Egoera Finantzarioak
2. BALANTZEA: AKTIBOA ETA PASIBOA. NOLA DAGO OSATUTA NIRE ENPRESA?
Enpresa bat sortu nahi duen edonork, bere jarduera gauzatzeko behar duen edo beharko duen guztia aztertu eta idatzi beharko luke. Oso ohikoa da inbertsioaren aurreikuspena iritzira egitea, gutxi gorabehera; horrelakoetan, aurreikuspen baxuegia egin ohi da, eta finantzaketa-iturria zein izango den ebaluatzea falta izaten da.
Horregatik, garrantzitsua da jarduera hasteko ezinbestekotzat jotzen den guztiaren aurrekontua eskatzea. Aurrekontu hori ezinbestekoa izango da finantzaketa bilatzeko, bai eta finantzaketa beharrezkoa den ebaluatzeko ere, izan ere, litekeena da aurrezkia edo ekarpenak kontuan hartuta behar beste diru izatea, finantzaketarik eskatu gabe.
Hasteko, jarraian dagoen irudia aztertuko dugu. Balantzeak gure negozioaren egitura adierazten du, une jakin baterako. Negozio-planean, simulazio bat egingo dugu, gure negozioa jardueraren hasieran nola egongo den eta lehen eragiketen ondoren zer itxura izango duen aztertzeko. Hori hasierako balantzea eta ekitaldi-itxierako balantzea da.
Ikusten denez, balantzeak bi
bloke handi ditu: aktiboarena eta pasiboarena. Jarraian, horietako bakoitza azalduko
dugu, labur-labur.
Aktiboa – Kontabilitatean, enpresa edo negozio batek dituen ondasunak eta eskubideak dira aktiboak. Aktibo arruntaren edo ez-arruntaren kontzeptuak ulertzeko, agian intuitiboagoa da epe luzeko egitura eta epe laburreko egitura gisa aztertzea.