2. BALANTZEA: AKTIBOA ETA PASIBOA. NOLA DAGO OSATUTA NIRE ENPRESA?

2.7. Oreka finantzarioa (maniobra-funtsa)

Behin balantzea eginda, maniobra-funtsaren analisia egin behar da. Hori da egin beharreko irakurketa garrantzitsuenetako bat.

  • Maniobra-funtsa= aktibo zirkulatzailea – epe laburreko pasibo galdagarria


Maniobra-funtsa > 0. Egoera egokia. Maniobra-funtsak positiboa izan behar du, enpresak segurtasun-marjina bat izateko adinakoa.

Baina maniobra-funtsa positiboa izateaz gain, aktibo zirkulatzailearen konposizioa ere aztertu behar da. Adibidez, gerta liteke enpresak maniobra-funts oso handia izatea biltegia produktuz beteta dagoelako, baina horiek saltzeko gai ez izatea.


Maniobra-funtsa = 0. Likidezia oso estua; bezero batek beranduago ordaintzea edo salmentak moteltzea nahikoa izan daiteke enpresak bere ordainketei aurre egin ezin izateko.




Maniobra-funtsa < 0. Likidezia-egoera larria; enpresak bere aktibo zirkulatzailearekin ezin ditu ordaindu epea datorren urtean amaitzen zaien zorrak.

Irudian ikusten denez, pasibo zirkulatzailearen zenbatekoa (urtebeteko epean ordaindu beharreko zorrak) aktibo zirkulatzailearen zenbatekoa (urtebeteko epean diru bihurtuko diren partiden zenbatekoa) baino handiagoa bada, ordainketa-etendura teknikoan egongo gara.

Kasu zehatz horretan, enpresaburuak neurriak hartu beharko ditu egoera erregularizatu ezin duela ikusten badu; enpresa kaudimengabezia-egoeran badago, hartzekodunen konkurtsoa edo ordainketa-etendura deklaratzea planteatu beharko du, eta era horretan, besteak beste, erantzukizun pertsonalak saihestuko ditu.