3. IRAUPEN MUGATUKO KONTRATUAK

3.3. Bitarteko kontratua

3.3.1. FORMALIZAZIOA, IRAUPENA ETA LANALDIA

Arau, hitzarmen kolektibo edo banakako akordio baten arabera, lanpostua gordetzeko eskubidea duten langileak ordeztea du helburu, edo lanpostu bat aldi baterako betetzea, behin betiko betetzeko hautaketa- edo sustapen-prozesuan.

  • Lanaldia

Lanaldi osorako egin beharko da, bi kasutan izan ezik:

k.   Ordeztutako langileak lanaldi partzialeko kontratua duenean edo behin betiko beteko den lanaldi partzialeko lanpostu bat aldi baterako betetzeko denean.

l.    Kontratua Langileen Estatutuaren 37. artikuluko 4. eta 5. apartatuetan aitortutako eskubidea baliatzen ari diren langileen lanaldi murriztua osatzeko egiten denean edo, legez edo hitzarmen bidez ezarritakoaren arabera, ordeztutako langilearen lanaldia aldi baterako murriztea erabaki den gainerako kasuetan, bai eta langileek amatasunaren, adopzioaren edo harreraren –adopzio aurrekoa edo iraunkorra– baimena lanaldi partzialean baliatzen duten kasuetan ere.


  • Iraupena

Bitarteko kontratuaren iraupena lanpostua gordetzeko eskubidearekin ordeztutako langilearen absentziak irauten duen adinakoa izango da.

Lanpostu bat behin betiko betetzeko hautaketa- edo sustapen-prozesuan zehar lanpostu hori aldi baterako betetzeko egiten bada kontratua, lanpostua behin betiko betetzeko hautaketa- edo sustapen-prozesuak irauten duen denbora iraungo du kontratuak; dena den, gehienez hiru hilabetekoa izango da, eta ezin izango da beste kontratu bat egin helburu berarekin gehieneko iraupen hori gaindituta.


  • Formalizazioa eta komunikazioa

Kontratua eta, hala badagokio, luzapenak Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinaraziko zaizkio hitzartu eta segidako hamar egunen barruan.

Kontratua idatziz formalizatu beharko da beti, eta kontratazioaren izaera zehatz-mehatz eta argi eta garbi zehazteaz gain, honako datu hauek behar bezala identifikatu beharko dira: ordeztutako langilea nor den eta zergatik ordezten den eta, hala badagokio, kanpoko hautaketa-prozesuaren edo barne-sustapeneko prozesuaren ondoren zer lanpostu beteko den behin betiko; eta prozesuaren iraupena, kontratuaren iraupena eta egin beharreko lana baldintzatzen duten inguruabarrak ere behar adina zehaztu behar dira.



3.3.2. IRAUNGITZEA

Bitarteko kontratua iraungi egingo da, aldeetako edozeinek aldez aurretik salatuz gero, honako arrazoi hauetakoren bat gertatzen denean:

  • Ordeztutako langilea lanera itzultzen denean.
  • Lanera itzultzeko legez edo hitzarmen bidez ezarritako epea amaitzen denean.
  • Lanpostua gordetzea eragin zuen arrazoia iraungitzen denean.
  • Lanpostuak behin betiko betetzeko hautaketa- edo sustapen-prozesuetan hiru hilabeteko epea igarotzea, edo administrazio publikoetako hautaketa-prozesuetan aplikatzekoa den epea igarotzea.

Legez edo hitzarmen bidez gehieneko iraupena ezarrita duten bitarteko kontratuen kasuan, epe hori baino denbora laburragorako hitzartu badira, isilbidez luzatutzat joko dira, dagokien gehieneko iraupenera arte, iraungi aurretik berariazko salaketarik edo luzapenik egin ez bada eta langileak lanean jarraitzen badu.



3.3.3. BESTE EZAUGARRI BATZUK

Mugagabe bihurtuko da, prestazioa aldi baterakoa dela egiaztatzen duen kontrako frogarik ezean:

  • Idatzizko formarik ez izatea. Lanaldi partzialeko kontratuaren kasuan, idatzizko formarik ez badu, kontratua lanaldi osorako egindakotzat hartuko da, zerbitzuak aldi-baterakoak direla egiaztatzen duen kontrako frogarik ezean.
  • Gizarte Segurantzan alta ez ematea, probaldiaren iraupena gainditzen duen aldia igaro bada.
  • Amaiera-eguna iritsi, eta aldeetako edozeinek ez badu salaketarik egin eta lanean jarraitzen bada.
  • Lege-iruzurrez egindako kontratuak ere mugagabetzat joko dira.



3.3.4. ARAUDIA

  • Langileen Estatutuaren 15. artikulua, abenduaren 26ko 63/97 Legean duen idazkeraren arabera (abenduaren 30eko BOE); uztailaren 9ko 12/2001 Legearen 1. artikuluko 10. apartatuaren bitartez zabaldu zen (uztailaren 10eko BOE).
  • 2720/98 Errege Dekretua, abenduaren 18koa (1999ko urtarrilaren 8ko BOE), azaroaren 16ko 1251/2001 Errege Dekretuaren Azken Xedapenetako Lehenaren 2. apartatuaren bitartez aldatu zena (azaroaren 17ko BOE).
  • 3/2012 Errege Lege Dekretua, otsailaren 10ekoa (otsailaren 11ko BOE).



3.3.5. SENITARTEKOAK ZAINTZEKO ESZEDENTZIALDIAN DAGOEN LANGILEA ORDEZTEKO BITARTEKO KONTRATUA, GIZARTE SEGURANTZAKO KUOTAK MURRIZTUTA

  • Berezitasunak
Bitarteko kontratuak” atalean azaldutako arau orokorrei jarraitu behar zaie, honako berezitasun hauekin:
  • Senitartekoak zaintzeko eszedentzia-egoeran dagoen langilea ordezteko egiten diren bitarteko kontratuen kasuan, kontingentzia arruntengatik enpresak Gizarte Segurantzari egiten dizkion kotizazioak murrizteko eskubidea izango da, jarraian zehaztuko diren zenbatekoen arabera, baldin eta kontratu horiek langabeziagatiko prestazioen onuradunekin egiten badira, prestazio horiek kontribuzio- edo asistentzia-mailakoak izanik eta urtebete baino gehiago daramatenean hartzaile gisa:
    • % 95 ordeztu den langilearen eszedentziako lehen urtean.
    • % 60 ordeztu den langilearen eszedentziako bigarren urtean.
    • % 50 ordeztu den langilearen eszedentziako hirugarren urtean.

  • Onura horiek ezin izango dira aplikatu kontratua enpresaburuaren, zuzendaritzako kargudunen edo sozietateetako administrazio-organoetako kideen ezkontideari, aurrekoei, ondorengoei eta bigarren mailara arteko (hori barne) odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko gainerako ahaideei egiten bazaie.



Araudia

Martxoaren 24ko 1/95 Legegintzako Errege Dekretuaren 14. xedapen gehigarria (martxoaren 25eko BOE); azaroaren 5eko 39/99 Legearen 17. artikuluaren bitartez goiburua aldatu zitzaion (azaroaren 6ko BOE)



3.3.6. PRESTAKUNTZAN DAUDEN LANGILEAK LANGABEZIAGATIKO PRESTAZIOEN ONURADUN DIREN LANGILEEKIN ORDEZTEKO BITARTEKO KONTRATUA

Berezitasunak

“Bitarteko kontratuak” atalean azaldutako arau orokorrei jarraitu behar zaie, honako berezitasun hauekin:

  • Enpresa guztiek dute programa honetan parte hartzeko aukera, langile kopurua edozein izanik ere, baldin eta, langileak prestakuntza-ekintzetan parte hartzen ari diren bitartean, langile horiek ordezteko langabezia-prestazioen onuradun diren langabeak hartzen badituzte, betiere prestakuntza-ekintza horiek administrazio publikoren batek finantzatzen baditu.
  • Programa hori nahitaez aplikatu beharrekoa izango da langabezia-prestazioen onuradun diren langabeen kasuan.


Pizgarriak

Kontratatutako langile langabeak eskubidez dagokion kontribuzio-prestazioa edo langabezia-subsidioa jasoko du, dagokion zenbatekoaren % 50ean kontratuaren indarraldian, prestazioa edo subsidioa jasotzeko falta den aldiaren epe bikoitzean, gehienez ere.
Bateragarri egiten den prestazioa edo subsidioa jasotzen den aldian, langabeziagatiko prestazioaren edo subsidioaren zenbatekoaren eta dagokion soldataren arteko aldea ordaindu beharko dio enpresaburuak langileari. Era berean, Gizarte Segurantzari kontingentzia guztiengatik eta adierazitako soldataren guztizkoagatik egindako kotizazio guztien erantzule ere izango da, prestazioaren edo subsidioaren zenbatekoa barne.
Enpresek prestakuntza kudeatzeaz arduratzen den erakundeak edo administrazio publikoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute enplegu-bulegoan. Ziurtagiri horren bitartez, langileek programatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartu dutela egiaztatuko da, bai eta ekintza horiek zenbat denbora iraun duten ere.


Araudia

Abenduaren 12ko 45/2002 Legearen 6. xedapen iragankorra (abenduaren 13ko BOE).



3.3.7. BITARTEKO KONTRATUA, AMATASUNAGATIK, ADOPZIOAGATIK, HARRERAGATIK, HAURDUNALDIKO ARRISKUAGATIK, EDOSKITZARO NATURALEKO ARRISKUAGATIK ATSEDENALDIAN DAUDEN LANGILEAK EDO AMATASUNAGATIKO ETENDURAN DAUDENAK ORDEZTEKO

Pizgarriak

“Bitarteko kontratuak” atalean azaldutako arau orokorrei jarraitu behar zaie, honako berezitasun hauekin:

Langabeekin bitarteko kontratuak egiten badira lan-kontratua etenda duten langileak ordezteko, eta etenaldi horren arrazoia amatasunagatik, adopzioagatik, harreragatik, haurdunaldiko arriskuagatik, edoskitzaro naturaleko arriskuagatik atsedenaldian egotea bada edo aitatasuna, adopzioa, adopzio aurreko harrera edo harrera iraunkorragatiko etendura bada, betiere Langileen Estatutuaren 48.4 eta 48 bis artikuluetan ezarritakoaren arabera, % 100eko hobaria izateko eskubidea izango dute Gizarte Segurantzaren enpresa-kuotetan, lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen kuotetan, eta baterako bilketa-kuoten enpresa-ekarpenetan. Onura horiek bazkide langileei, kooperatiba-sozietateetako lan-bazkideei eta langile autonomoei ere aplikatuko zaizkie, afiliazio-araubidea edozein dela ere.

Langileak ez badu agortzen eskubidez dagokion atsedenaldia, enpresara itzultzen den unean iraungiko dira onurak.

Amatasunagatik, adopzioagatik, harreragatik eta haurdunaldiko arriskuagatik atsedenaldian daudelako kontratu hobaridunen bitartez ordeztutako langile, bazkide langile edo kooperatiba-sozietateetako lan-bazkideen kotizazioan % 100eko hobaria aplikatuko zaie Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko enpresa-kuotetan, lan-istripuei eta lanbide-gaixotasunei dagozkien kuotetan, eta baterako bilketa-kuoten enpresa-ekarpenetan.

Hobari hori aplikatuko da, soilik, arrazoi horiengatik jarduera etetea eta ordeztuaren bitarteko kontratua aldi berean gertatzen diren bitartean (uztailaren 9ko 12/2001 Legearen 2. xedapen gehigarria), martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren bitartez aldatu zena (martxoaren 23ko BOE).


Salbuespenak


Onura horiek ez dira aplikatuko kasu hauetan:

  • Kontratua enpresaburuaren edo sozietateetako administrazio-organoetako kideen ezkontideari, aurrekoei, ondorengoei eta bigarren mailara arteko (hori barne) odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko gainerako ahaideei egiten bazaie.
  • Administrazio publikoek eta haien erakunde autonomoek egindako kontratuak badira.


Araudia
  • Langileen Estatutuaren 15. artikulua.
  • 2720/98 Errege Dekretua, abenduaren 18koa (1999ko urtarrilaren 8ko BOE).
  • 11/98 Errege Lege Dekretua, irailaren 4koa (irailaren 5eko BOE).
  • 39/99 Legea, azaroaren 5ekoa (azaroaren 6ko BOE).
  • Azaroaren 16ko 1251/2001 Errege Dekretuaren azken xedapenetako 1.a (azaroaren 17ko BOE).
  • 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa (martxoaren 23ko BOE).