2. ONDASUN-ERKIDEGOA


Ondasun-erkidegoa eratzeko enpresa-formula erraz eta azkarrenetako bat da. Pertsona bat baino gehiago elkartzen direnean eta ondasunak edo eskubideak elkarrekin partekatzen dituztenean, ondasun-erkidego bat da hori.

Ondasun-erkidegoak Kode Zibilaren 392. artikulutik 406. artikulura bitarte arautzen dira.

Sozietate mugatuak ez bezala, ondasun-erkidegoak ez du berezko nortasun juridikorik; ondasun-erkidegoaren nortasun juridikoa erkideena da. Eratu ahal izateko, gutxienez bi bazkide behar dira eta, kasu horretan, erkide esaten zaie.

Erkideek ez dute gutxieneko eta/edo gehieneko ekarpenik egiteko betebeharrik. Dena den, bakoitzaren ekarpena zehazten ez badugu, erkide guztiek zati berdinetan parte hartzen dutela ulertuko da.

Ondasun-erkidegoa eratzeko, dokumentu pribatu bat egin dezakegu, ekarpena ondasun higiezinak izan ezean; kasu horretan, eskritura publikoa egin beharko dugu.

Ondasun-erkidegoaren eragozpenik handiena zera da, erkidegoak hirugarrenen aurrean erantzuten duenean, erkidegoaren beraren ondasunekin ez ezik, erkideen ondare pertsonalarekin ere erantzuten duela, ondasun erkideak nahikoak ez badira. Hau da, erkide bakoitzak erantzukizun mugagabea du. Erantzukizuna solidarioa da: erkide guztiak dira erantzule zor guztien aurrean.

Erkideek beren kuotekiko proportzioan parte hartzen dute erkidegoaren irabazietan.


Fiskalitatea

Berezko nortasun juridikorik ez duenez, irabaziengatik zer zerga ordaindu behar ditugun zehaztuko dugu eta, halaber, erkidego eta erkide garen aldetik, zer betebehar ditugun ere aztertuko dugu.

Ondasun-erkidegoa Zergei buruzko Lege Orokorraren (abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorra: BOE, 2003-12-18) 35.4 artikuluan jasotako erakundeetako bat da, eta errentak eratxikitzeko araubidearen mende daude.

Araubide horren arabera, eta erakunde horiek ez direnez ez Sozietateen gaineko Zergaren, ez PFEZren (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga) subjektu pasibo, lortzen diren errentak erkideei egozten zaizkie, parte hartzen duten proportzio berean. Alegia, ondasun-erkidegoaren emaitzak erkideen errentari egozten zaizkio, eta erkideek partaidetza-kuotatik lortutako errendimenduak gehituko dizkiete beren gainerako errendimenduei.

Bazkideei errendimenduak egozteko kontrol gisa, ondasun-erkidegoa adierazpen informatibo bat aurkeztera behartuta dago (184 eredua). Adierazpen horretan, erkideak nor diren identifikatuko da, erkidegoak zenbateko errenta lortu duen eta erkide bakoitzari zenbat egozten zaion zehaztuko dira, besteak beste. Adierazpen informatibo hori ekitaldi bakoitzeko martxoan aurkeztu beharko dugu Zerga Agentzian.

Errentak PFEZren arauen arabera zehazten dira. Beraz, erkide guztiak pertsona fisikoak badira, zuzeneko zenbatespenaren, zuzeneko zenbatespen erraztuaren edo zenbatespen objektiboaren araubidean ordainduko ditugu zergak.

BEZari (Balio Erantsiaren gaineko Zerga) dagokionez, erkidegoa zerga horren subjektu pasiboa da, hau da, erkidegoak egin beharko ditu fakturak. Jasotzen ditugun fakturak erkidegoaren izenean egon beharko dute, zergaren kenkarirako eskubidea baliatu nahi badugu, eta fakturen erregistro-liburua eraman beharko dugu.


Gizarte Segurantza

Ondasun-erkidegoan lan egiten duten eta zerbitzuak ematen dituzten erkideak Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAAB) alta hartzera behartuta daude.

Kontratatzen ditugun langileak araubide orokorraren barruan sartuko dira, eta ondasun-erkidegoari dagokio kotizatzeko betebeharra.