4. SOZIETATE ANONIMOA


1/2010 ERREGE DEKRETUA, UZTAILAREN 2koa, KAPITAL-SOZIETATEEI BURUZKO LEGEA

 

Sozietate anonimo bat eratu beharko dugu nahitaez baldin eta gure jarduera honako hauetako bat bada: Aseguru-etxeak, leasing sozietateak, arrisku-kapitaleko sozietateak, kirol-sozietate anonimoak, banku-jarduerak, telebista, balore- eta/edo birmoldaketa-agentzia.


Izendapen soziala

Sozietatearen izena bakarra da, eta ezin da izen ber-bera duen beste izendapenik izan. Horretarako, sortzaileetako batek ziurtagiria eskatuko du Merkataritza Erregistro Nagusian.

Izenaren ondoren, Sozietate Anonimoa hitzak edo horien laburdura (SA) agertuko dira.


Kapital Soziala

Kapital soziala bazkideen ekarpenen baturak osatzen du, eta akziotan eratzen da; balioa eurotan adierazten da.

Sozietate anonimo baten gutxieneko kapitala 60.101,21 euro da. Eta sozietate mugatuarekin alderatuta, desberdintasun nagusia zera da, kapital sozialaren % 25ak, gutxienez, ordainduta egon behar duela, eta ez erabat SM (sozietate mugatu) batean bezala. Kontuan izan behar dugu kasu berezi batzuk daudela gutxieneko kapital sozialaren zenbatekoari dagokionez, jardueraren arabera (lehen aipatu ditugun aseguru-etxeak, bankuak eta abar). Sozietate mugatuan partaidetzak dira, eta sozietate anonimoan akzioak (burtsan kotizagarriak edo ez).

Sozietatearen egoitzari dagokion Merkataritza Erregistroak izendatutako aditu independente batek baloratu behar ditu diruzkoak ez diren ekarpenak, eta txosten hori eratze-eskriturarekin batera aurkeztu behar da.


Egoitza soziala

Gure jarduera edo administrazio-zentroa egoitza horretan egongo da. Estatutu sozialetan jasota egon behar du. Lurralde nazionalean edo hortik kanpoan nahi beste sukurtsal sortzeko aukera dago.



Helburu Soziala

Gure enpresak garatuko duen jardueraren xehetasuna da helburu soziala. Ez da nahitaez bat bakarra izan behar, baizik eta hainbat identifika ditzakegu, hasiera batean hura osatzen duten jarduera guztiak garatzen ez badira ere. Hartara, etorkizunean ez dugu balizko aldaketarik egin beharko estatutu sozialetan.

Logikoa denez, gure jarduerak eta, beraz, gure helburu sozialak legezkoa izan behar du, eta ez indarrean dauden legeen aurkakoa. Merkataritza Erregistroak uste badu helbururen bat ez dela zuzenbidearen araberakoa, helburu horiek ez inskribatzeko ahalmena du.

Gogoan izan hainbat jarduerak helburu sozial esklusiboa eskatzen dutela.



Bazkideak

Sozietatearen akzioen titularrak dira, eta pertsona fisikoak edo juridikoak izan daitezke.

Ez dago gutxieneko kopururik eraketarako eta, beraz, sozietate anonimo bat sor dezakegu pertsona bakar batekin. Kasu horretan, pertsona bakarreko sozietate anonimoa izango da.

Akzioak eskualdatu daitezke, eta ez daude lehenespenez eskuratzeko eskubidearen mende, sozietate mugatuaren kasuan bezala.


Administrazio Organoa

Administrazio-organoa modu hauetakoren batean konfiguratuta egon daiteke::

  • Administratzaile bakarra
  • Administratzaile mankomunatuak
  • Administratzaile solidarioak
  • Administrazio Kontseilua


Sozietatea kudeatzeko hautatzen den aukera estatutu sozialetan jaso beharko da.

Administratzaileek ezin izango dute beren kargua denbora-mugarik gabe bete; agintaldia, gehienez ere, bost urte izango da.

Administrazio-kontseilua gutxienez hiru kidek osatuko dute, eta erabakiak gehiengoz hartuko dira.

Labur-labur zehaztu ditugun atal horiek nahitaez sartu behar dira sozietatearen estatutuetan.

Sozietate anonimo baten eraketa notario-eskritura publikoan jaso behar da, eta sozietatea eratzeko prozesuari buruz hurrengo artikulu batean hitz egingo dugu. Artikulu horretan, sozietatearen fundazioa burutzeko zer urrats egin behar diren zehaztuko dugu.