Produktua eta Merkatua
3. ZERBITZUA EMATEA: PLANGINTZA
3.5. Hornitzaileak
Azpikontratazioari buruzko 3.2. puntuan adierazi den moduan, produktua edo zerbitzua eskaintzeko prozesua osatzeko enpresa edo profesional baten zerbitzuak azpikontratatu behar diren adierazi behar da, azpikontratazioaren kostua eta baldintzak barne.
Bestalde, hornitzaileei dagokienez, adierazi behar da zer lehengai-hornitzaile beharko ditugun gure produktuak ekoizteko edo gure zerbitzuak emateko, eta hornitzaile horiek non dauden eta ordaintzeko zer baldintza eta modu eskainiko dizkiguten.
Gogoeta nagusi hauek egin behar dira:
- Funtsezkoa da hornitzaileen negoziazio-ahalmena ezagutzea.
- Merkatuan sartzeko, enpresak hainbat hornitzaileren hornidurak eta entregak beharko ditu.
- Hornitzaileak zenbat eta gutxiago izan eta zenbat eta botere handiagoa izan, orduan eta zailagoa izan daiteke balio erantsi egonkorra eta iraunkorra lortzea. Produktuak gero eta konplexuagoak izango dira, eta gero eta zailagoa izango da hornidura-lerroak aldatzea.
Hornitzaile posibleak ezagutu behar dira, eta behin batzuekin harremana dugunean, adi egon berririk agertzen den. Salmenta-metodoak ere aldatu daitezke. Eta, nazioartekotze-prozesua dela eta, gero eta gehiago erreparatu beharko zaio haien jarduera-eremuari, hots, tokikoak, nazionalak ala atzerritarrak diren. Gainera, detektatu ditugun hornitzaile posible guztiei eskaintza bat egiteko eskatu behar zaie.

1) Lehengaiak eta hornidurak
Enpresaren produkzio-prozesuan behar diren lehengai eta hornidura guztiak adierazi behar dira. Lehengaien, produktu erdilanduen eta produktu bukatuen izakinak nola kudeatuko diren deskribatu eta justifikatu behar da.
Horretarako, biltegiratze-plan optimo bat diseinatuko da, eta bertan zehaztuko da noiz egin behar diren eskaerak eta zenbat eskatu behar den.
Garrantzitsua da segurtasuneko stock bat izatea, ezustekoetarako. Produktu galkorrekin lan egiten badugu, negozioa bideragarria izateko punturik garrantzitsuenetako bat stockaren kudeaketa izan daiteke. Salgai gehiegi edo gutxiegi izateak eragin zuzena izan dezake gure emaitza-kontuan.
2) Izakinak. Biltegiratzea, hornikuntza
Beharrezkoa bada, biltegi gisa zer espazio fisiko erabiliko den eta nola banatuko den adierazi behar da. Horretarako, honako hauek hartu behar dira kontuan:
- Lehengaiaren eta produktu bukatuaren arabera, normalean biltegian eduki beharreko gehieneko eta gutxieneko izakin-kopurua.
- Produktuen errotazioa. Horretarako, stocka informatizatu behar da (era horretan, ez dugu produktu gehiago erosiko hornitzaileak egindako eskaintza batek bultzatuta).
