Egoera Finantzarioak
4. KONTABILITATEARI BURUZKO FAQ
Behin kontabilitateko kontzeptu batzuk ezagutzen ditugunean, sarritan zalantzak sortzen dira, gastu bat zer den eta ordainketa bat zer den, eta normalean uste izaten dugu bankuan kentzen duen guztia gastua dela edo emaitza-kontuan gastu gisa jartzen dugun guztiak bankuko kontuan dugun diru-kopurua txikitzen duela.
Lehen azaldu dugun moduan,
amortizazioak kontabilitate-gastu bat dira, eta diruzaintza ez dute aldatzen,
baina emaitza bai.
- Nola kalkulatzen dira amortizazioak?
Ohikoena da gure negozioko ibilgetuaren elementu bakoitzari balio-bizitza bat ematea. Kasu honetan, gure inbertsioak zer elementu dituen aztertu beharko dugu, hau da, ikusi beharko dugu gure negozioko elementuren baten balio-bizitza teknologiaren bilakaera azkarraren mende ote dagoen: ekipo informatikoak, makinak, softwarea, eta abar; edo erabileraren ondorioz higatzen diren elementuak ote dauzkagun, hala nola furgoneta bat edo kamioi bat salgaiak garraiatzen dituen enpresa batean. Bi kasuetan garrantzitsua da balio-bizitza hori zehaztea, kasu batzuetan urte-kopuruaren arabera, edo, garraio-elementuen kasuan, urtebetean egiten den kilometro-kopuruaren arabera.
Jarraian, pare bat adibide jarriko ditugu:
Ordenagailu bat erosi dugu 2.420 €-an, eta 4 urteko balio-bizitza izango duela jotzen dugu.
Ikusten denez, lehenengo atalean, ikusi behar da erosketaren zer zati den BEZa, eta zer zati zerga-oinarria. Zerga-oinarriaren zenbatekoa kalkulatutako balio-bizitzaz zatituko dugu. Eta ekitaldi bakoitza ixtean, amortizazioa adieraziko dugu emaitza-kontuan.
Maiz, galdera hau egiten da: balio-bizitza igaro ondoren, kasu honetan 4 urte, elementua baztertu behar dugu?
Eta erantzuna ezezkoa da:
ordenagailuak funtzionatzen badu, gure negozioan erabiltzen jarraitu dezakegu,
baina aurrerantzean ez da egongo elementu horri lotutako
kontabilitate-mugimendurik. Ezingo dugu jarraitu kontabilitateko gastu gisa
adierazten.
- Eta BEZa, gastua da?
Bankuko kontuen saldoa ikustean, ohiko beste akats bat da une horretan bankuan dugun diru guztia gure diru-sarrerak direla pentsatzea.
Garrantzitsua da gogoratzea enpresak hiruhileko batean BEZetik jaso duen dirua ez dela inoiz haren diru-sarreren parte izango.
Subjektu pasiboak dira enpresaburu edo profesional diren pertsona fisikoak edo juridikoak, zergak ordaindu behar dituzten ondasunak edo zerbitzuak ematen dituztenak.
Enpresaburuek, zerbitzuak ematen dituztenean, BEZa jasanarazten dute, eta hori bezeroak ordaindu behar du; hortaz, enpresaburuak zerga-bilketa bakarrik egiten du, nahiz eta subjektu pasiboa ere baden (hau da, erantzukizuna enpresaburuarena da). Hala, Ogasunak enpresaburuari zenbateko hori eskatzen dio, baina bezeroak ordaindu izango du faktura baten bidez.
Hirugarrenei zerbitzuak ematen dizkieten negozio gehienetan, BEZaren kalkulua honela adierazten da.
Horrela irudikatuta, ikus dezakegu Ogasunarekin sortutako kontuek ez dutela zerikusirik gure diru-sarrerekin edo salmentekin, hots, emaitza-kontuan islatzen diren datuekin.
Gogoratu behar da eredu honek BEZa sortzen duten jarduera profesionalak dituzten banakako enpresaburu eta merkataritza-sozietate guztietarako balio duela; baina badaude BEZik sortzen ez duten jarduerak ere, hala nola hezkuntzarekin edo osasunarekin lotutakoak.
Epeei eta obligazioei dagokienez, arestian aipatutako arauak aplikatzen zaizkien enpresek BEZaren aitorpena egin behar dute hiru hilean behin, beren kontabilitate-erregistroarekin, eta BFAk ezarritako eredua aurkeztu behar dute adierazitako epean.
Beste alde batetik, banakako enpresaburu batek edo Sozietate Zibil/Ondasun Erkidego batek zuzentzen dituen txikizkako saltokiak daude; horiei ez dagokie adibideotan adierazitakoa, eta baliokidetasun-errekarguaren erregimena aplikatzen zaie.
Prozedura honela laburbil daiteke:
Hornitzaileek dagokion BEZa gehi baliokidetasun-errekargua jasanarazten diote merkatariari fakturan, bereizita eta honako tasa hauetan:
- % 21eko tasa orokorreko artikuluak: % 5,2ko errekargua
- % 10eko tasa murriztuko artikuluak: % 1,4ko errekargua
- % 4ko tasa super-murriztuko artikuluak: % 0,5eko errekargua
Baliokidetasun-errekarguaren erregimenean, merkatariak ez du inolako sarrerarik egin behar jarduerarengatik, baina bai Europar Batasunaren barruko eskurapenengatik, subjektu pasiboa denean inbertsio eta higiezinen salmenta zergapetu eta salbuetsi gabeengatik, non eta ez diren egiten bermea exekutatzeko.
Kalkulatutako BEZaren beste salbuespen bat erregimen sinplifikatua da, hau da, moduluen erregimena.
BEZaren erregimen sinplifikatuaren ezaugarri nagusia da urteko gutxieneko kuota bat kalkulatzen dela, eta horren arabera, diru-sarrera finkoak egiten dira hiru hilean behin. Horrela, askoz errazagoa da BEZaren aitorpena egitea. Izan ere, kopuru finko bat likidatzen da, salmentak eta fakturazioa edozein direla ere. Hala ere, ekitaldiaren amaieran azken kopurua erregularizatzen da, ekitaldian izandako benetako negozio-bolumenaren arabera doituz.
Baina azken kasu horretan, hitzartutako kuota ordaindu behar du enpresaburuak.
- Sortzapen-printzipioa. Noiz kontabilizatu behar da gastu edo diru-sarrera bat, oraindik ordaindu edo kobratu ez bada?
Sortzapen-printzipioa kontabilitateko arau bat da, eta ezartzen du transakzioak edo egitate ekonomikoak horiek gertatzen diren unean erregistratu behar direla, kontuan hartu gabe noiz ordaindu edo kobratu diren.
Sortzapen-printzipioaren helburua da enpresa baten urteko kontuek argi eta garbi adieraztea enpresaren epealdi horretako ondarea, finantza-egoera eta emaitza ekonomikoak, eta gastuak eta sarrerak urteko kontuei dagokien aldiari egozten zaizkio, kontuan hartu gabe noiz ordaindu edo kobratu diren.
Noiz gertatzen den sortzapena fiskalitatean? Ikusi jarraian:
- Kutxa-irizpidearen erregimen berezia
Erregimen hau 2014an sartu zen indarrean, eta Ekintzaileei Laguntzeko Legearen bidez aplikatutako neurrietako bat izan zen.
Beren borondatez erregimen horri atxikitzen zaizkion ETEek eta autonomoek ez diote Ogasunari aurreratu behar kobratu gabeko fakturen BEZa. Era berean, erosketetan jasandako BEZaren kenkariari dagokionez, hornitzaileei ordainketa egin arte geroratzen da.
- Banakako enpresaburua banaiz, kontabilitatea eraman behar dut, era ordenatuan?
Kontabilitateak erabakiak hartzen laguntzen dio edozein enpresari (haren egitura eta tamaina edozein izanda ere), eta gainera, kudeaketa fiskala errazten du, aurreko adibidean BEZaren kasuan ikusi den bezala. Pentsa daiteke jarduera batean oso eragiketa gutxi egiten badira ez dela beharrezko kontabilitatea eramatea. Baina azpimarratu behar da kasu horietan ere komenigarria dela, eta beharrezkoa ere izan daitekeela, duela urte batzuetatik derrigorrezkoa baita Bizkaiko Foru Aldundiari eragiketa ekonomikoen liburua aurkeztea.
- Merkataritza-sozietateek
obligazio bereziak dituzte:
MERKATARITZA-SOZIETATEEN NAHITAEZKO LIBURUAK
- Liburu Egunkaria: enpresak ekitaldian egunez egun egindako eragiketa guztiak erregistratzen dira bertan.
- Inbentario Liburua eta Urteko Kontuak.
Urteko kontuak hamabi hilean behin egiten dira, salbu eta sozietatea eratzen denean, ekitaldia ixteko data aldatzen denean edo hura desegiten denean.
Enpresaburuak edo administratzaileek egin behar dituzte, eta horien ardura da kontuak egiazkoak izatea; gehienez ere hiru hilabeteko epea dago, ekitaldia ixten denetik zenbatzen hasita, eta Batzar Nagusian onartu behar dira, ekitaldia ixten denetik sei hilabeteko epean gehienera jota.