1. ENPRESABURU AUTONOMOA


Definizioa

Enpresaburu indibidualtzat hartzen da enpresa-jarduera bat egiten duen pertsona fisikoa, betiere, eskuarki eta zuzenean, beste pertsona baten antolakuntzako eta zuzendaritzako eremutik kanpo jarduten badu, irabazi-asmoz, eta besteren konturako langileei okupazioa eman ala ez.

Langile autonomoa ekimen ekonomiko bat martxan jartzeko gai den pertsona da, bakarrik edo beste pertsona batzuekin batera. Azken batean, autonomoak hartzen ditu bere gain enpresa-abentura batek dakartzan arriskuak; horixe da negozio bat sortzeko modurik ohikoenetako bat.



Jarduera

Edozein jarduera ekonomiko, dela komertziala, dela industriala, dela profesionala, baliabideen erabateko autonomia izanik eta kudeaketa kontrolatuta.

  • Nor izan daiteke autonomo?

 

Langile autonomo indibiduala izateko, adinez nagusia izan behar da eta nork bere ondasunak libreki baliatzeko moduan izan behar ditu. Halaber, bigarren mailako ahaidetasuna duten eta familiaren etxean bizi diren senideak kontratatzen badira, egungo araudiaren arabera, horrek esan nahi du ezin direla araubide orokorrean egon, baizik eta autonomo gisa alta eman behar dutela.

 

Alde onak

  • Negozio txikietarako enpresa mota egokia da.
  • Gestio eta izapide gutxiago eskatzen dira jarduerari ekiteko.
  • Jarduerari ekitea merkeagoa izan daiteke.


Alde txarrak

  • Enpresa-jardueraren lanbide-jardunean, jabeak edo pertsona fisikoak kontrolatzen du, erabat, enpresa-jarduera, enpresaren gestioak pertsonalki zuzentzen ditu eta enpresak hirugarrenen aurrean hartutako zorren erantzule da bere oraingo eta etorkizuneko ondasun guztiekin.
  • Arrisku pertsonal handia zorren erantzukizunari dagokionez.
  • Ez dago alderik enpresa-ondarearen eta ondare zibilaren artean.


Ondorioak

Enpresa-jarduera bati ekiteko modu guztien artetik errazena eta merkeena da, eta zure aukera izango da honako kasu hauetan:

  •  Edozein jarduera egitean, negozioa zuzenean kontrolatu nahi baduzu.
  •  Gestioak maila pertsonalean egin nahi badituzu.
  •  Proiektua abian jartzeko gaitasun ekonomiko nahikoa baldin baduzu.
  •  Erantzukizuna zuk zeuk bakarrik hartuko duzunean zeure gain.