2. BALANTZEA: AKTIBOA ETA PASIBOA. NOLA DAGO OSATUTA NIRE ENPRESA?

2.1. Aktibo ez-arrunta – epe luzeko egitura

Epe luzeko egiturak, edo aktibo ez-arruntak, enpresan luzaroan egongo diren ondasun guztiak adierazten ditu.

A.    Ibilgetua

  • Ibilgetu ukiezina: enpresaren elementu iraunkorrak eta ukiezinak dira, hala nola kudeaketa-softwarea, webgunea, irudi korporatiboa, patente bat edo administrazio-emakida bat. Enpresa batek fisikoa (auto, biltegia, etab.) ez den zerbaiti buruz dituen eskubideak dira. Elementu horiek balioa sortzen dute edo sortu dezakete enpresarentzat, eta horregatik, aktiboaren barruan kontabilizatzen dira.

  • Ibilgetu materiala: enpresaren ondasun materialak dira, ikus daitezkeenak, uki daitezkeenak eta trinkotasun fisikoa dutenak. Agian horiek errazago identifikatzen dira, nolabait ukigarritzat jotzen dugun guztia baitira (lursailak eta ondasun naturalak, eraikinak eta lokalak, makinak, altzariak, ordenagailuak, garraio-elementuak, etab.).

  • Amortizazio metatua: instalazioak, makinak, ibilgailuak eta abar ez dira ekitaldi ekonomiko bakarrean erabiltzen, baizik eta hainbat ekitalditan.

    Normalean, elementu horiek balioa galtzen joaten dira denborak aurrera egin ahala, hainbat arrazoirengatik:
  • Elementuak erabiltzean higatu eta narriatu egiten direlako.
  • Modelo berriak agertzean, aurrekoak zaharkituta gelditzen direlako edo jada ez direlako erabiltzen.

Aktiboan, galdu-irabazien kontuan urtez urte gastu gisa sartu diren balio-galeren batura hartu behar da kontuan. Galdu-irabazien atalean, xehetasun gehiago emango ditugu balio-galera kalkulatzeko metodoei buruz.

B.     Ibilgetu finantzarioa: enpresa batek egindako inbertsio finantzario guztiak dira, hala nola beste enpresa batzuei erositako akzioak, obligazioak, bonuak, errenta finkoko baloreak eta horien interesak, eta abar. Hala ere, inbertsio horiek guztiak ibilgetu gisa hartu ahal izateko, modu egonkorrean egin behar dira, hau da, ez dira egin behar arrazoi espekulatiboengatik, eta epe luzekoak izan behar dute.

Aurrekoaz gain, ordaindu beharreko fidantzak eta gordailuak ere sartzen dira, betiere urtebetetik gorako iraupena badute.