Forma Juridikoak
7. ENPRESABURU INDIBIDUALAREN/AUTONOMOAREN AZTERKETA BEREZIA
7.1. Mendeko autonomoa
Definizioa
Lan Autonomoaren Estatutuari buruzko Legean eta Langile Autonomoaren
Estatutua garatzen duen otsailaren 23ko 197/2009 Errege Dekretuan, ekonomikoki
mendekoa den langile autonomoaren kontratuari dagokionez, oso kontuan izan da
ekonomikoki mendekoa den langile autonomoaren (TRADE) egoera; diru-sarreren
% 75, gutxienez, bezero berarengandik jasotzen duena da TRADE autonomoa.
TRADEtzat hartuko badira, autonomoek honako baldintza hauek bete behar dituzte:
1. Ez dute besteren konturako langilerik izango, ez eta jarduera osoa edo zati bat hirugarrenekin kontratatu edo azpikontratatuko ere, ez ekonomikoki bera mendean duen bezeroarekin kontratatutako jarduerari dagokionez, ez beste bezero batzuekin kontrata ditzakeen jarduerei dagokienez.
2. Ezin izango du bere jarduera garatu bezeroaren konturako lan-kontratazioko edozein modalitatetan zerbitzuak ematen dituzten langileekin bereizi gabe.
3. Jarduera gauzatzeko beharrezkoak diren produkziorako azpiegitura eta material propioak izango dituzte, bezeroaren azpiegitura eta materialekiko independenteak, jarduera horretan ekonomikoki garrantzitsuak direnean.
4. Beren irizpide profesionalekin egingo dute lana, betiere bezeroak proposatutako jarraibideak alde batera utzi gabe.
5. Kontraprestazio ekonomiko bat jasoko du bere jardueraren emaitzaren arabera eta bezeroarekin hitzartutakoaren arabera
Beren jarduera merkataritza- eta industria-establezimendu edo -lokaletan eta publikoari irekitako bulegoetan garatzen duten langile autonomoak eta beste batzuekin batera sozietate-araubidean edo zuzenbidean onartutako beste edozein forma juridikoren pean lan egiten duten profesionalak ez dira ekonomikoki mendekoak diren langile autonomotzat hartuko.

Kontratua
Ekonomikoki mendekoa den autonomoaren eta haren bezeroaren arteko akordioak idatzizko kontratu bidez egin beharko dira, eta dagokion bulego publikoan erregistratu beharko dira. Kontratuan berariaz adieraziko da ekonomikoki mendekoak diren autonomoak direla. Gainera, kontratuan iraupen zehatzik zehazten ez bada, iraupen mugagabeko lantzat hartuko da.
Ekonomikoki mendekoa den autonomoaren eta haren bezeroaren arteko harremana azkendu ahal izango da honako egoera hauetakoren bat gertatzen bada:
1. Aldeek hala adosten badute.
2. Kontratuan baliozkotasunez jasotako arrazoiak, salbu eta arrazoi horiek eskubideaz abusatzea direnean, nabarmen.
3. Lanbide-jarduerarekin bateraezinak diren baliaezintasuna edo erretiroa eta heriotza, Gizarte Segurantzaren dagokion legeriaren arabera.
4. Ekonomikoki mendekoa den langile autonomoak atzera egitea. Ezarritako aurreabisua egin beharko du, edo usadio eta ohituren arabera.
5. Bezeroak hala nahi izatea, arrazoi justifikatuagatik, eta ezarritako aurreabisua egin beharko du, edo usadio eta ohituren arabera.
6. Ekonomikoki mendekoa den langile autonomoaren borondatea, kontrako aldeak kontratuaren ez-betetze larria egin duelako.
7. Ekonomikoki mendekoa den langile autonomoak hala erabakita, genero-indarkeriaren biktima izateagatik kontratu-harremana azkentzera behartuta dagoelako.
Ekonomikoki mendekoak diren langile autonomoen kontratuen erregistroak (TAED erregistroa) aukera ematen du ekonomikoki mendekoak diren langile autonomoen jarduera ekonomikoa edo profesionala egiteko kontratuak telematikoki erregistratzeko. SPEEren erregistro elektronikoaren bitartez egiten da prozedura: http://www.sepe.es/registro/indexTAED.html

Jarduera profesionalaren lanaldia
Ekonomikoki mendekoa den langile autonomoak urtean 18 egun izango ditu, gutxienez, jarduera eteteko.
Halaber, kontratu edo akordio profesionalean asteko atsedenaldiak eta jaiegunak ere adostuko dira.
Kontratu bidez adostutakoa baino denbora gehiagoz lan egitea borondatezkoa izango da, eta ezin izango du gainditu interes profesionaleko akordio bidez ezarritako gehieneko igoera. Interes profesionaleko akordiorik ez badago, igoera ez da izango banaka adostutako ohiko jarduera-denboraren % 30 baino handiagoa. Bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri izaten laguntzeko, laneko ordutegia egoera bakoitzari egokitu beharko zaio. Ekonomikoki mendekoa den emakumezko langile autonomoak, genero-indarkeriaren biktima bada, jarduera-ordutegia egokitzeko eskubidea izango du, bere burua babestu edo gizarte-laguntza osorako eskubidea baliatu ahal izateko.

Jarduera profesionalaren etenaldi justifikatuak
Jarduera uztea justifikatutzat joko da honako kasu hauetakoren bat gertatzen bada:
1. Aldeek hala adosten badute.
2. Premiazko, ustekabeko eta bat-bateko familia-erantzukizunei aurre egin behar izateagatik.
3. Langile autonomoaren bizitzarako edo osasunerako arrisku larria eta hur-hurrekoa.
4. Aldi baterako ezintasuna, amatasuna edo aitatasuna.
5. Genero-indarkeriaren egoera, ekonomikoki mendekoa den emakumezko langile autonomoak bere burua babestu edo gizarte-laguntza osorako eskubidea baliatu ahal izateko.
6. Ezinbesteko kasuetan.
7. Kontratu edo akordio profesionalean, lan-jarduera modu justifikatuan eteteko beste arrazoi batzuk zehaztu ahal izango dira.
Jurisdikzio-eskumena
Legean eta Errege Dekretuan ekonomikoki mendekoak diren langile autonomoen babesa aipatzen da, kalte-ordainei, lanaldiari eta lan-denborari, kontratuaren iraupenari, justifikatutako etenaldiei eta abarri dagokienez, baina ez dira ezarri ekonomikoki mendekoak diren langile autonomoen eskubideak erabat babesteko gutxieneko edukirik.
Legean, ekonomikoki mendekoa den langile autonomoaren figuraren definizio zehatza egiten da, eta argi uzten du, nolanahi ere, langile autonomoa dela eta, beraz, ez zaizkiola aplikatu behar besteren konturako lanaren lan-arloko legeak. Horren ondorioz, ekonomikoki mendekoak diren langile autonomoentzat guztiz abusuzkoa den kontratazioa sortzen da.
Lan-arloko jurisdikzio-organoek izango dute eskumena ekonomikoki mendekoa den langile autonomo baten eta haren bezeroaren artean egindako kontratutik eratorritako uziak erabakitzeko. Gainera, interes profesionaleko akordioak aplikatzearen eta interpretatzearen ondoriozko gaiak erabakitzeko eskumena ere izango dute. Ekonomikoki mendekoa den langile autonomoaren eta bezeroaren arteko harremanaren ondoriozko balizko egintza judizialen aurretik adiskidetze-saiakera bat egin beharko da, eta dagokion organoan baztertu.e.