Forma Juridikoak
8. AUTONOMO IZATEKO LEHEN URRATSAK
8.1. Zerga-arloko izapideak
ZENTSU-AITORPENA
Zer da?
Zentsu Aitorpena jardueraren hasiera, aldaketa edo amaieraren adierazpena da. Espainiako lurraldean enpresa- edo lanbide-jarduera bat hasiko duten pertsona fisiko eta juridiko guztiek aurkeztu behar dute.
Dokumentuak
- 036 eredu ofiziala
- Alta EJZn
Epea: Jarduerari ekin baino lehen
Tokia: negozioaren zerga-egoitzari dagokion Zerga Administrazioan (ZAEA). Bizkaian, zehazki, Foru Ogasunean.

EKONOMIA JARDUEREN GAINEKO ZERGA
Zer da?
Tokiko zerga bat da, zuzenekoa, eta enpresa-, lanbide- edo arte-jarduera bat egiten duten pertsona fisiko edo juridiko guztiek ordaindu behar dute. Derrigorrezkoa da sozietate, enpresaburu edo profesional guztientzat. Zenbat jarduera egin behar diren, hainbat alta aurkeztu behar dira. Ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emateak enpresa-jardueraren sorrera adierazten du.
2003ko urtarrilaren 1etik aurrera, zerga hori ordaintzetik salbuetsita daude negozio-zifraren zenbateko garbia 1.000.000 €-tik beherakoa duten pertsona fisikoak, sozietate zibilak eta merkataritza-sozietateak.
Dokumentuak
- Eskaera-orria: izapidetze-unitatean bertan bete behar da. Udal bakoitzak
EJZn alta hartzeko dagokion inprimakia dauka. Ordaintzetik salbuetsita egonez
gero, zentsu-aitorpenaren 036 ereduaren bitartez egin behar da. Bestela, eredu
ofiziala 840 da, behar bezala beteta.
- Epigrafeak: epigrafe bat edo batzuk aukeratu behar dira. Autonomo izango den horrek egingo d(it)uen jarduera(k) adierazten d(it)u epigrafeak. Lehenik eta behin, haren jarduera profesionala edo enpresakoa izango den zehaztu behar da. Horregatik, garrantzitsua da jakitea zein epigrafe egokitzen zaion hobekien garatu nahi den jarduerari.
Epea: Jarduerari ekin baino lehen (gehienez ere hamar egun lehenago).
Tokia: zergaren alta-eskaera, likidazioa eta diru-bilketa Foru Ogasunean egiten da.
