egiten duten profesionalak ez dira ekonomikoki mendekoak diren langile autonomotzat hartuko.

Kontratua
Ekonomikoki mendekoa den autonomoaren eta haren bezeroaren arteko akordioak idatzizko kontratu bidez egin beharko dira, eta dagokion bulego publikoan erregistratu beharko dira. Kontratuan berariaz adieraziko da ekonomikoki mendekoak diren autonomoak direla. Gainera, kontratuan iraupen zehatzik zehazten ez bada, iraupen mugagabeko lantzat hartuko da.
Ekonomikoki mendekoa den autonomoaren eta haren bezeroaren arteko harremana azkendu ahal izango da honako egoera hauetakoren bat gertatzen bada:
1. Aldeek hala adosten badute.
2. Kontratuan baliozkotasunez jasotako arrazoiak, salbu eta arrazoi horiek eskubideaz abusatzea direnean, nabarmen.
3. Lanbide-jarduerarekin bateraezinak diren baliaezintasuna edo erretiroa eta heriotza, Gizarte Segurantzaren dagokion legeriaren arabera.
4. Ekonomikoki mendekoa den langile autonomoak atzera egitea. Ezarritako aurreabisua egin beharko du, edo usadio eta ohituren arabera.
5. Bezeroak hala nahi izatea, arrazoi justifikatuagatik, eta ezarritako aurreabisua egin beharko du, edo usadio eta ohituren arabera.
6. Ekonomikoki mendekoa den langile autonomoaren borondatea, kontrako aldeak kontratuaren ez-betetze larria egin duelako.
7. Ekonomikoki mendekoa den langile autonomoak hala erabakita, genero-indarkeriaren biktima izateagatik kontratu-harremana azkentzera behartuta dagoelako.
Ekonomikoki mendekoak diren langile autonomoen kontratuen erregistroak (TAED erregistroa) aukera ematen du ekonomikoki mendekoak diren langile autonomoen jarduera ekonomikoa edo profesionala egiteko kontratuak telematikoki erregistratzeko. SPEEren erregistro elektronikoaren bitartez egiten da prozedura: http://www.sepe.es/registro/indexTAED.html

Jarduera profesionalaren lanaldia
Ekonomikoki mendekoa den langile autonomoak urtean 18 egun izango ditu, gutxienez, jarduera eteteko.
Halaber, kontratu edo akordio profesionalean asteko atsedenaldiak eta jaiegunak ere adostuko dira.
Kontratu bidez adostutakoa baino denbora gehiagoz lan egitea borondatezkoa izango da, eta ezin izango du gainditu interes profesionaleko akordio bidez ezarritako gehieneko igoera. Interes profesionaleko akordiorik ez badago, igoera ez da izango banaka adostutako ohiko jarduera-denboraren % 30 baino handiagoa. Bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri izaten laguntzeko, laneko ordutegia egoera bakoitzari egokitu beharko zaio. Ekonomikoki mendekoa den emakumezko langile autonomoak, genero-indarkeriaren biktima bada, jarduera-ordutegia egokitzeko eskubidea izango du, bere burua babestu edo gizarte-laguntza osorako eskubidea baliatu ahal izateko.

Jarduera profesionalaren etenaldi justifikatuak
Jarduera uztea justifikatutzat joko da honako kasu hauetakoren bat gertatzen bada:
1. Aldeek hala adosten badute.
2. Premiazko, ustekabeko eta bat-bateko familia-erantzukizunei aurre egin behar izateagatik.
3. Langile autonomoaren bizitzarako edo osasunerako arrisku larria eta hur-hurrekoa.
4. Aldi baterako ezintasuna, amatasuna edo aitatasuna.
5. Genero-indarkeriaren egoera, ekonomikoki mendekoa den emakumezko langile autonomoak bere burua babestu edo gizarte-laguntza osorako eskubidea baliatu ahal izateko.
6. Ezinbesteko kasuetan.
7. Kontratu edo akordio profesionalean, lan-jarduera modu justifikatuan eteteko beste arrazoi batzuk zehaztu ahal izango dira.
Jurisdikzio-eskumena
Legean eta Errege Dekretuan ekonomikoki mendekoak diren langile autonomoen babesa aipatzen da, kalte-ordainei, lanaldiari eta lan-denborari, kontratuaren iraupenari, justifikatutako etenaldiei eta abarri dagokienez, baina ez dira ezarri ekonomikoki mendekoak diren langile autonomoen eskubideak erabat babesteko gutxieneko edukirik.
Legean, ekonomikoki mendekoa den langile autonomoaren figuraren definizio zehatza egiten da, eta argi uzten du, nolanahi ere, langile autonomoa dela eta, beraz, ez zaizkiola aplikatu behar besteren konturako lanaren lan-arloko legeak. Horren ondorioz, ekonomikoki mendekoak diren langile autonomoentzat guztiz abusuzkoa den kontratazioa sortzen da.
Lan-arloko jurisdikzio-organoek izango dute eskumena ekonomikoki mendekoa den langile autonomo baten eta haren bezeroaren artean egindako kontratutik eratorritako uziak erabakitzeko. Gainera, interes profesionaleko akordioak aplikatzearen eta interpretatzearen ondoriozko gaiak erabakitzeko eskumena ere izango dute. Ekonomikoki mendekoa den langile autonomoaren eta bezeroaren arteko harremanaren ondoriozko balizko egintza judizialen aurretik adiskidetze-saiakera bat egin beharko da, eta dagokion organoan baztertu.e.
8. AUTONOMO IZATEKO LEHEN URRATSAK
- Zerga-arloko izapideak
- Lan-arloko izapideak
- Tokiko administrazioan egin beharreko izapideak

8.1. Zerga-arloko izapideak
ZENTSU-AITORPENA
Zer da?
Zentsu Aitorpena jardueraren hasiera, aldaketa edo amaieraren adierazpena da. Espainiako lurraldean enpresa- edo lanbide-jarduera bat hasiko duten pertsona fisiko eta juridiko guztiek aurkeztu behar dute.
Dokumentuak
- 036 eredu ofiziala
- Alta EJZn
Epea: Jarduerari ekin baino lehen
Tokia: negozioaren zerga-egoitzari dagokion Zerga Administrazioan (ZAEA). Bizkaian, zehazki, Foru Ogasunean.

EKONOMIA JARDUEREN GAINEKO ZERGA
Zer da?
Tokiko zerga bat da, zuzenekoa, eta enpresa-, lanbide- edo arte-jarduera bat egiten duten pertsona fisiko edo juridiko guztiek ordaindu behar dute. Derrigorrezkoa da sozietate, enpresaburu edo profesional guztientzat. Zenbat jarduera egin behar diren, hainbat alta aurkeztu behar dira. Ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emateak enpresa-jardueraren sorrera adierazten du.
2003ko urtarrilaren 1etik aurrera, zerga hori ordaintzetik salbuetsita daude negozio-zifraren zenbateko garbia 1.000.000 €-tik beherakoa duten pertsona fisikoak, sozietate zibilak eta merkataritza-sozietateak.
Dokumentuak
- Eskaera-orria: izapidetze-unitatean bertan bete behar da. Udal bakoitzak
EJZn alta hartzeko dagokion inprimakia dauka. Ordaintzetik salbuetsita egonez
gero, zentsu-aitorpenaren 036 ereduaren bitartez egin behar da. Bestela, eredu
ofiziala 840 da, behar bezala beteta.
- Epigrafeak: epigrafe bat edo batzuk aukeratu behar dira. Autonomo izango den horrek egingo d(it)uen jarduera(k) adierazten d(it)u epigrafeak. Lehenik eta behin, haren jarduera profesionala edo enpresakoa izango den zehaztu behar da. Horregatik, garrantzitsua da jakitea zein epigrafe egokitzen zaion hobekien garatu nahi den jarduerari.
Epea: Jarduerari ekin baino lehen (gehienez ere hamar egun lehenago).
Tokia: zergaren alta-eskaera, likidazioa eta diru-bilketa Foru Ogasunean egiten da.

8.2. Lan-arloko izapideak
GIZARTE SEGURANTZAREN DIRUZAINTZA
Autonomoen Araubideko afiliazioa eta alta:
Gizarte Segurantzako araubide berezi hori nahitaezkoa norberaren konturako langileentzat eta merkataritza-sozietateetako bazkide langileentzat, eta, kasuen arabera, araubide horretan edo Orokorrean hartu behar dute alta.
Aurkeztu beharreko dokumentuak: NAN elektronikoa edo ez-elektronikoa –Diruzaintzak emandako gakoak izanez gero–, telefono mugikorraren zenbakia, kontu korrontearen IBANa eta egingo den jardueraren EJSN zenbakia. EJZtik EJSNra aldatzeko bihurgailu ugari daude, eta Gizarte Segurantzak berak honako hau gomendatzen du: https://www.iberaval.es/conversor/
Epea: Jarduerari ekin baino lehen (gehienez ere 60 egun lehenago). Urtean zehar hainbat alta eta baja har daitezke araubidean. LAABko lehen altak alta hartzen den egunetik hasita eragiten ditu ondorioak; laugarren altatik aurrera, berriz, hilaren lehenengo egunean. Araubideko bajei dagokienez, urtean gehienez hiru baja badira, baja gertatzen den egunetik hasita eragingo dituzte ondorioak; gainerakoen kasuan, berriz, baja hartu den hileko azken egunetik aurrera.
Tokia: Internet http://www.seg-social.es/wps/portal/wss/internet/Inicio
Patronal-zenbakia eskatzea
Besteren konturako langile gisa norbait kontratatzen denean bakarrik egin behar da.
Horrela, bada, enpresa Gizarte Segurantzan erregistratzen da, eta horrek kotizazio-kontu nagusiaren kodea esleitzen dio enpresaburuari.
Erregistro hori bakarra izango da, eta enpresaren titular den pertsona fisiko edo juridikoaren bizitza osorako balioko du.
Aurkeztu beharreko dokumentuak: enpresak erregistratzeko inprimakia –hiru aletan–, titularraren IFZ edo eratze-eskrituraren kopia, lan-istripuen mutualitateko edo elkarteko kontratua –enpresaren lan-sektorea aipatuta–, kontratatutako langilearen altaren inprimakia eta EJZn alta emateko inprimakia.
Epea: Pertsonak jarduerari ekin baino lehen
Tokia: enpresaren helbideari dagokion Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusia.
Lantokia irekitzearen jakinarazpena
Lantoki berri bat irekitzen duten enpresek edo aldaketa, handitze edo eraldaketa garrantzitsuak egin ondoren jarduerari berriro ekiten dioten enpresek egin behar dute.
Aurkeztu beharreko dokumentuak: eredu ofiziala, lau aletan, enpresaren datuekin, lantokiaren datuekin, plantillaren datuekin, egiten den jardueraren datuekin.
Epea: jarduerari ekin edo berrekin ondoko segidako 30 egun.
Tokia: Lan, Gizarte Segurantza eta Gizarte Gaietako Probintzia Zuzendaritza.
Laneko Arriskuen Prebentziorako Plana ezartzea
Besteren konturako langileak izan behar diren guztietan, nahitaezkoa da;
bestela, ez da derrigorrezkoa. Egia da, hala ere, jarduera jakin batzuek
arriskua ekar diezaioketela jarduera horiek egiten dituenari, eta kasu horietan
ere eskatzen dela, bai legearen aldetik, bai, askotan, zerbitzuak kontratatuko
dituzten beste enpresa edo erakunde batzuen aldetik.
Langileen ordutegien erregistroa
Besteren konturako langileak izanez gero, horien ordutegiak kontrolatu behar dira, eta ordutegien erregistroa zentroan gorde behar da bost urtez.
Erregistratzeko modua askatasunez aukera daiteke, eta paperean ere egin daiteke, baina askoz ere erosoagoa da erregistroa modu informatizatuan eramatea. Doako aplikazio ugari daude lan hori errazteko.
Kotizazioa: autonomoen kuota aurrez hautatutako oinarri baten arabera kalkulatzen da, eta kotizazio-ehuneko bat aplikatzen zaio. Zenbateko horiek urtez urte aldatzen eta eguneratzen dira. 2020an indarrean dauden oinarriak honako hauek dira:
•• Gutxieneko oinarria: 944,40 €/hil.
•• Gehieneko oinarria: 4.070,10€/hil.
Epea: Jakinarazpena jarduerari ekin baino lehen, gehienez ere 60 egun lehenago. LAABn bajak eskatzeko, autonomoak 3 egun izango ditu Gizarte Segurantzan baja hartzeko, EJZn jarduera bertan behera uzten den egunetik hasita.
Tokia: Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren Probintzia Zuzendaritza edo dagozkion administrazioetan.

JARDUERA PROFESIONALA GIZARTE SEGURANTZAN ERREGISTRATZEA
Zer da?
Jarduera profesionala Gizarte Segurantzan erregistratzea aldez aurretik nahitaez bete beharreko baldintza da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrari atxikitako pertsonak kontratatu behar dituzten autonomo guztientzat. Gizarte Segurantzak kotizazio-kontuaren kode bat esleituko dio autonomoari –patronalaren zenbakia–, eta Espainiako lurralde osorako balio du.
Autonomoaren erregistroa baliabide elektroniko, informatiko edo telematikoen bitartez egin ahal izango da. RED sistema erabiltzera behartuta daude murrizketak, hobariak edo Gizarte Segurantzaren bestelako onurak dituzten jarduera profesionalak.
Dokumentuak
Eskaera-eredu ofiziala.
NANaren fotokopia.
EJZko altaren jatorrizko alea eta kopia.
LAABko altaren jatorrizko alea eta kopia.
Lan-istripuak eta lanbide-gaixotasunak GSINren edo Mutuaren bidez estaltzeko aukera
Epea: Jarduerari ekin baino lehen
Tokia: Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren Probintzia Zuzendaritza edo dagozkion administrazioetan
KONTRATATUTAKO LANGILEEN AFILIAZIOA ETA ALTA
Zer da?
Jarduera bati ekin nahi dion eta horretarako langileak kontratatu behar
dituen autonomoak Gizarte Segurantzaren dagokion araubidean erregistratzeko
eskaera egin beharko du, eta langile bakoitzari afiliazioa egin eta alta eman
beharko dio. Afiliazioarekin identifikazio-zenbaki iraunkor bat esleitzen da,
langilearen lan-bizitza osorako balio duena. Autonomoa bere langile guztien
alta eta baja eskatzera eta datu-aldaketak jakinaraztera behartuta dago.
Dokumentuak
- Afiliazioa:
- Eskaera-eredu ofiziala (langile bakoitzeko eskaera bat bete behar da)
- Langile
bakoitzaren NANaren fotokopia.
- Langilearen alta jakinaraztea:
- Altak jakinarazteko eredu ofiziala, autonomoak sinatuta.
- Afiliazio-dokumentuaren
fotokopia
Epea:
Alta: lan-harremana hasi baino lehen, gehienez ere 60 egun lehenago.
Baja-eskaera: 6 egun natural, lan-jarduera amaitzen denetik.
Datuen aldaketa: 6 egun natural.
Tokia: Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren Probintzia Zuzendaritza edo dagozkion administrazioetan, edo RED Sistemaren bitartez.

LANEKO PROBINTZIA ORDEZKARITZA
LANTOKIA IREKITZEAREN EDO ERALDATZEAREN JAKINARAZPENA
Zer da?
Lantoki bat ireki aurretik, honako baldintza hauek bete behar dira:
autonomoa behartuta dago lan-agintaritzari jakinaraztera jarduera egingo duen
lantokia irekiko dela; era berean, jarduerari berrekingo diola ere jakinarazi
beharko dio, eraldaketa esanguratsuren bat egin ondoren.
Nork izapidetu behar du?
Lantoki berri bat irekitzen duten edo aldaketa, handitze edo eraldaketa garrantzitsuak egin ondoren jarduerari berriro ekiten dioten autonomoek egin behar dute.
Kontratatutako
langilerik ez duten langile autonomoak baino ez daude betebehar horretatik
salbuetsita.
Dokumentuak
Dagokion eredu ofiziala, datu hauek jasota:
- Jardueraren datuak:
- Izena edo sozietatearen izena, helbidea, udalerria, probintzia, posta-kodea eta telefono-zenbakia.
- Identifikazioa, NANa edo IFZ, eta, atzerritarra edo errefuxiatua bada, pasaportea edo horren ordezko dokumentua.
- Sortu berria den edo lehendik bazegoen.
- Jarduera ekonomikoa.
- Lan-istripuen
eta lanbide-gaixotasunen erakunde kudeatzailea edo laguntzailea.
- Lantokiaren
datuak:
- Izena, helbidea, udalerria, probintzia, posta-kodea eta telefonoa, eta lantokiaren kokapena argi eta argi zehaztu beharko da.
- Gizarte Segurantzako erregistro-zenbakia, zentro mota, jakinarazpena eragin duen arrazoia eta jardueraren hasiera-data.
- Lantokian lanean ari diren langileen guztizko kopurua, sexuaren arabera banatuta.
- Laneko segurtasun- eta osasun-plana, eraikuntza-obretan hala eskatzen denean.
- Proiektu teknikoa eta jardueraren ezaugarriak deskribatzen dituen
memoria, jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuen kasuan.
- Lantokiko produkzioari eta/edo biltegiratzeari buruzko datuak:
- Instalatutako potentzia, instalatutako makinen eta aparatuen zehaztapena, prebentzio-zerbitzuak.
Epea: lantokia ireki edo jarduerari berriro ekin eta hurrengo 30 buruan.
Tokia: Laneko Probintzia Ordezkaritza

8.3. Tokiko administrazioan egin beharreko izapideak
Hurrengo urratsak derrigorrezkoak dira lokal bat ireki behar baduzu,
lokalean obrak egin behar badituzu edo titularra nahiz jarduera aldatu behar
baduzu. Ez bada kasu horietako bat, ez dira beharrezkoak. Hala eta guztiz ere,
lokal bat ireki behar baduzu, aipatutako guztia egin aurretik, garrantzitsua da
Udalean galdetzea zer aukera dauden zuk buruan duzun lokal horretan nahi duzun
negozioa jartzeko.
LANTOKIA IREKITZEKO LIZENTZIA
Zer da?
Proiektatutako instalazioa indarrean dagoen hirigintza-araudiarekin eta
aplikatu beharreko araudi teknikoarekin bat datorrela egiaztatzen duen
udal-lizentzia da. Lokal bat ireki behar denean baino ez da eskatu behar.
Jarduerak honela banatzen dira:
Kaltegabeak: eragozpenik eta kalterik sortzen ez dutenak - errazago lortzen dira, eta merkeago.
Kalifikatuak: gogaikarriak, osasungaitzak, kaltegarriak eta arriskutsuak
izan daitezkeenak, eta, beraz, lortzen zailagoak eta garestiagoak dira.
Dokumentuak
Inprimaki normalizatua, EJZko alta, lokalaren errentamendu-kontratua edo
jabetza-eskritura, eskatzailearen IFZ edo sozietate-eskritura eta IFK,
jardueraren eta lokalaren deskribapen-memoria, lokalaren oinplanoaren eta
sekzioaren planoak, lokalaren kokapenaren planoa edo krokisa, instalazioen aurrekontua.
Gainera, jarduera kalifikatua baldin bada, instalazioen proiektu bat egin
beharko da, teknikari eskudunak sinatuta, dagokion lanbide-elkargoak
ikus-onetsita eta zuzendaritza fakultatiboarekin; proiektuan honako hauek bildu
behar dira: Planoak, Aurrekontua eta Memoria. Irekitzeko lizentzia eman
ondoren, kalifikatutako jarduerek funtzionamendu-lizentzia eskatu behar dute.
Epea: lokala ireki baino lehen. Lizentzia emandakoan, jarduerak segidako 6 hilabeteen barruan hasi behar du.
Tokia: Udalean, Barrutiko Udal Batzarrean edo Hirigintzako Udal Kudeatzailetzan, egin beharreko instalazioen eta lokala edo establezimendua kokatuta dagoen eremuaren kalifikazioaren arabera.

OBRA-LIZENTZIA
Zer da?
Lokal, nabe edo establezimendu batean edozein obra egiteko beharrezkoa
da. Beraz, lokalik irekiko ez bada edo obrarik egingo ez bada, ez da
beharrezkoa izango.
Bi motatakoa izan daiteke:
- Obra txikiko lizentzia
- Obra handiko lizentzia
Dokumentuak
Obra txikiko lizentziaren kasuan: eredu normalizatua (lizentzia eskatzeko bete behar den agiri ofiziala), obraren egile materialak sinatutako aurrekontua, edo azalpen-memoria, balioetsia eta xehatua, eskatzaileak sinatua, eta tasa Udalaren Diruzaintzan ordaindu izanaren ordainagiria.
Obra handiko lizentzien kasuan: eredu normalizatua (lizentzia eskatzeko
bete beharreko agiri ofiziala), Udalaren Diruzaintzan tasa ordaindu izanaren
ordainagiriaren kopia, azalpen-memoria eta proiektu teknikoa, baimendutako
fakultatibo batek sinatua eta ikus-onetsia.
Epea: obrak amaitu baino lehen. Lizentzia eman ondoren, obrak 6 hilabetera bitarte egin daitezke, lizentzia eman zen egunetik hasita.
Tokia: Udalean, Barrutiko Udal Batzarrean edo Hirigintzako Udal Kudeatzailetzan.

NEGOZIO BATEN TITULAR-ALDAKETA
Zer da? Irekitzeko lizentzia baduen negozio baten titularra aldatzeko,
jakinarazitako egintza baten bitartez egin daiteke, baldin eta negozioa martxan
badago edo aldaketa egin nahi den dataren aurreko sei hilabeteetan egon bada.
Dokumentuak
Indarrean dagoen irekiera-lizentzia edo exhortoen ziurtagiria,
eskatzailearen IFZ edo eratze-eskritura eta IFK sozietateen kasuan,
eskualdatze-dokumentua edo aurreko titularraren adostasuna.
Epea: titular berriak jarduerari ekin baino lehen. Titularra aldatu eta segidako sei hilabeteetan hasi behar du jarduerak.
Tokia: Udalean, Barrutiko Udal Batzarrean edo Hirigintzako Udal Kudeatzailetzan.

JARDUERA-ALDAKETA (JARDUERA KALTEGABEEN KASUAN SOILIK)
Zer da?
Jakinarazitako egintza baten bitartez jarduera-aldaketa (jarduera
kaltegabe batetik beste batera) egiteko aukera udal bakoitzaren araudiaren
araberakoa izango da.
Dokumentuak
Inprimaki normalizatua, indarrean dagoen irekitzeko lizentzia edo
exhortoen ziurtagiria, eskatzailearen IFZ edo eraketa-eskritura eta IFK
sozietateen kasuan, kokapenaren planoa edo krokisa, lokalaren oinplanoaren eta
sekzioaren planoak, jarduera berriaren eta lokalaren deskribapen-memoria,
instalazioen aurrekontua.
Epea: jarduera berriari ekin baino lehen. Jarduera aldatu eta segidako sei hilabeteetan hasi behar du.
Tokia: Udalean, Barrutiko Udal Batzarrean edo Hirigintzako Udal Kudeatzailetzan.

Enpresaburu indibidualaren kontabilitateko eta ondare-erantzukizuneko betebeharrak
- Enpresaburuaren estatutu juridikoa
Enpresaburua, pertsona fisikoa nahiz juridikoa (merkataritza-sozietateak) izan, estatutu berezi bati atxikitzen zaio, eta estatutu hori ezin zaie aplikatu izaera hori ez dutenei.
- Enpresaburuaren estatutu juridikoak bi betebehar nagusi biltzen ditu:
1. Kontabilitate antolatua eramatea, euren merkataritzako jarduerei egokitua (Merkataritza Kodearen 25.1 art.) Enpresaburuek kontabilitate antolatua eta euren merkataritzako jarduerei egokitua eraman behar dute, eragiketen jarraipen kronologikoa egin ahal izateko; orobat, balantze nahiz inbentarioak egin behar dituzte, aldian-aldian. Horretarako, nahitaezkoa da inbentarioen eta urteko kontuen liburua egitea, baita liburu-egunkaria ere, lege eta xedapen berezietan ezarritakoari kalterik egin gabe. Kontabilitate hori enpresaburuak eraman dezake zuzenean edota horretarako baimena duten pertsonen bitartez, baina enpresaburuak du horren gaineko erantzukizuna. Uste izango da harako baimena eman dela, horren kontrako frogarik izan ezean.
2. Enpresaburua bera eta egintza jakin batzuk Merkataritza Erregistroan erregistratzea .
Merkataritza Kodearen 16.1 art.: Merkataritzako Erregistroaren xedea da ondokoak inskribatzea:
1.- Banakako enpresaburuak.
2.- Merkataritzako sozietateak, nahiz eta aurreragoko artikulu batean banakako enpresaburua salbuespentzat jotzen den.
Merkataritza Kodearen 19.1 art.: Banakako enpresaburuei dagokienez, Erregistroko inskripzioa nahibadakoa da, ontzi-ustiatzailearen kasuan izan ezik. Banakako enpresaburua ez badago inskribatuta, ezin du eskatu Merkataritzako Erregistroan inolako agiririk inskribatzeko, eta, era berean, ezin ditu erabili Erregistro horren lege-ondoreak.

Kontabilitate-betebeharra
Merkataritza Kodearen arabera, enpresaburu oro kontabilitate antolatua eramatera behartuta dago, kronologikoa jardueraren arabera baina inbentarioen eta balantzeen liburua egiteko moduan. Horretarako, nahitaezkoa da inbentarioen eta urteko kontuen liburua egitea, baita liburu-egunkaria ere, lege eta xedapen berezietan ezarritakoari kalterik egin gabe.
Legez ezarritako betebehar horrek ez du salbuespenik: enpresaren tamaina edozein dela ere, eta jarduten den sektore ekonomikoa edozein dela ere.

Derrigorrezko liburuak
- Merkataritza Kodearen 25. art.: Merkataritza Kodearen arabera, enpresaburua Inbentarioen eta Urteko Kontuen liburua eramatera behartuta dago, baita Liburu-egunkaria ere.
- Merkataritza Kodearen 28.2 art.: Liburu-egunkariak enpresa jardueraren eragiketa guztiak erregistratu behar ditu egunero. Dena den, baliozkoa da eragiketen kopuruak batera idaztea, hilabetekoak edo epe laburragokoak badira; horretarako, beharrezkoa da eragiketa horien zehaztapenak liburu-egunkariari loturiko beste liburu osagarri batzuetan agertzea.
- Inbentarioen eta Urteko Kontuen liburua (25.1 art.)
Inbentarioari dagokionez, sozietateen kasuan, pertsona juridikoaren jabetzako aktibo guztia sartzen da inbentarioan; enpresaburu indibidualen kasuan, berriz, pertsona fisiko horren aktiboaren zati bat baino ez da sartzen, enpresa-jarduerari atxikita dagoena, hain zuzen.

Ezkondutako pertsona batek merkataritza-jardueran jardutea
Ezkontzeak ez du murrizten bi ezkontideen jarduteko gaitasuna eta, horren ondorioz, biak izan daitezke enpresaburu, inolako murrizketarik gabe. Ezkontide enpresaburuaren merkataritza-zorren ondoriozko ondare-erantzukizunaren lege-araubidea. Ezaugarri orokorrak, Merkataritza Kodearen 6. artikulutik 11. artikulura bitarte.
6. art.: “Pertsona ezkonduak merkataritzan badihardu, merkataritzako jarduera horren ondorioei lotzen zaizkie ezkontide horren bakarreko ondasunak eta jarduera horren bidez lortutakoak, eta batzuk zein besteak besterendu nahiz hipotekatu egin daitezke. Gainerako ondasun erkideak jarduera horren ondorioei lotzeko, beharrezkoa da ezkontide biek horren gaineko adostasuna ematea.
7. art: Aurreko artikuluak aipatu adostasuna eman dela uste izango da, adostasuna eman behar duen ezkontideak merkataritzako jardueren berri izan, eta horien aurka esanbidez jotzen ez duenean.
8. art: Halaber, 6. artikuluak aipatu adostasuna dagoela uste izango da, ezkontza egiten den garaian, ezkontide bat merkataritzan aritu eta jarduera horri ekiten badio, beste ezkontidearen aurkajartzerik gabe.
9. art: Merkatariaren ezkontidearen bakarreko ondasunak lotzeko, azken horren esanbidezko adostasuna behar da, kasu bakoitzean.
10. art: Merkatariaren ezkontideak askatasunez ezezta dezake aurreko artikuluetan aipatu adostasun esanbidezkoa edo ustezkoa.
11. art: Hirugarrenei begira, 7., 9. eta 10. artikuluek aipatu adostasun-, aurkajartze- eta ezeztatze-egintzak agerrarazi behar dira Merkataritzako Erregistroan inskribatutako eskritura publikoan. Ezeztatze-egintzek ezin die, inola ere, kalterik eragin aurretiaz eskuratutako eskubideei.
12. art.: Aurreko artikuluetan xedatutakoa ulertu behar da, ezkontzako itunetan jasotako kontrako egintzei kalterik egin gabe; ezkontzako itunok behar bezala inskribatu behar dira Merkataritzako Erregistroan.
Beraz, ezkontideek ezkontza-itunak egin badituzte ezkondu aurretik edo ondoren, ezkontzaren araubide ekonomikoa ezkontza-itunetan jasotakoa izango da. Kasu horretan, enpresa-jarduera gauzatzeagatik lortutako ondasun propioen eta erkideen ondoriozko erantzukizuna salbuetsita dago, ezin baita indargabetu ezkontideen borondatez ezkontza-itunetan jasota egon arren.
Itundutakoa hirugarren onustedunak diren merkataritzako hartzekodunen aurka baliatzeko, itunak Merkataritzako Erregistroan erregistratu behar dira, eta ezkontzaren araubide ekonomikoa Merkataritzako Erregistroaren Aldizkari Ofizialean argitaratu.
Edonola ere, ezkon-bizitzan ezkontzaren araubide ekonomikoa aldatzeak ez die kalterik egiten, inolaz ere, hirugarrenek lehendik eskuratutako eskubideei. “Oso ohikoa da, ezkontideetako bat enpresaburua denean, irabazpidezko araubidearen ordez ondasun-banantze araubidea ezartzea ondarearen zati bat hartzekodunen ekintzatik salbatzeko. Ezkontzaren araubide ekonomikoaren aldaketa hori etorkizuneko merkataritza-hartzekodunen aurka balia daiteke Merkataritza Erregistroan erregistratu eta Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik; baina argitaratu aurreko hartzekodunei dagokienez, ezkontzaren araubide ekonomikoaren aldaketa, irabazpidezko sozietatearen desegitea eta likidazioa, eta ondasun erkideen esleipena garrantzirik gabekoak dira: hartzekoak aldaketa argitaratu baino lehen sortuak dituzten hartzekodunei ordaintzeari lotuta jarraituko dute irabazpidezko ondasunek –edo enpresa-jarduera gauzatzearen ondorioz lortutako irabazpidezkoak soilik–, baldin eta beste ezkontidea jardun horren aurka formalki agertu bada edo jardun horretarako emandako baimena ezeztatu bada (Merkataritza Kodearen 6. artikulutik 11. artikulura bitarte). (Iturria: Thomson/civitas argitaletxea).

Ondare-erantzukizunaren hedadura
“Ezkondutako enpresaburu batek enpresa-jardueraren jardunean egindako zorren ondoriozko ondare-erantzukizunaren hedadurari dagokionez, honako hauek ditugu:
-Ondarearen zati bat ezkondutako enpresaburuak hartutako betebeharrak betetzeari atxikita geratzen da beti eta kasu guztietan; hain zuzen ere, enpresaburu horren beraren ondasunak edo pribatiboak eta enpresa-jardueraren jardunean lortutako ondasun erkideak (Merkataritza Kodearen 6. art.).
Enpresaburuaren beraren ondasunen aipamenak ez du interpretazio-arazorik sortzen: ezkon-bizitza hastean enpresaburuarenak diren ondasun pribatiboak ez ezik, gerora doan eskuratu dituenak ere geratzen dira ondare-erantzukizunaren eraginpean.
Arazoa handiagoa da merkataritzaren eta, oro har, enpresa-jardueraren ondorioz lortutako ondasun ekonomikoak zer esan nahi duen interpretatzeko garaian.
Dena dela, arauan argi eta garbi aipatzen da honako hau –eta araua, gainera, aginduzkoa da–: araubide ekonomikoa ondasun-banantzea ez baldin bada, enpresaburuaren beraren ondasunen eta enpresa-jardueraren jardunean lortutako ondasun erkideen erantzukizuna ezin da indargabetu ezkontideek hala nahi dutelako, nahiz eta ezkontza-itunetan jasota egon. Gainerako ondasun erkideak enpresaren zorrei erantzuteko erabiltzera behartzeko, beharrezkoa da ezkontide biek horren gaineko adostasuna ematea.
Adostasun hori esanbidez eman daiteke, edo presuntzioz adierazi. Legeari jarraikiz, adostasuna eman dela ulertuko da bi kasu zehatzetan: ezkontza egiten den garaian, ezkontide bat merkataritzan aritu eta jarduera horri ekiten badio, beste ezkontidearen aurkajartzerik gabe (Merkataritza Kodearen 8. art.), eta, ezkontza egiteko unean merkataritzan aritu ez arren, gerora merkataritzan hasten bada eta adostasuna eman behar duen ezkontideak merkataritzako jardueren berri izan, eta horien aurka esanbidez jotzen ez duenean (Merkataritza Kodearen 7. art.). Presuntzio horien ondorioz, praktikan zera gertatzen da, kasu gehien-gehienetan, ondasun erkide guztiak eta irabazpidezko ondasun guztiak merkataritza-jardunaren ondare-erantzukizunari atxikita geratzen direla.
Enpresaburuaren ezkontidearen ondasun pribatiboei dagokienez, hartutako betebeharrei atxikita geratzeko ezkontide horrek adostasuna eman behar du esanbidez (Iturria: Thomson / civitas).
