Forma Juridikoak
5. SOZIETATE KOOPERATIBOA
Definizioa
Enpresa bat eta pertsonen sozietate bat da –gutxienez 3 pertsona lehen mailako kooperatibetan eta 2 pertsona kooperatiba-sozietate txikietan–; organo sozialen erabakiak demokratikoki hartzen dira –bazkide bat, boto bat–, kapital sozialak –3.000 € gutxienez– bigarren mailako balioa du –bazkide bakoitzari ez zaio kapitalaren arabera esleitzen botoa–, eta edozein jarduera ekonomiko edo sozial egin daiteke, legez debekatuta ez badago edo sozietatearen printzipio eta balioekin bateraezina ez bada.

Bazkideak
Elkarlaneko Kooperatiba batean, pertsona fisikoak eta juridikoak izan daitezke bazkide, eta eratzeko unean, bazkide langileak gutxienez hiru izan beharko dira, dela lanaldi osoan, dela lanaldi partzialean, kooperatiba txikietan izan ezik; azken kasu horretan, bi bazkide langile izango dira, gutxienez.
Elkarlaneko Kooperatiba batean egon daitezkeen bazkide motak:
- Bazkide langileak: lana eta kapitala jartzen dituztenak.
- Bazkide laguntzaileak: helburu soziala erabat gauzatu ez arren, helburu hori betetzen laguntzen dutenak.
- Bazkide ez-aktiboak edo ez-erabiltzaileak: Sozio aktibo izateari utzi eta bazkide izaten jarraitu nahi dutenak.

Organo Sozialak
Kooperatibek honako organo hauek izan behar dituzte:
a. Batzar Nagusia
b. Administrazio-organoa, modalitate hauen arteko bat:
- Administratzaile bakarra
- Kontseilu Errektorea.

Araubide Ekonomikoa
- Erantzukizuna: bazkideek ez dute erantzukizun pertsonalik sozietatearen zorrengatik, kooperatibarekin harpidetutako ekarpenak soilik.
- Kapital Soziala: bazkideen nahitaezko eta borondatezko ondare-ekarpenek osatzen dute. Titulu izendunen bidez edo partaidetza-libreta edo -kartilla izendunen bidez egiaztatuko dira.
Gutxienez 3.000 euroko ekarpenak egin behar dira, hori baita kooperatiba bat eratzeko kapital sozialaren gutxieneko kopurua. Ekarpenak itzultzeko eskubidearekin egin daitezke, edo Batzar Nagusiak edo administrazio-organoak uko egin diezaioke horiek itzultzeari, betiere Estatutu Sozialetan zehazten denaren arabera.
- Nahitaezko ekarpenak:
- Hasierako nahitaezko ekarpena: bazkide izateko beharrezkoa da. % 25, gutxienez, eratzeko unean ordaindu behar da eta gainerako %-a gehienez ere 4 urteko epean.
- Gutxieneko
nahitaezko ekarpena: bazkide orok uneoro mantendu behar du.
- Borondatezko ekarpenak: Batzar Nagusiak erabaki dezake horiek egin behar
direla. Gainera, administrazio-organoak onartu egin ditzake bazkide batek libreki
eta borondatez egin nahi dituenean.
- Soberakinak banatzea: zergak ordaindu ondoren eta, hala badagokio,
aurreko ekitaldietako galerak konpentsatu ondoren, geratzen den zenbatekoa
honela banatuko da:
- % 20 edo % 25 Nahitaezko Erreserba Funtsera (gutxieneko %-ak)
- % 10 edo % 5 Heziketarako eta sustapen kooperatiborako eta interes publikoa duten beste helburu batzuetarako nahitaezko kontribuziora (gutxieneko %-ak)
- Gainerakoa: Batzar Nagusiak nahi duen moduan, Kooperatiben Legean zehaztutako xedeen barruan

Eratze-prozesua
Aurretiazko urratsa: izena bat ez datorrela dioten ziurtagiri negatiboak eskatu behar dira Euskadiko Kooperatiben Erregistroan eta Lan eta Immigrazio Ministerioko Kooperatiba Sozietateen Erregistroan. Euskadiko Kooperatiben Erregistroaren antolaketa eta funtzionamenduaren Erregelamendua onartzen duen martxoaren 29ko 59/2005 Dekretuaren bitartez garatzen da Euskadiko Kooperatiben Erregistroa (2005/06/09ko EHAA)
Kooperatiba bat eratzeko, sustatzaileek Batzar Konstituziogilea egingo dute. Batzar horretan sustatzaile guztiak bilduko dira, eta estatutu sozialak eta kooperatiba eratzeko beharrezkoak diren erabakiak hartuko dituzte.
Sozietate Kooperatibo Txikietarako, Estatutu Sozialen gutxi gorabeherako eredu bat onartu zen Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2010eko otsailaren 27ko Aginduaren bitartez (2010eko martxoaren 30eko EHAA).
Kooperatiba eskritura publiko bidez eratuko da, Batzar Konstituziogilea biltzen denetik edo Estatutu Sozialen aurretiazko kalifikaziotik zenbatzen hasi eta 2 hilabeteko epean.
Eskritura publikoa foru-ogasun eskudunari helaraziko zaio IFK lortzeko eta egintza inskribagarriari dagozkion zergak likidatzeko, eta, horren ondoren, Euskadiko Kooperatiben Erregistrora eramango da, inskribatzeko.
Kooperatibaren nortasun juridikoa Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatzen den unean sortzen da.
Kooperatiba Txikiaren eratze-eskritura eta estatutu sozialak kalifikatzeko eta inskribatzeko epea 30 egun da, inskribatzeko eskabidea aurkezten denetik hasita.

Gizarte Segurantza Kooperatiban
Sozietate Kooperatibo batek, bazkide langileei dagokienez, Gizarte Segurantzako araubidea zehaztu behar du bere estatutu sozialetan. Honako hauen artean nahi duena izan daiteke:
- Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorra.
- Langile Autonomoen Araubide Berezia.
Araubide bat ala bestea aukeratzeak badu garrantzia, bai estaldurei dagokienez, bai kostuei dagokienez; bistakoa da hori, baina, aldi berean, kontuan izan behar da Kooperatiba eratzeko garaian.
Kooperatibaren iraunaldian araubidea aldatzeko aukera badago ere, aurreko aukera egin zenetik gutxienez 5 urteko epea igaro izana eskatzen da aldatu ahal izateko. Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrari dagokionez, gaur egun, bazkide langile edo lan-bazkideen eta besteren konturako langileen artean alde bakarra dago, sozietate-harremana dutelako eta ez lan-harremana: ez dituzte Soldatak Bermatzeko Funtsaren (FOGASA) prestazioak, kooperatibak ez baitu estaldura horrengatik kotizatu behar bazkide langileei edo lan-bazkideei dagokienez.
Autonomoen Araubide Berezian kotizazio-oinarri bat aukeratu behar da gutxieneko eta gehieneko oinarrien artean, adinaren arabera; oinarri horiek Estatuko Aurrekontu Orokorretan ezartzen dira urtero. Gaur egun ez dute jardunari uzteagatiko prestaziorik, baina gida hau prestatzen ari ginela izapidetzen ari den legegintza-proiektu batean aurreikusten ziren prestazio horiek kasu jakin batzuetan; beraz, aplikatu beharreko xedapen bihurtzen denean, emango diegu horren berri Kooperatibetako bazkide langileei edo lan-bazkideei, gure webgunearen bitartez: www.elkarlan.coop
Kooperatibetarako berariazko laguntzak
Kooperatibak eratzeko dauden laguntzen artean, agian estimatuena eta ezagunena langabeziagatiko prestazioa da, ordainketa bakarreko modalitatean (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorra, 228-3 artikulua), prestazio horiek jasotzeko eskubidea sortu duten pertsonentzat. Gainera, urtero, Administrazio Publikoek eta, batez ere, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, Gizarte Ekonomiaren, Enpresaren Erantzukizun Sozialaren eta Lan Autonomoaren Zuzendaritzaren bitartez, gizarte-ekonomiako sozietateak sortzen laguntzeko berariazko programak diseinatu ohi dituzte, besteak beste, kooperatibetarako eta haien bazkideentzako zuzeneko laguntzak, asistentzia teknikorako laguntzak, kooperatiba jakin batzuetako inbertsio jakin batzuen interesen kostu partzialetarako laguntzak.
Onuradun izateko, langabezia-prestazioen titular izan behar da, kontribuzio-modalitatean, gutxienez hiru hilabeteko zenbatekoak jasotzeko geratu behar zaizkie eta kooperatiban sartu behar dute edo kooperatiba eratu behar dute, bazkide langile edo lan-bazkide gisa, denbora-mugarik gabe, dela lanaldi osoan, dela lanaldi partzialean. Ezin izango da aldez aurretik hamabi hilabete baino gehiagoko kontratu bidezko loturarik –dela lanekoa, dela sozietarioa– izan Kooperatibarekin.
