7. BEREZIA: SALMENTA-PUNTUA

7.4. Establezimenduaren kanpoaldeko elementuak

Establezimenduaren kanpoaldeko elementuak aztertzean, 3 alderdi hartu behar dira kontuan:

  • Errotuluak. Horien bidez, establezimendua identifikatzen da, proiektatu nahi den irudiaren araberako izen, logotipo edo ikur bat erabiliz.
  • Establezimenduaren sarrera. Bezeroaren eta dendaren artean dagoen elementua da. Horregatik, funtsezkoa da sartzeko erraztasunak ematea eta establezimendua erakargarri bihurtzea.
  • Erakusleihoak. Oinarrizkoak dira mota guztietako saltokietan. Moda batzuk aldatu egiten dira denboraren poderioz, baina komeni da gutxienez 15 egunean behin erakusleihoak aldatzea eta garaian garaiko gertaeretara egokitzea.



Nola jakin ditzakegu produktuen marjinak eta horiek nola txandakatu behar diren?

Atal honetan etengabe aipatu ditugu marjina handieneko eta txikieneko produktuak eta horien txandakatzea. Gauzak behar bezala azaltzeko, hasieran marjinak aztertu behar dira. Horrela, establezimenduko 4 produktu-motak zehaztuko ditugu:

  • A produktuak: askotan bezeroa establezimendura erakartzen duten produktuak dira, erreferentziakoak eta prezio egokikoak.
  • C produktuak: negozioari marjina handia ematen diotelako sustatu beharreko produktuak dira.
  • Produktu izarrak: zaindu beharko genituzkeen produktuak dira, marjina handia eta salmenta-bolumen handia dutelako.
  • Kendu beharreko produktuak: marjina eta salmenta-bolumen txikia dutenez, kendu egin beharko lirateke, edo hornitzailearekin negoziatu, prezio hobeak lortzeko.

Bezeroak produktu erakargarriekin (A produktuak) lortzen dira, eta behin saltokira sartu direnean, haiei “C produktuak” eta “produktu izarrak” saltzen saiatu behar dugu. Horiek dira establezimenduari marjina handiena ematen diotenak, bai merchandisinga, bai salmenta-teknikak erabiliz.