1. Kontzeptua eta elementuak

Logo Apnabi


1.1 KONTZEPTUA

Kontratua lan-merkatuan kontratatzen dutenen eta lan bat egiten dutenen artean erabiltzen den tresna nagusia da.

  • Enpresaburuak eta langileak beren funtzioak betetzeko baldintzak laburbiltzen dituen dokumentua da (kontratu-motaren arabera, enpresaburuaren eta langilearen eskubideak eta betebeharrak desberdinak izango dira).
  • Kontratua enpresaburuaren eta langilearen arteko ahozko edo idatzizko akordio bat da, eta bertan, langile batek enpresaburuaren kontura eta haren zuzendaritzapean lan jakin bat zer baldintzatan egingo duen zehazten da, bai eta horren truke jasoko duen ordainsaria edo soldata ere.


Langileak gaitasun osoa izan behar du lan-kontratua sinatzeko, eta baldintza hori betetzen dute:

  • 18 urtetik gorakoek
  • 16 urtetik 18ra bitartekoek, emantzipatuta badaude Kode Zibilaren arabera
  • 16 urtetik 18ra bitartekoek, beren kontura bizi badira gurasoen, tutoreen edo beren kargura dituztenen baimenarekin.




1.2. LAN-KONTRATUAREN ELEMENTUAK

  • Adostasuna: aldeek kontratua egiteko borondatea agertzen dute.
  • Helburua: baldintza jakin batzuetan egindako lana da.
  • Arrazoia: kontratua zergatik egiten den adierazten du.


1.3. KONTRATUA EGITEKO MODUA

Lan-kontratuak idatziz edo ahoz egin daitezke, baina kontratu-mota jakin batzuk nahitaez idatziz egin behar dira.

Gainera, lan-harremanak 4 aste baino gehiago iraungo badu, enpresaburuak idatziz jakinarazi behar dizkio langileari kontratuaren funtsezko alderdiak.

Praktikan, hitzezko kontratua bi kasu hauetan bakarrik egiten da:

  • Lau astetik beherako behin-behineko kontratuetan
  • Kontratu mugagabe arruntetan

Idatziz egin beharreko kontratuak ez badira modu horretan egiten, inguruabar horrek ez du eraginik gabe utziko kontratua; aitzitik, kontratua iraupen mugagabekoa eta lanaldi osokoa dela joko da.

 
1.4. LAN-KONTRATUAREN IRAUPENA

Kontratua mugagabea (finkoa) edo iraupen jakin batekoa (aldi baterakoa) izan daiteke; iraupena kontratu-motaren eta bertan ezarritakoaren araberakoa izango da.

 

1.5. PROBALDIA

Probaldia aukerakoa da, eta egitekotan, idatziz jarri behar da kontratuan.

Probaldiaren iraupena hitzarmen kolektiboetan finkatzen da, eta, hala egin ez bada, gehienez sei hilabetekoa izango da teknikari tituludunentzat, eta bi hilabetekoa gainerako langileentzat, enpresak 25 langile baino gutxiago dituenean izan ezik; kasu horretan, gehienez hiru hilabetekoa izango da.

Ezin da probaldirik ezarri langileak aurretik funtzio berberak bete baditu enpresan, edozein kontratu-motarekin. Probaldian, langileak gainerako langileen eskubide eta betebehar berak izango ditu.

 

1.6. SOLDATA

Langileak bere lana egiteagatik jasotzen duen ordainsaria da. Kontratuan, urtean jaso beharreko zenbateko gordina (euroak) agertuko da, bai eta zenbateko hori zenbat ordainsaritan banatuko den ere (aparteko ordainsariak barne).

Soldata enpresako hitzarmen kolektiboan jasotakoa izango da, eta halakorik ez badago, probintziako edo Estatuko sektoreko hitzarmen kolektiboan jasotakoa. Nolanahi ere, ez da izango lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoa.


1.7. LANALDIA

Langileak egunean, astean, hilean edo urtean egin beharreko ohiko lanorduak dira, eta gehienez astean 40 ordu eta egunean 9 ordu izango dira.

Lanaldia enpresako hitzarmen kolektiboan adierazitakoa izango da, edo bestela, probintziako edo Estatuko sektoreko hitzarmen kolektiboan jasotakoa.

Enpresaburuek kontratuen oinarrizko kopia bat eman behar diete langileen ordezkariei, hamar eguneko epean. Oinarrizko kopia horretan, kontratuaren datu guztiak jarri behar dira, pertsonalak kenduta (NAN, helbidea, egoera zibila, etab.).

Enpresaburuek kontratuak EINen erregistratu behar dituzte, langileen ordezkariek sinatutako oinarrizko kopiarekin batera, formalizatzen direnetik 10 eguneko epean.

 

1.8. LAN-KONTRATUAREN GUTXIENEKO EDUKIA

  • Aldeak
  • Data eta iraupena
  • Egoitza soziala eta lantokia
  • Lanbide-kategoria edo -taldea
  • Soldata
  • Lanaldiaren iraupena eta banaketa
  • Oporrak
  • Aurreabisu-epeak
  • Hitzarmen kolektibo aplikagarria