5. FINANTZAKETA

5.1. Epe luzeko finantzaketa: kreditu-erakundeen maileguak

Finantza-erakundeek, hau da, kutxa edo banku deritzenek, hainbat eratako maileguak ematen dizkiete enpresei. Alde batetik, epe laburreko finantzaketa eta epe luzeko finantzaketa daude. Maileguaren izaeraren eta finantzatuko duenaren arabera, era batekoa ala bestekoa izango da finantzaketa.

  • Epe luzeko maileguak:

Epe luzeko maileguak urtebetetik gorakoak dira, eta gure aktiboak epe luzera finantzatzea dute helburu, oreka egon dadin.

Hauek dira kontuan hartu behar ditugun oinarrizko kontzeptuak:

  • Interes-tasa nominala (ITN): bankuek gordailu, ezarpen, mailegu, kreditu eta hipoteken kontratuetan erabiltzen eta jakinarazten diguten tasa da, eta epe jakin batean diruaren balio-aldaketagatik ordaindu beharreko interesak islatzen ditu.

Mailegatutako diruagatik ordaindu beharreko ehuneko finkoa da interes-tasa nominala. Bankuak dirua lagatzeagatik jasoko duen ehunekoa adierazten du.

Produktu finantzario baten benetako kostua adierazten duen interes-tasa da, hau da, ez du kontuan hartzen eragiketari lotutako inolako gasturik, baizik eta soilik finantza-erakundearekin eragiketarako adostu den interesa. UTBak ez bezala, ITNak ez du zertan urtebetekoa izan, eta hilean, hiru hilean edo sei hilean behingoa izan daiteke, edo finantza-erakundearekin hitzartutako maiztasunekoa.

  • Urteko tasa baliokidea (UTB): mailegu bat negoziatzeko garaian, beste datu garrantzitsu bat da. Izan ere, tasa horren bidez kalkulatzen da kostu erreala, kontuan hartuta epeak, komisioak, gastuak eta ordainketen maiztasuna. UTBa kalkulatzeko, formula matematiko bat erabiltzen da, eta bertan sartzen dira ITNa, banku-komisioak, ordainketen maiztasuna eta eragiketaren gastuak. Banku- eta finantza-erakundeek, legez, maileguen baldintzen berri eman behar diete bezeroei, eta kontratatu aurreko informazioan, kontratuetan eta produktuen publizitatean UTBa zehaztu behar dute.

Aurreko guztiagatik, UTBa erabiltzen da merkatuko eskaintzak alderatzeko eta abantailatsuena hautatzeko, tasa horren bidez jakiten baita kredituaren benetako kostua.

  • Gabealdia: batzuetan, finantza-erakundeek gabealdi bat eskain dezakete jardueraren hasieran, bereziki proiektua martxan jartzeko denbora apur bat behar duten enpresei edo profesionalei. Normalean, bi gabealdi-mota eskaintzen dira:
  • Amortizazio-gabealdia: epe jakin batean, maileguaren interesak soilik ordainduko dira, baina mailegatutako kapitala amortizatu gabe; beraz, epe horretan, gure hileko kuota txikiagoa izango da (nahiz eta maileguan ez dugun ezer amortizatuko).
  • Erabateko gabealdia: epe jakin batean, kuota ordaintzeari utziko diogu erabat, hau da, ez dugu ordainduko ez interesik, ezta kapitalaren amortizaziorik ere.

Gabealdia eskatzea tentagarria izan daitekeen arren, horrek esan nahi du maileguaren muga-eguna atzeratu egingo dela ondasuna erabiltzen dugun bitartean, eta beraz, amortizazio-aldia luzeagoa izango da, eta interesak handiagoak.

Hasierako finantza-egoeraren arabera, gabealdia eskatzea komeni izango da, ala ez.

  • Ordaindu beharreko kuota: zorraren amortizazioa gehi ordura arte sortutako interesak dira.

Kreditu bereziak daude enpresetarako, eta horiek abian jartzeko. Esteka honetan, ikusi ICO (Kreditu Ofizialeko Institutua) lerroen ezaugarri nagusiak eta horiek kudeatzen dituzten erakundeak:

https://www.ico.es/web/ico/ico-empresas-y-emprendedores/-/lineasICO/view?tab=general