5. FINANTZAKETA

5.2. Epe luzeko finantzaketa: rentinga eta leasinga

Kreditu-erakundeetan eska ditzakegun maileguez gain, beste bi formula daude gure ibilgetua finantzatzeko: rentinga eta leasinga. Normalean, bi kontzeptu horiek garraio-elementuak edo makinak finantzatzeko erabiltzen dira, eta enpresan emango zaion erabileraren arabera, bata ala bestea aukeratzen da.

Leasinga finantza-kontratu bat da, eta haren bidez, enpresa batek ondasun baten erabilera beste bati lagatzen dio denboraldi jakin baterako, maiztasun jakin bateko kuoten truke. Kontratua amaitzean, errentariak (ondasuna erabiltzen ari denak) ondasuna erosteko aukera du.

Rentinga leasingaren antzekoa da, hau da, enpresa batek ondasun baten erabilera beste enpresa edo partikular bati lagatzen dio denboraldi jakin baterako, kuota batzuen truke, baina rentingean, errentatzaileak (ondasunaren erabilera lagatzen duenak) ondasunaren gastu guztiak ordaintzeko konpromisoa hartu behar du, eta gainera, kontratua amaitzean, ez dago hura erosteko aukerarik.

Abantailak eta aldeak:

Hauek dira rentingaren edo leasingaren arteko alde nagusiak, abantaila edo desabantaila izan daitezkeenak:

1.      Mantentze-zerbitzua: leasingeko kontratuan, beste konpainia batekin kontratatu behar da mantentze-zerbitzua, errentariak ordaindu behar baititu gastu horiek; rentingean, berriz, errentatzaileak bere gain hartu behar ditu gastu guztiak, ondasuna egoera onean egon dadin, eta hori abantaila bat da errentariarentzat.

2.      Xedea: leasingean, ondasuna enpresaren jarduera ekonomikorako erabili behar da; rentingean, berriz, ez dago betebehar hori. Zentzu horretan, leasinga enpresarientzat da soilik, eta rentinga, berriz, edozein pertsonak kontratatu dezake.

3.      Kontabilitate- eta zerga-mailako aldeak: leasingean, kontratua amaitzean ondasuna erosi egiten da normalean, eta, kasu horretan, salerosketa bat bailitzan kontabilizatzen da; hau da, aktiboan ondasunaren balioa jasotzen da, eta pasiboan, epe laburreko eta luzeko zorra. Kasu horretan, eragiketaren interesek galdu-irabazien kontuari eragiten diote, baina gainerako eragiketek ez.

Rentinga alokairutzat hartzen da, beraz, kuota osoa gastutzat hartzen da eta galdu-irabazien kontuari eragiten dio.

4.      Erosteko aukera: leasingeko kontratua amaitzean, errentariak ondasuna erosteko aukera du, baina rentingean ez.

5.      Kontratuaren iraupena: indarrean dagoen araudiaren arabera, ondasun higigarrien leasingeko kontratuek gutxienez 2 urteko iraupena dute, eta denbora horretan ezin dira indargabetu. Gutxieneko epea igarotzean, aldeek indargabetze aurreraturako baldintzak aurreikus ditzakete.

Rentinga, ordea, askoz malguagoa da. Normalean, kontratuek 1–5 urteko iraupena izaten dute. Hala ere, ez dago horri buruzko lege-mugarik.

Horregatik guztiagatik, ondoriozta dezakegu abantailatsuagoa izango dela zaharkitze-epe handia duten ondasunak leasing bidez eskuratzea. Aitzitik, bilakaera teknologiko azkarreko ondasunak rentingaren bidez eskuratzea komeni zaigu; adibidez, ekipamendu informatikoa.