Antolaketa eta Giza Baliabideak
1. 1. Erakunde-egitura

Enpresa baten erakunde-egitura honela defini daiteke: enpresa bateko lana zatitzeko modua, eta zereginak bertako sailen eta organoen artean banatzekoa.
Zehaztu egin behar da nork izango duen gure enpresako arlo bakoitzaren ardura: marketina, ekoizpena, finantzak... Horretarako, arlo bakoitzerako behar diren gaitasunak nork dituen ikusi behar da. Kanpoko aditu bat bilatu daiteke kasuan kasuko arloan aholkuak emateko, edo bazkide berri bat, edo arlo horretan trebea den norbait.
Zereginen banaketa hori egiteko, oso erabilgarria da organigrama bat marraztea. Bertan, enpresan dauden erantzukizunak islatzen dira, eta arduradun bat jarri funtzio bakoitzerako, edo hainbat arduradun, ardurak pertsona zehatz baten gain uztea saihestu nahi bada. Organigraman, enpresan bete beharreko funtzioak eta horiez arduratuko diren pertsonak adierazten dira. Beraz, organigrama bat eginda, zereginak hobeto banatzen dira. Malgua izan behar du, inguruneko aldaketetara egokitzeko, eta aldi berean eraginkorra, enpresa antolatzeko moduak erabat eragingo baitio egin beharreko lanen efizientziari.

Lana banatzean, funtsezko bi alderdi hartu behar dira kontuan: lana banatzeko modua eta arloen arteko koordinazioa.
Hona hemen organigrama zirkular baten adibidea. Honelako diseinu grafikoetan, hierarkia handieneko unitatea zenbait zirkulu zentrokideren erdian jartzen da. Zirkulu bakoitzari aginte-maila jakin bat dagokio, gero eta txikiagoa erdigunetik muturretara, eta azken zirkulua, hau da, kanpokoa, aginte-maila txikienekoa da. Hierarkia bereko unitateak zirkulu berean egoten dira, eta erlazio hierarkikoak irudiak lotzen dituzten lerroen bidez adierazten dira.
Lana zatituta eta banatuta dagoenean, enpresaren politika operatiboak ezarri behar dira, bereziki arlo hauek azpimarratuta:
- Komunikazio-sistema
- Gatazkak konpontzeko prozesuak
- Enpresaren izaera morala (baloreak), etika
- Espero diren portaerak (jarrerak, betetzea, etab.)
Ondoren, lanpostu bakoitzaren profila deskribatu behar da. Urratsak:
- Lanpostuaren profilaren definizioa
- Ezaugarri fisikoak
- Gaitasun mentalak
- Prestakuntza akademikoa
- Trebetasun teknikoak
- Lan-esperientzia
Zenbat eta zehatzagoa izan profila, orduan eta modu seguruagoan beteko da lanpostua, baina zailagoa izango da pertsona egokia aurkitzea.
Kontuan izan behar da, halaber, pertsona batek profil egokia izateak ez duela bermatzen lanpostu edo enpresa jakin baterako egokia denik. Zentzu horretan, pertsonaren jarrera ere kontuan hartu behar da, batzuetan ezagutzak edo esperientzia bezain garrantzitsua baita.