Produktua eta Merkatua
Requisitos de finalización
7. BEREZIA: SALMENTA-PUNTUA
7.1. Lokalaren antolaketa
Lokalaren antolaketa aztertzean, establezimenduko eremu hotzak eta beroak zein diren zehaztu behar da:
- Eremu beroak bezeroak gehien joaten diren guneak dira, eta besteak beste sarrera inguruan edo kutxen, mostradoreen eta probagelen ondoan egon ohi dira. Eremu horietan egoten dira marka zuriko edo bigarren markako produktuak, eskaintzan dauden produktuak eta abar. Eskuinaldean egoten dira, bezeroek erlojuaren orratzen kontrako noranzkoan zeharkatu ohi baitute establezimendua.
- Eremu hotzak atetik urrunen dauden guneak dira, eta jendea ia ez da iristen haietara: zutabeen atzealdea, txokoak eta izkinak, puntu itsuak, etab. Eremu horietan egoten dira lehen markako eta premia biziko produktuak, izan ere, horixe da bezeroek erosi nahi dutena, eta beraz, horrela lortzen da bezeroak eremu hotzetatik igarotzea.

Arau orokor gisa, gure politika izango da puntu beroak mantentzea eta hotzak eraldatzea. Eremu hotzak eraldatzeko, animazio-teknika hauek daude:
- Oinarrizko produktuak jartzea: supermerkatu batean, azukrea izan liteke.
- Hobeto argiztatzea.
- Stand bat jartzea: supermerkatu batean, dastatzeko produktuekin.
- Ispiluak jartzea.
- Aldian-aldian, sustapenak egitea.

Aipatutakoaz gain, produktuak txandakatzeko helburuarekin, establezimenduetan hainbat kokaleku-mota daude. Besteak beste, hauek nabarmentzen dira:
- Linealak: linealaren azalean produktuak ederki identifikatzen dira, beraz, enpresa guztiak produktuak jartzeko ahalik eta metro gehien lortzen saiatzen dira. Produktuak hiru mailatan jartzen dira:
- Begien mailan: 125 eta 160 cm artean. Bezeroen arreta erakartzeko erabiltzen da, eta bertan jartzen dira marjina handieneko produktuak.
- Eskuen mailan: zorutik 80-125 cm-ra. Maila horretan ere marjina handieneko produktuak jartzen dira.
- Zoruaren mailan: produktu astunak eta erabilera erregularrekoak jartzen dira bertan. Produktu horiek marjina txikiagoa dute.
- Goiko mailan: 160 cm-tik gora. Birjartzeko eta marjina txikiagoko produktuak jartzen dira bertan.
- Gondola-buruak: linealen muturretan daude, eta haien kokapen bikaina dela-eta, asko erabiltzen dira sustapenetarako.